Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
qrcode

Cristina Uriartek hasiera eman dio 2015-2016 ikasturteari

2015-09-09

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak 2015-2016 ikasturteari hasiera ofiziala eman dio gaur goizez, Donostiako Amara Berri Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxean. Zentro honen instalazioetan bisita labur bat egin ondoren, ikasturte hasiera honetako daturik esanguratsuenak ezagutarazi ditu sailburuak.

369.399 ikasle hasi dira dagoeneko ikasgeletara joaten Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikasketa mailetan. Datu honek igoera arin bat dakar (%0,24koa) iazkoarekin alderatuta. Hala ere, Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-2 urte) jaitsiera gertatu da, %3,11ko jaitsiera, azken urteetako jaiotzen beherakadaren ondorio. Lanbide Heziketako aurrematrikuletan ere beherakada arin bat ageri da, susperraldi ekonomikoak eragindakoa. Haatik, Uriartek nabarmendu duenez, iazko matrikula kopurura iristea edo agian hura gainditzea ere aurreikusten da, Lanbide Heziketako matrikulazioa ez baita irailaren amaierara arte itxiko.

Euskadiko familiek aukeratzen duten hezkuntza sareari dagokionez berriz, publikoa eta itunpekoaren arteko orekak jarraitzen du ezaugarri nagusi izaten. Ikasleen %51k sare publikoan ikasten dute, eta gainerako %49k itunpekoan. Hizkuntza ereduei begiratuta, D ereduak jarraitzen du ikasleek gehien eskatzen dutena izaten. Haur Hezkuntzan, ikasleen %77,1ek D eredua aukeratzen dute, iaz baino 8 hamarren gehiagok. Beste aldean dago A eredua: hezkuntzara sartu berrien %4,2k bakarrik aukeratzen dute eredu hau.

54 milioi unibertsitatez besteko beketan

Uriarte sailburuak, berak zuzentzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bekak emateko egiten duen ahalegin ekonomikoa ere izan du hizpide: 54 milioi euro 2015-2016 ikasturte honetarako. “Beka eskubidea duten familia guztiek, laguntza ekonomiko hori izango dutela azpimarratu nahi dut”, azaldu du. “Hezkuntzan ekitatea dugu zutabe, eta horri eutsiko diogu” baieztatu du. Iazko ikasturtean 126.000 ikasle baino gehiagok izan zuten bekaren bat unibertsitatez besteko ikasketetan, orain arteko kopururik handiena.

Heziberri 2020 Plana

Ikasturte honen beste ezaugarri bat da, Heziberri 2020 Planaren baitan garatutako curriculum berriak ikasgeletara iritsi direla. “Espainiako Gobernuaren esku-sartzeen aurrean” –horrela deitu dio sailburuak Lomceri- Uriartek nahiago izan du Heziberri 2020 Planari buruz hitz egin. Adostasunean oinarritutako eta hezkuntza komunitatearekin elkarlanean burututako plana Euskal Hezkuntza Sistema hobetzen jarraitzeko apustu irmoa baita:

-         Ikasleak garaiz aurretik bereiztea saihesten da: Euskadin ikasleak 16 urterekin erabaki ahal izango du Batxilergoan edo Lanbide Heziketako Erdi mailako ziklo batean jarraitu nahi duen, eta ez 12-13 urterekin.

-         Euskadik DBHko errefortzu programa guztiei eusten die: errefortzu irakasleak DBHko lehen eta bigarren mailetarako, eta curriculum-aniztasuneko programak 3. Eta 4. Mailan.

-         Ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseiluak bere eskumen propioei eusten die: zentroen funtzionamenduan erabakigarri izaten jarraituko dute.

Euskal Hezkuntza Sistemak konpetentzia bidezko hezkuntzaren bideari jarraitzen dio, Amara Berri ikastetxera gaur goizez eginiko bisitan ikusi ahal izan den eran. Baina horretarako, irakasleen lana eta hauen prestakuntza funtsezko elementuak dira. Beraz, krisi ekonomikoaren garai osoan egin den bezala, 2015-2016 ikasturte honetan gelako ikasle kopurua –ratioa- bere horretan gelditzen da, kalitatezko irakaskuntza eskaintzeko ezinbesteko jotzen baita. Gauza bera gertatzen da irakasleen eskola-orduen kopuruarekin ere. Gainera, azken Lan Eskaintza Publikoa gainditu ondoren plaza eskuratu duten 250 irakaslek praktika-aldia hasi dute ikasturte berriarekin batera. Honek ere, egonkortasun handiagoa ematen dio bai sistemari, eta baita maisu-maistren kidegoari ere.

Garapenean zailtasunak atzemateko arreta goiztiarra

Irakasleek jasotzen duten etengabeko formazioaren adibide, Haur Hezkuntzako 2.700 irakaslek iraileko lehen egunetan bertan jaso duten prestakuntza aipatu du: adin horietako haurrek garapenerako izan ditzaketen zailtasunak garaiz atzemateko formazioa. Aitzindaria eta berritzailea den formazio mota hau, ohiko zaintzan oinarritua, Haurren Garapenenaren Jarraipenerako Protokoloaren baitan kokatzen da, aitzindaria erabat hau ere.   

Ikasturte berriarekin batera lehen pausoak ematen hasi den Arreta Goiztiarreko programa hau, Euskadiko ikastetxe eta geletan dagoeneko hedatuta dauden beste batzuei gehituko zaie. Hala nola:

-         Hauspoa programa: programan parte hartzen ari ziren 13 ikastetxeei beste 15 gehituko zaizkie. 28 orotara.

-         Ikastetxeetako proiektu eleaniztunak: proiektu hauek euren geletan ezarriko dituzten ikastetxeen kopuruak nabarmen egin du gora. Aurreko ikasturtean 250 ikastetxe izan ziren. Aurten 300 izan daitezkeela aurreikusten da.

-         Ikasgeletan Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko plana: planaren hirugarren urte honetan 250 ikastetxe dira dagoeneko berau aplikatzen dutenak

-         Cyberbulling-aren prebentzioa, Segurtasun Sailarekin lankidetzan.

-         Bake eta Bizkidetza Planaren Adi-Adian moduluak, biktimen lekukotzak ikasgeletara eramanez

Lanbide Heziketa Duala

Cristina Uriartek, Lanbide Heziketa pertsonen enplegagarritasunean hartzen ari den garrantzia ere nabarmendu du. Aurreko ikasturtean, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleek 85 enpresa sortu zituzten, Lanbide Heziketako ikastetxeen laguntzaz. Azken 11 urte hauetan, 535 enpresa  sortu dira era honetan, eta horietan %80 inguru jardunean ari dira oraindik.

Baina ikasturte berriarekin, Lanbide Heziketa Dualak ere indar berria hartuko du. Iaz Lanbide Heziketa mota honek %72ko hazkundea izan bazuen, aurten berriro %75 hazi da. 410 ikasletik 718ra pasa da, eta formazio mota honetan parte hartzen ari diren 326 enpresatik, 473ra.

Amaitzeko, Uriarte sailburuak hizpide izan du Heziberri 2020 Planaren hirugarren fasea ere, Euskal Hezkuntza Lege baterako pausoak emateari buruzkoa. Ondorengo hilabeteetan hezkuntzako eragileekin, sindikatuekin nahiz eragile politikoekin bilerak hasteko asmoa duela iragarri du sailburuak. “Urgentzia eta inprobisazioen aurrean, hausnarketa eta elkarrizketa prozesu bati hasiera emango diogu”, azaldu du. “Gure helburua kontsentsu zabal bat sustatzea da, Euskal Hezkuntza Sistemari koherentzia eta egonkortasuna emango dizkion akordio bat bultzatzea, Euskal hezkuntza Lege bateranzko pausoak emanez”, gehitu du.

Amara Berri Sistema

Amara Berri Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak 1.300 ikasle inguru hartuko ditu 2015-2016 ikasturte honetan, Donostian dituen bost eraikinetan: Urbieta, Morlans, Loiola, Salaberria eta Amara-Ferrerias. Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak gaur goizean bisitatu duen azken eraikin honetan Lehen Hezkuntzako 400 ikasle inguruk hasi dute ikasturte berria (6-12 urte bitartekoak).

Baina Amara Berri ikastetxea beste gai bategatik da ezaguna, bai Euskadin eta baita autonomia erkidegotik kanpora ere: bere hezkuntza proiektuagatik eta Amara Berri Sistema deiturikoagatik. Hezkuntza proiektu honek ikasle guztien garapen harmonikoa eta osoa du xede, bai arlo emozionalean, sozialean nahiz ezagutzari lotutakoetan.

Amara Berriko ikasgeletan inguruneak sortzen dira. Ingurune hauetan irakasten diren gaiak elkarrekin harremanean daude, eta bertan burutzen diren jarduerek badute haurrentzat “zertarako”  edo helburu nabarmen bat. Ikasleek jolasen eta esperientzia praktikoen bidez ikasten dute. Horrela bada, ikasgela zenbaitetan sortu diren “auzoa” edo “denda” inguruneetan eguneroko egoerak planteatzen dira, eta hauen bidez ikasleek matematikak ikasten dituzte, jolasean, saltzen eta erosten ari bailiran. Hizkuntza lantzeko berriz, hitzaldiak, testu literarioak edo albisteak prestatzen dituzte, ondoren euren hedabideen bidez zabaltzeko (Amara Berrik bere telebista, irratia eta egunkaria ditu); Edo ikasleek eurek prestatzen eta antzezten dituzten antzezlanak ere bide egokia gertatzen dira, hizkuntzetan trebatzeko.

Amara Berri hezkuntza-proiektua bertatik bertara ezagutu nahi duten hezkuntza arloko ehunka profesionalen bisita jasotzen du urtero ikastetxe honek. Egun, metodologia hau bera darabilten Euskadiko hogeiren bat ikastetxe elkarrekin ari dira lanean Amara Berri Sarean. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gema Gonzalez de Txabarri, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaria