Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Irailaren 14tik aurrera Euskadira irits daitezkeen errefuxiatuak hartzea bermatzeko neurriak aztertu ditu Eusko Jaurlaritzak

2015.eko irailak 08

Sailarteko Batzordea behar larrienei (batik bat, errefuxiatuak hartzeko azpiegituren mapa zein Euskadira iristen diren errefuxiatuei eskainiko zaizkien zerbitzuak) erantzuteko bildu zen atzo, eta Gobernu Kontseiluak aipatu batzordearen proposamenak aztertu ditu. Gainera, Gobernuak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia egitea eskatu du, eskura duen informazio guztia eman ahal izateko. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak jakinarazi du berria, Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan.

Erkorekak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza lanean ari da, irailaren 14tik aurrera gure erkidegora irits daitezkeen errefuxiatuak hartzea bermatzeko. Egun horretan, Europar Batasunak gai horri buruzko erabaki bat hartuko du. Atzo bertan egin zuen lehen bilera Eusko Jaurlaritzako Sailarteko Batzordeak, tartean dauden arlo guztiak ordezkatuta zeudela, eta bihar foru-aldundietako, EUDELeko eta euskal hiriburuetako udaletako ordezkariekin bilduko da, erakunde publikoen arteko jarduera koordinatua egituratzeko.

Bilera horretan, autonomia-erkidegoekin gaur Madrilen egiten ari diren lan-bileraren berri emango da. Era berean, aztertuko da bilera informatibo baterako deia egin zaien, besteak beste, errefuxiatuei harrera egiten esperientzia duten gobernuz kanpoko erakundeei, CEARi, Gurutze Gorriari eta Cáritasi, bilera horretan parte har dezaten.

Bilera honen baitan, Gobernuak errefuxiatuak lurraldeka banatzeko lehen proposamen bat planteatuko du. Europar Batasunak onartutako irizpideak hartu dira erreferentzia gisa proposamen hori egiteko eta, funtsean, BPGaren araberako populazioa eta aberastasuna hartuko dira aintzat. Eusko Jaurlaritzak erakunde publikoen koordinazioari emango dio lehentasuna, baita erakunde espezializatuen parte-hartzeari ere; horrelako larrialdi egoerak elkartasun eta erantzukizun partekatua eskatzen baitu.

Bitartean, Gobernuak erabaki du ahalik eta eperik laburrenean, bi motatako diru-laguntzak onartzea: 

  • Batetik, Siriari larrialdiko laguntza humanitarioa eskaintzeko aparteko neurriak onartu dira
  • Bestetik, GKEekin batera, giza laguntzako funtsak aktibatuko dira, une honetan, Europatik igarotzen ari diren pertsonei bizi-baldintzak eskaintzeko.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)