Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eskoziak eta Euskadik osasun eta arreta soziosanitarioko politiketan elkar ulertzeko ela lankidetzan aritzeko memoranduma sinatu dute

2015.eko irailak 09

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña eta Osasuneko sailburu Jon Darpón buru izan diren Eusko Jaurlaritzaren ordezkari taldea Edinburgora joan da gero eta zaharragoak diren biztanleei osasun- eta gizarte-laguntza emateko eredu berriak bilatzeko bi gobernuok duten interesa biltzen duen hitzarmena sinatzeko.

 

Euskadiko eta Eskoziako Gobernuen arteko elkar ulertzeko memoranduma sinatu dute gaur goizean, Edinburgon egoitza duen Eskoziako Parlamentuan, osasunaren eta arreta soziosanitarioaren arloko lankidetza, elkarlan eta ezagutza-trukean aurrera egiteko.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak eta Osasuneko sailburu Jon Darpónek, batetik, eta Eskoziako Osasun, Ongizate eta Kiroleko ministro Shona Robinsonek, bestetik, politika soziosanitarioetako esperientzien trukean bi gobernuok izan duten elkarlan estua sendotu dute sinadura horren bidez.

Bi herrialdeok bizi duten errealitate sanitario eta soziala antzekoa da; hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Eskoziako Gobernuak irtenbide globalak bilatzeko interesa dute gero eta zaharragoak diren eta gero eta arreta-eskari handiagoa egiten duten biztanleen beharrei aurre egiteko. Bi gobernuok bilatzen duten kudeaketa-ereduak sistemaren eraginkortasuna ahalbidetu behar du, era horretan osasun- eta gizarte-zainketen jarraitutasuna bermatu ahal izateko. Helburua lortzearren, ikerketa eta berrikuntza dira osasuneko emaitzak hobetzeko eta gizarte-zerbitzuak, sistemen jasangarritasuna bermatzeko eta ingurune geografikoaren garapen sozioekonomikoari laguntzeko gakoak.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñaren arabera, lankidetza arlo soziosanitarioan aspalditik egin dugun lan gogorrari buruzko ezagutzak trukatzeko aukera izango da. «Halako nazioarteko lankidetza-aukerek erabilitako metodoak eta teknologiak alderatzea eta sinergia sortzea ahalbidetzen dute».

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónen aburuz, «konpromiso horrek erakusten du gure osasun-sistema eraldatu dela gero eta adin handiagoko eta gaixotasun kroniko gehiagoko utsuaren eredua bilatzea eta osasunaren eta gizarte-arretaren ikuspegitik arreta globala ematea dira legegintzaldi honetan zehar landu ditugun ardatzak, eta memorandum hau sinatzea, zalantzarik gabe, aurrerapauso garrantzitsua da».

Ildo horretatik, Toña sailburuak nabarmendu du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Zahartze Aktiborako Euskadiko Estrategia aurkeztuko duela datorren astean. Hainbat eragilek hartu dute parte estrategiaren sorreran, eta 55 urtetik gorako pertsonek Euskadin dituzten bizi-baldintzei buruzko azterlana hartu dute oinarri.

Gaur goizean Edinburgon sinatutako Elkar Ulertzeko Memorandumaren printzipioek, batetik, konplexutasun- eta zahartze-arazoak modu jasangarrian konpondu ahal dituen gizarte- eta osasun-laguntzaren prestazio-eredu berri bat dute oinarri, baina baita, horrez gain, Euskadin eta Eskozian bizi diren pertsona guztiek sistema horretara jotzeko aukera unibertsal eta bidezkoa bermatu beharra ere. Halaber, erakunde publikoen eta pribatuen arteko elkarlana, erakunde publiko eta eskualdeetako ezberdinen artekoa, bai eta herritarrekikoa ere, hobetzea funtsezkotzat jotzen da.

Memoranduma sinatuta, Euskadik eta Eskoziak elkarrekin lan egingo dute bion interesekoak diren arlo hauetan:

-       IKTetan (Informazio eta Komunikazioaren teknologiak) oinarrituta, osasuneko eta gizarte-laguntzako zerbitzuen prestazioa eta berrikuntza pertsonen mesedetan.

-       Irtenbide sanitario digitalak edo konektatuak garatzea pazienteen eta, oro har, herritarren osasuna, arreta eta ongizatea hobetzeko.

-       Osasun digitalean eta goraka ari diren bestelako sektoreetan oinarritutako estrategia adimendunak garatzea.

-       Ikerketa eta berrikuntza, bai zahartze aktiboarekin eta bizimodu osasungarriarekin lotutako arloetan, bai big data eta medikuntza estratifikatuaren arloetan.

Gainera, jarduera honako arlo hauetan oinarritzea xedatu dute:

-       Pertsonentzako zerbitzuak bultzatzea bizimodu osasungarria, gaixotasunen prebentzioa, zahartze aktibo eta osasuntsua eta gaixotasun kronikoen tratamendua laguntzen dituzten irtenbide teknologikoak oinarri hartuta.

-       Osasun eta gizarte-laguntzako ereduak eta lan-metodoak eraldatzea, ikerketa eta berrikuntza zein hainbat tresna (pazienteen eta populazio-arriskuen estratifikazioa kasu) oinarri hartuta.

-       Pertsona ahalduntzea bere gaixotasunaren autogestioan parte har dezan, hartarako osasuneko eta gizarte-esparruko profesionalekin bertaratu gabeko harreman-eredu berriak oinarri hartuta. Horrez gain, pertsona bakoitza bere burua zaintzearen erantzule izan dadin bultzatuko da, hala badagokio, bere zaintzaileek, dauden komunitate-sareek edota egoera berean dauden beste pertsona batzuek lagunduta.

-       Espezializazio adimentsua esploratzea, gizarte-laguntza eta osasun digitaleko berrikuntzarako lankidetza-arloak hauekin batera zehaztuta: mundu zientifiko eta akademikoaren ordezkari nagusiekin, zerbitzuak ematen dituzten erakundeekin, industriarekin, herritarrekin eta zaintzaileekin, era horretan benetako arazoei benetako irtenbideak ematen dizkieten jarduera berritzaileak garatu ahal izateko. Horri guztiari esker inbertsioa ongi bideratuta egongo da, eta merkatu sanitario eta soziosanitarioaren beharrak kontuan hartzen dituzten irtenbide efikaz eta eraginkorrak hartuko ditu oinarri.

-       Gizarte- eta osasun-sistemaren arreta hobetzen duten ikerketa- eta berrikuntza-arloak esploratzea.

Hemendik aurrera, halaber, bi sistema politikoak ordezkatuko dituzten lantaldeak finkatuko dira. Lantalde horiek jarduketa-plan bat jorratuko dute, eta horren barruan lehentasunak zehaztuko dituzte, proiektuak ebaluatu eta ezagutza-trukea bermatuko dute.

Gogora ekarri behar dugu Europar Batasunak Eskozia eta Euskadi Reference Site (Erreferentziako Gune) izendatu dituela Europako hainbat esparrutan zein Zahartze Aktibo eta Osasuntsuko Berrikuntzarako Europako Elkartearen barruan elkarrekin egiten ari diren ikerketa- zein berrikuntza-proiektuen garapenagatik.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ronusol
    2015.eko irailak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @BetionEJGV: Escocia y Euskadi firman un memorándum de entendimiento en políticas sociosanitarias. http://t.co/jS6LmOZujT

  • @alfrealday
    2015.eko irailak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @BetionEJGV: Escocia y Euskadi firman un memorándum de entendimiento en políticas sociosanitarias. http://t.co/jS6LmOZujT

  • @BetionEJGV
    2015.eko irailak 09

    Comentario de Twitter:
    Eskoziak eta Euskadik osasun eta arreta soziosanitarioko politiketan elkar ulertzeko... http://t.co/IU4UX4kI08

  • @BetionEJGV
    2015.eko irailak 09

    Comentario de Twitter:
    Escocia y Euskadi firman un memorándum de entendimiento en políticas sociosanitarias. http://t.co/jS6LmOZujT

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)