Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Josu Erkoreka: "Mila errefuxiatu hartzeko prebisioa daukagu, baina kopuru zehatza hurrengo astean jakingo dugu"

2015.eko irailak 11

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak gaur ziurtatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak mila errefuxiatu inguru jasoko ditu. Kopuru zehatzagoak datorren astelehenean ezagutuko dira, Bruselan EBko immigrazio ministroek burutuko duten bileran. “Prest gaude kopuru horretatik gora hartzeko, etorrera hori ondo justifikatzen bada”, adierazi du.

Hala iragarri du gaur goizean, Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean. Sailburuaren hitzetan, urrian etorriko lirateke lehenengo errefuxiatuak, eta gerora txandatan, hiru hilabetero. Adierazi duenez, harrerarako antolakuntza planak jada martxan daude.

Halaber, Kataluniako hauteskundeen inguruan galdetuta, Eusko Jaurlaritzak “errespetu handiz” ikusten dituela adierazi du, nahiz eta distantzia markatu nahi izan duen, “gure errealitateak diferenteak” direlako. Gainera, errespetua eskatu du Katalunian garatzen ari den mugimenduarekiko. “Espainiako Gobernuak errespetatu behar du prozesu hori. Kritika egitea zilegi da, baina ez kritikaren itzalpean mugimenduak, pertsonak eta alderdiak deslegitimatzea”, berretsi du.

Kontsulta legea eta autogobernu ponentzia

EH Bilduk iragarri duen Kontsulta Legearen inguruan, bozeramaileak adierazi du “ez dela normala” Legebiltzarreko autogobernu ponentzian parte hartzen duen alderdi batek bere kabuz horrelako proposamen bat egitea. “Urrats horrek [2008an Ibarretxeren gobernuak onartutako kontsulta legea] ibilbide bat izan zuen, Konstituzio Epaitegian sententzia gogorra jaso zuen. Iraganean emandako urratsak errepikatzea da”, esan du. Bestalde, Jaurlaritzaren “planteamendu eraikitzailea” azpimarratu nahi izan du, eta debatea une honetan autogobernu ponentzian kokatu nahi izan du.

Estatus politiko berria legealdi honetan lortzea ezinezkoa den galdetu diotenean, sailburuak adierazi du ez duela erraz ikusten, “baina ez da ezinezkoa”. Erkorekaren hitzetan, “borondate politikoa dagoenean, prozedurak arindu egiten dira, eta lorpenak eskuratzen dira”.

Azken aldian Espainian kontzertu ekonomikoaren aurka egin diren adierazpenekin kezkatuta agertu da bozeramalea. Euskadin kontzertuaren defentsarako adierazpen publiko bateratua egin beharko litzatekeela adierazi du. “Gure eskubide historikoa da. Francok Nafarroa eta Arabari kendu ez zizkiena, ez litzateke onargarria demokrazian kentzea”. Honen inguruan, Nafarroako Gobernuarekin “gure eskubideen defentsan” elkarlanerako esparru handia dagoela esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)