Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak EAEko erakunde guztiak elkartu ditu, Europan errefuxiatutako pertsonen krisiari modu koordinatuan erantzuteko

2015.eko irailak 09

Eusko Jaurlaritza Euskadira etor litezkeen mila errefuxiatu hartzeko estimazioa prestatzen ari da. Gradualki iritsiko lirateke Euskadira datozen asteetatik hasita, Espainiako Gobernuak autonomia-erkidegoen banaketaren inguruan ezarriko duen irizpidearekin bat (oraindik ere zehazteke). Hala azaldu du gaur Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak, gaur arratsaldean egindako erakundearteko bileraren ostean.

Erakundearteko lankidetza- eta elkartasun-irizpideak aintzat harturik, EAE barruan errefuxiatuok banatzeko egoera planteatu dute bileran. Hasiera batean, hauxe litzateke banaketa:

-      % 52% Bizkaia (780 lagun)

-      % 33 Gipuzkoa (495 lagun)        

-      % 15 Araba (225 lagun)

Ez da kopuru itxia, baizik eta harrera egiteko azpiegituretarako baliabideen mapa zehazteko lehendabiziko kalkulua, arretaren kalitatea bermatzeko eman beharreko zerbitzuei begira. Jaurlaritzak erakunde guztiei adierazi die oraingoz ezinezkoa dela Euskadira datozen urteetan zenbat errefuxiatu etorriko diren zehaztea eta zenbat denbora geratuko diren jakitea.

Gaur izandako bileran, erakundearteko batzorde operatibo bat sortzea ere adostu dute; bihar bertan hasiko da lanean, GKEekin lehendabiziko bilera eginda. Horrez gain, ekipamendu eta baliabide publiko zein itunduen erregistro bakarra ere sortuko da, eta, horretarako, inbentario bat egingo da.

Batzordeak gizartea sentsibilizatzeko ere lan egingo du, herritarrei adierazteko euskal erakundeek badutela behar beste baliabide publiko kolektibo horri erantzuna emateko, eta, gainera, harrera egiteko obligazioa duela.

Azkenik, Erkorekak Espainiako Gobernuari eskatu dio banaketarako eta harrerarako irizpide gardenak baliatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak