Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Santurtzin sustatutako babes ofizialeko 29 etxebizitza esleitzeko prozesuan parte hartzeko epea hasi da

2015.eko irailak 07

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Santurtzin babes ofizialeko 29 etxebizitza esleitzeko prozeduran parte hartzeko epea ireki du. Visesa sozietate publikoak sustatuko ditu, azalera-eskubideko erosketa erregimenean, San Juan del Rompeolas inguruan.

 

Prozedura honetan parte hartzeko, interesatuek beren borondatez eman beharko dute izena. Balio izan dezaten, eskaerak irailaren 7tik 18ra egin beharko dira, bi egunak barne.

Esleipenotan parte hartu nahi dutenek www.etxebide.euskadi.eus  webgunearen bidez eman beharko dute izena, edota, bestela, Etxebidek bidalitako jakinarazpena, atzean sinatuta, Eusko Jaurlaritzarekin leihatila bakarraren hitzarmena izenpetua duen udalen batera eraman beharko dute, edota bestela Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara (Kale Nagusia 85, 5. 48011 Bilbo) edo Zuzenean zerbitzura (Kale Nagusia 85, behea, Bilbo)

Santurtzin etxebizitza erostea eskatu dutenek parte hartu ahalko dute prozeduran. Dena den, Santurtziko Udalarekin adostutakoa betez, lehentasuna izango dute esleipenean hasiera-agindu hau argitaratu zen egunean Santurtzin gutxienez 3 urtez erroldatuta zeudenek, edota azken 30 urteetan 18 urtez hala egon direnek.

Horrez gain, interesdunek 2013. urteko errentari dagokion zergaldian gutxienez 9.000 euroko eta gehienez ere 39.000 euroko urteko diru-sarrera haztatuak dituztela frogatu beharko dute.

Pertsonaren batek esleipen-prozeduran parte hartzeko baldintzak bete gabe ematen baldin badu izena, bere eskaera bertan behera geratuko da.

Etxebizitza horietatik guztietatik (29), bat ezintasunak eta behin betiko mugikortasun urritua dituzten pertsonentzat egokituta dago eta hiru logela ditu. Beste 28 etxebizitzetatik hamazortzik hiru logela dituzte, eta hamar logela bakarrekoak dira.

Esleipenari uko egiteak Etxebideren Erregistroan baja ematea ekarriko du, eta, horren ondorioz, izena emateko 2 urteko debekua. Esleipen prozeduran parte hartzen ez dutenek ez dute inolako ondoriorik izango Etxebideko espedientean.

Visesaren sustapen honi buruz informazio gehiago nahi izanez gero, edozer kontsulta egin daiteke  www.visesa.com webgunearen bitartez edota edo  94 661 26 20 telefono zenbakira deituta (astelehenetik ostiralera 8:30etik 14:00etara).  Era berean, www.etxebide.euskadi.eus  webgunean eta 012 telefonoan kontsulta daitezke sustapenerako hautagai izateko bete beharreko eskakizunak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)