Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Lanbideren lanpostu-zerrenda (LPZ) onartu du, eta horri esker egonkortasuna eskaini eta lan-egitura modernizatuko du

2015.eko irailak 08
  • Akordio honekin, 5 urte geroago, enplegu-politika aktiboak Euskadiri transferitzeko prozesua amaituko da

Gobernu Kontseiluak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lanpostu-zerrenda (LPZ) onartu du gaur. Gobernuak 918 postutan zehaztu du Lanbideren egitura-plantilla; hori horrela, % 12,7 hazi da. Hala, Lanbidek 104 lanpostu berri sortu ditu enplegu-zerbitzu publikoa hobetzeko.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak gaurko Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan azaldu duenez, lanpostu-zerrenda honek egonkortasuna eskainiko du, eta Lanbideren lan-egitura modernizatu. Gainera, gaur onartutako dekretuak Lanbideko langileen lansari-mailak zehazten ditu, Euskal Administrazio Publikoan indarrean daudenetara egokituta. Gainera, atzeraeragin-aldi bat zehaztu da, 2011ko urtarrilaren 1ekoa.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ziurtatu duenez, akordio honekin, 5 urte geroago, «enplegu-politika aktiboak Euskadiri transferitzeko prozesua amaituko dugu». 2010eko urriaren 28ko Batzorde Mistoan sinatu zen transferentzia, eta Lanbidek azaroan hasi zuen jarduera.

Lanpostu-zerrenda onartuta, hurrengo urratsa sindikatuak Lanbideren beste Mahai Sektorial batera deitzea da. Eusko Jaurlaritzak beste dokumentu bat bidali die ordezkari sindikalei, soldata-mailari eta une honetan zerbitzuan lan egiten duten pertsonen enpleguari eusteko konpromisoarekin. Hori horrela, soldata-osagarri errebalorizagarri bat proposatu du Gobernuak, une honetan Lanbiden lan egiten duten 215 pertsonarentzako onuragarria izango dena. «Gaurkoa egun seinalatua da. Bost urte eta 20 negoziazio-mahai sektorial geroago, etapa berri bat irekiko dugu Enplegu Zerbitzu Publikoan; egonkortasun- eta modernizazio-etapa bat», ziurtatu du Erkorekak.

 

KONTSULTEN LEGEA

 

Asteartean, Bilduk Legebiltzarrean kontsulten lege-proiektua aurkeztuko duela adierazi zuen, datorren urtean legegintzaldia amaitu baino lehen, herri-galdeketa egin ahal izateko. Horri buruz galdetu diotenean, Erkorekak gogorarazi du 2008an Eusko Legebiltzarrean izapidetutako eta onartutako lege bat bozkatzeko aukera izan zutenean, aldeko boto bakarra eman zuela. Gainera, ez zaio koherentea iruditzen alde bakarreko ekimenak aurkez ditzala autogobernuari buruzko Legebiltzarreko batzorde txostengilea amaitu aurretik, horretako partaide baita. 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.09.08)

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)