Berriak
Eu

Hondarribian elkarbizitza, errespetua eta berdintasuna bermatzeko elkarrizketa bidea ireki dezan eskatu dio Emakundek Udalari

2015.eko irailak 07

Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, deia egin die Hondarribiko udal ordezkari guztiei elkarrizketa bidea ireki dezaten Alardearen ospakizuna dela eta herrian batasuna berreskuratzeko, haustura soziala gainditzeko, eta errespetuan eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrerapausoak emateko. Emakunderen iritziz elkarrizketa lehen pausoa da, ezinbestekoa, elkarbizitza lortzeko eta gogoratzen du herriaren gehiengoak erakunde publikoei eskatzen diela jarrera aktibo bat izan dezaten konponbide batera heldu ahal izateko. Honekin batera, Emakundek azpimarratu du gero eta herri gehiago direla herritarren laguntzarekin euren tradizioak egokitu dituztenak emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeko eta dei egiten die Hondarribiko Udalari eta bertako biztanleei aurrera pausoa eman dezaten. Emakunderen ustetan tradizioak herrien giza kohesiorako funtsezko elementuak dira, testuinguru jakin batean sortzen diren tradizioak, baina eboluzionatu egin behar dute garai berrietara egokitzeko. Honek ez du tradizioen kontra egitea suposatzen, aberastea baizik, emakume eta gizonei eskubide berdinak emanez.

Emakundek beste behin bere bermea eskaini dio Hondarribiako Alardean parte hartzen duen Jaizkibel konpainiari, eta bat egiten du emakumeak eta gizonak jaiak berdintasunean ospatzeko egiten duen aldarrikapenarekin  eta herrian asteartean jai giroa eta errespetua nagusia izatea espero du. Izaskun Landaida Hondarribiako Udaletxeko arkupetan izango da asteartean, Ana Alberdi idazkari nagusia lagun duela, Jaizkibeli babesa ematen.

Emakundek argi dauka berdintasun arazo baten aurrean gaudela, eta gogoratu nahi du berdintasuna balore soziala eta demokraziaren oinarrizko ardatza dela, etalegeak hala aginduta, erakunde publikoek oztopoak gainditu eta beharrezkoak diren neurriak bultzatzeko obligazioa dutela emakumeek ospakizun honetan parte hartu ahal izan dezaten gizonek dituzten baldintza berberekin. Horretarako ikusten du elkarrizketa, elkarlana eta akordioa direla arazo hau konpontzeko tresnak. Eta hain justu tresna horiek erabiltzen jarraituko ditu Emakundek beste erakunde batzuekin elkarlanean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)