Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Iñigo Urkullu Lehendakariak HABEren ikasturte berriari hasiera eman dio

2015.eko irailak 11
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Lehendakariak azpimarratu du euskara ikasteak abantailak dakarzkiola bai norberari, bai gizarteari

Iñigo Urkullu Lehendakariak hasiera eman dio gaur goizez Bilbon Helduen Euskalduntzearen 2015/2016 ikasturteari, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua eta Joseba Erkizia HABEren zuzendari nagusia lagun zituela, Euskadiko Artxibo Historikoan burutu den irekiera-ekitaldian.

Lehendakariak, bere hitzaldian, gogora ekarri ditu euskaraz alfabetatzeko egin ziren lehen urratsak, eta lan haren balioa azpimarratu du. “Aurten 50 urte betetzen dira euskaraz alfabetatzeko lehenengo kanpaina abian jarri zenetik. Gaur, lehenengo alfabetatze-eskola haiek ekarri nahi ditut gogora: Rikardo Arregi zenaren ekimenez eta Euskaltzaindiaren babespean antolatu ziren. Gazte euskaltzale haiek ikusmen handia izan zuten. Garbi ikusten zuten euskarak kultura hizkuntza ere behar zuela izan; ezin zuela etxera edo lagunartera mugaturik iraun”, nabarmendu du Lehendakariak.

Euskaltegiek egiten duten ekarpena ere mintzagai izan du Iñigo Urkulluk. “Gizarte elebiduna osatzea dugu helburu, eta gizarte elebidunak herritar elebidunak behar ditu. Horretan ari gara etengabe, eta hirurehun milatik gora hiztun berri irabazi ditu euskarak. Berriro diot, hirurehun milatik gora. Horietatik heren bat helduen euskalduntzeak eman ditu, euskaltegietatik irten dira. Izugarrizko urratsa egin dugu. Baina oraindik asko dugu egiteko”.

Lehendakariak hizkuntza bat baino gehiago ikasteak dakartzan abantailez hitz egin du: “Hizkuntza bat ikasteak abantaila asko ematen dizkio norberari. Abantaila asko dakarzkio gizarteari ere, berdintasunerako bere alea jartzen du heldutan euskara ikasten duen herritar bakoitzak, gizarte-kohesiorako zurkaitz berri bat. Beraz, euskara ikasteko pausoa ematera gonbidatu nahi ditut herritar elebakarrak. Jakizue, heldu euskaldun berri bakoitza ekarpen garrantzitsua dela gure gizartearentzat. Zenbat eta elebitasun zabalagoa, orduan eta elkarbizitza hobea, orduan eta berdintasun sendoagoa”.

“Euskara ikastea ez da inoren kalte, norberaren eta beste guztion mesede baizik. Euskara heldutan ikasteko pausoa ematen duenak ekarpen eskerga egiten dio bizikidetzari”, bukatu du Lehendakariak.

Euskaltegietako ordezkariek ere parte hartu dute Euskadiko Artxibo Historikoan burutu den ekitaldia. Euskaltegi publikoen izenean, Mari Paz Martinek hitz egin du: “Euskarak, gure hizkuntzak, hain berezia den hizkuntza horrek, beste hizkuntzak bezain erraza edo zaila den horrek, hain hitz, esamolde eta soinu bereziak dituen horrek, batu egiten gaitu, eta, helburu hori lortzeko ahaleginetan jarraituko dugu, eta gure baliabideak eta gogoa horretara jarriko, aurten ere, EAEko udal euskaltegi guztiok, herritar guztion zerbitzuan”, azaldu du.

Euskaltegi pribatuen izenean berriz, Josu Muniozguren aritu da. “Euskara ikastea zaila omen dela entzuna dugu. Hainbat eta hainbat ikasle-ohik esan dezakete ezetz. Badakizue gura edo nahi” izatea “ahal izatea dela. Zuk, ikaslegai horrek, ekarri nahia edo gura eta guk euskahaldun bihurtuko zaitugu”, adierazi du Muniozgurenek.

Ikasturteko irekiera-hitzaldia, azkenik, BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language) ikerketa-erakundeko zuzendari zientifikoak eman du aurten, Manuel Carreiras jaunak, honako izenburupean: “Bi hizkuntza garun batean – Mekanismo kognitiboak eta garun-plastikotasuna elebidunetan”.  Elebidun izateak prozesu kognitiboetan dituen ondorioak azaldu ditu zientzialariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)