Berriak
Eu

Gazteei zuzendutako ikus-entzunezko lehiaketarekin ireki da indarkeria prebenitzeko 2015ko Beldur Barik programa

2015.eko irailak 11

Gaur Beldur Barik programaren edizio berri bati hasiera eman zaio. Programa hau urtero egiten da gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin. 2009an sortu zen berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen barruan. Emakundek antolatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDEL-en babesa eta beste erakunde batzuen laguntza jasotzen du: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saila, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EITB.

Beldur Barik programaren aurkezpena Amurrion egin da gaur goizean. Programaren aurteko xehetasun eta ekimen guztiak azaltzeko udalerriaren gune desberdinetan ekintza bat burutu da, non udalerri eta Aiarako kuadrilako gazteek parte hartu duten. Gune hauek, aldez aurretik eta Beldur Barik ekimena erabiliz aurreikusitako gune ilunak dira. Ekintza hau guztion artean burutu da, baina gune ezberdinetan. Aurkezpena, udalerri eta Aiaraldeko gazteek eta programaren diseinuan parte-hartzen duten berdintasun teknikariekin batera egin dute.

Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusienetako bat da. 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute nola neska eta mutilek ezberdintasun egoerei aurre egiten dieten Beldur Barik jarrerarekin. Alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Lanak aurkezteko epea irailaren 11n irekitzen da eta azaroaren 11n itxiko da. Parte-hartzeko bi kategoria daude: batetik, 12-17 urte bitartekoak, eta, bestetik, 18-26 bitartekoak. Lehiaketan parte hartu daiteke bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat). Iazko edizioan 224 lan eta 1.357 gazte aurkeztu ziren. Datuek erakusten dute,beraz, urtean-urtean lehiaketaren harrera ona handitzen doala.

Programak, gainera, Beldur Barik jarrera garatzeko gazteekin batera, www.beldurbarik.org web-a eta hainbat sare sozialetan (facebook, twitter, instagram eta spotify) perfil propioa ditu. Sortutako eduki eta interaktuazioarekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira. Helburua da jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferentea sortzea, non kultura matxistarekin hausten duten pertsona eta ekimenak ezagutzera ematen diren.

Beldur Barik Jarrera

Beldur Barik ez da bakarrik ikus-entzunezko lehiaketa bat, aurkeztutako lanek Beldur Barik jarrera azaldu behar baitute. Hau da, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa isladatu behar dute. Beraz, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken jabekuntzatik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, etamutilen matxismoaren aurkako konpromisoa erakusten dutenak.

Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezkoformatuan aurkezten bada. Kategoria bakoitzeko 500 euroko lehen sari eta 300 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herriaren saria emango da. Baita, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratzeko saria emango da, 300 euroko saria jasoko duena.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: proiektua bultzatzen duten instituzioetako ordezkariak; sorkuntza, kultura eta hezkuntza arloekin lotutako emakume feministak; eta aurreko urteetako lehiaketako partaideak. Epaimahaiak kategoria bakoitzeko sariak eta ikus-entzunezko ekoizpen onenaren saria aukeratuko ditu, eta herriaren saria, berriz, Beldur Bariken You tube kanalean egindako herri bozketak erabakiko du. Proposamenak izena emateko galdetegian itsatsiko dira.

Amurrio, Beldur Barik Herria

Aurten, saritutako lanak azaroaren 28an ezagutuko dira, Beldur Barik Topaketan. Urtero antolatzen den topaketa da, zeinetan jai giroan eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta bestelako ekintzak antolatzen diren. Topaketa, aurten, Amurrion ospatuko da.

Informazio gehiago: www.beldurbarik.org

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko