Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik kanalaren sakonera hobetzea aztertu du Plentziako portuan

2015.eko irailak 10
  • Plentzian zaila da nabigatzea, itsasbeherek gutxi arrastatzen dutelako eta, ondorioz, hondar asko sartzen delako beti.
  • Itsasadarra garbitzeko, nabigazio-kanala mugatzen duten buiak berriro lerrokatuko dira.
  • Eusko Jaurlaritzak pantalanetako ia zoru guztiak berritu ditu; ilara txiki bat gelditzen da, urtea amaitu baino lehen berrituko dena.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Plentziako portuko sakonera hobetzeko definitutako konponbidea aztertu du gaur goizean; hots, San Valentin dikearen ondoan dagoen itsasadarraren azken zatiaren bideratzea aldatu egingo da, nabigazio-kanala sakonera handiagoko gunera birbideratzeko. Oregik portu-azpiegitura bisitatu du alkatearekin, eta Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Antonio Aiz eta Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulorekin batera.  

 

Oregi sailburuaren arabera, «Plentziak oso sakonera txikia du eta zaila da nabigatzea, itsasbeherek gutxi arrastatzen dutelako eta, ondorioz, hondar asko sartzen delako beti.» Beste portu batzuetan mantentze-lanetarako egiten den dragatzeak ez du konpontzen; izan ere, lurralde honek baxu hareatsuak ditu eta horiek ez dira nabigatzeko aproposak. Proposatzen den konponbidea eraikuntza-proiektu mailan garatu da, eta itsasadarraren azken zatiaren bideratzea aldatzea aurreikusten du 185 metroko luzeran. Lanok milioi erdi euro balioko dute, eta 8 hilabetetan egingo dira.

 

Dikea

«San Valentin dikea indartzeko ere bada eraikuntza-proiektu bat, Europrincipiak 2011n egindakoa. Berau eguneratu egin beharko da 2014ko denboraleetatik eratorritako kalkulu-parametroak txertatzeko. Blokeen geruza batekin indartuko da, topearen kotari eusteko, batetik eragin bisual handiago bat saihesteko eta, bestetik, dikea babesteko.  Ingurumen-arrazoiak tarteko, eskuineko ertzetik sartuta gauzatuko da obra, behin-behineko zubi baten bidez», azaldu dio Azpiegituren zuzendariak Oregi sailburuari. Itsasadarraren eskuineko ertza, zati horretan, Barrikan dago eta babes bereziko gune bat du.

 

Gainera, sailburuak adierazi duenez, itsasadarra garbitzeko, nabigazio-kanala mugatzen duten buiak berriro lerrokatuko dira. Egiaztatu ahal izan duenez, zuzentzen duen sailak pantalanetako ia zoru guztiak berritu ditu; ilara txiki bat gelditzen da, urtea amaitu baino lehen berrituko dena. «Kirol-porturik zaharrena zen, eta egurrak oso itxura txarra zuen. Orain, erabiltzaileek pozik daudela adierazi digute».  Lanak eten egin dira udan, eta azaroan amaituko dira. Guztira, hirurogei mila euro balioko dute.

                                  

Plentziako portuak 140 kirol-amarraleku ditu pantalanetan, bai eta baimenik gabeko beste 400 ere itsasadarrean. Azken horietarako konponbidea baloratzen ari dira; hots, lehorrean gordetzea.   Baxurako 8 arrantzontzi daude, gainera. Plentziak ez zuen XIX. mendera arte izan nolabaiteko garrantziko portu-instalaziorik, plentziarrak balearen ehizan aritu baziren ere hasieratik. Itsasadarra bideratzeko, harri-lubeta bat jarri zen eskuineko ertzean, 1914ko proiektu bati jarraiki. 1920an, olatu-horma eraiki zen eta geroago, 1950ean, luzatu. Butroe ibaia Plentziako badian itsasoratzen da, hondartzako kai-muturrak eta, mendebaldean, San Valentin dikeak bideratuta.  Portua badia txiki bat da, eskuineko ertzeko hektarea bateko meandro batean dagoena, eta Birjinaren dikeak babesten du sedimentuetatik iparraldean, bai eta 1992an eraiki zen hegoaldeko dikeak ere.

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @baltzaaxpe
    2015.eko irailak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @krextelius: Oregik kanalaren sakonera hobetzea aztertu du #Plentzia|ko portuan http://t.co/p5RhNAYEXY

  • @baltzaaxpe
    2015.eko irailak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @krextelius: Oregi analiza en el puerto de #Plentzia una mejora del calado del canal http://t.co/hzbh8qze7G

  • @krextelius
    2015.eko irailak 10

    Comentario de Twitter:
    Oregik kanalaren sakonera hobetzea aztertu du #Plentzia|ko portuan http://t.co/p5RhNAYEXY

  • @krextelius
    2015.eko irailak 10

    Comentario de Twitter:
    Oregi analiza en el puerto de #Plentzia una mejora del calado del canal http://t.co/hzbh8qze7G

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • David Crestelo