Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak Barizelaren aurkako txertoa sartu du Euskadiko Txertoen Egutegian, lehenengo bizi urtetik aurrera emateko

2015.eko irailak 07

Aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrek barizelaren aurkako txertoaren lehen dosia 15 hilabete betetzen dituztenean jasoko dute Osakidetzako osasun-zentroetan, eta bigarren dosia 4 urte betetzean.

Txertoaren 30.000 dosi erosteko, 630.000 milioi euro gehiago inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsoro eta Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariko presidente Itziar Astigarraga alboan zituela, gaur goizean iragarri duenez, barizelaren txertoa lehenago emango da, euskal haurrentzako txertoen egutegiaren arabera.Osasuneko sailburuak adierazi du neurri hori hartzeko erabakiaren oinarrian Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariko adituek, irailaren 3an bilduta, emandako gomendioak daudela eta haurrentzako txertoen egutegia hobetzeko eta Euskadiko haurrak hobeto zaintzeko helburua dutela. Horrenbestez, barizela jasan ez duten haurrei 12 urte betetzen dituztenean txertoa eman ordez, Euskadin, aurrerantzean, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haur guztiei txertoa emango zaie Osakidetzako osasun-zentroetan 15 hilabete, lehen dosia, eta 4 urte, bigarrena, betetzen dituztenean.

Behin-behinean, egungo egutegiari eutsiko zaio, eta barizelaren aurkako txertoa 10 urte betetzean emango zaie haurrei, harik eta 2015ean jaiotakoek adin hori duten arte. Era horretan, euskal herritarrak helduarora barizelaren aurka babestuta iristea bermatuta egongo da, izan modu naturalean jasan dutelako, izan txertoa jaso dutelako.

Jon Darpón sailburuaren hitzetan, «Osasun Sailak irizpide zientifikoen arabera hartuko ditu erabakiak aurrerantzean ere, ez bestelako arrazoiengatik. Jaurlaritzak zehaztasun zientifikoan konfiantza osoa du, eta ekitatea aldarrikatzen du. Gainera, bere ustean, txertaketa tresna eraginkorra eta segurua da, eta horretan inbertitzea merezi du. Hori dela medio, Eusko Jaurlaritzak 630.000 euro gehiago inbertituko ditu txertoaren 30.000 unitate gehiago eskuratzeko, Euskadiko haurrentzako txertoen egutegia hobetzeko bidean urratsak ematen ari da-eta».

Halaber, Jon Darpón sailburuak gogora ekarri duenez, gaur egun, Euskadik txertaketa-estaldura onenetariko bat du, hala estatu-mailan nola Europan: % 90etik gorakoa, baita % 96tik gorakoa ere txerto garrantzitsuenetan, tartean, difteria, tetanoa, kukutxeztula, poliomelitia eta Heamophillus influenzae b edo B hepatitisa.

Hori horrela, Jon Darpón sailburuak aldaketak iragarri ditu, kukutxeztularen txertoa emateko jarraibideei dagokienez, erantzuna eraginkorra izan dadin; izan ere, autonomia-erkidegoek eta Europako hainbat herrialdek arazoak izan dituzte azken hilabeteetan txertoaren hornidura jasotzeko.Europa osoko herrialdeek kukutxeztularen aurkako txertoa lortzeko hornidura-arazoak ditugun honetan, Osasun Sailak, Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariaren irizpide zientifikoarekin bat etorriz, atzeratu egingo du behin-behinean difteria-tetanoaren eta kukutxeztularen aurkako txertaketa 6 urteko haurren kasuan. Neurri horrek ez du inolako arrisku epidemiologikorik eragingo, oroitzapeneko txertoa delako, hots, atzeratu daitekeena. Horrenbestez, 2015eko irailaren 14tik aurrera, haurrek 6 urte betetzen dituztenean eman ohi den txertoa geroago emango da. Hornidura lehengoratu arte iraungo du neurri horrek.

Osasuneko sailburu Jon Darpónek iragarri duenez, dena dela, «hornidura-arazoak konpondu eta bat, neurriak eragindako haur guztiek txertoa jasoko dute».

Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariaren jarraibideak betez, emakume haurdunek izango dute lehentasuna, eta kukutxeztula duten umeen kopurua ugaritu egin denez, haurdunaldiko azken hiruhilekoan dauden emakumeei kukutxeztularen aurkako txertoa emango zaie aurrerantzean ere. Urte hasieran hasitako bidetik jarraituko du Osakidetzak, emakumeak eta umeak modu eraginkorrean eta seguruan zaintzeko.

Gomendio hori egoera epidemiomologiko jakin baten ondorio da; txertaketa-estaldura handiak dituzten herrialdeetan, artean Euskadin, kukutxeztula duten gaixoen kopurua handitu egin da.

Datuen arabera, 2011z geroztik, handitu egin da kukutxeztularen intzidentzia, eta 2014an 100.000 biztanleko 23 kasura iritsi da. Gaixo gehien duen adin-taldea urtebetetik beherakoena da.

Osasuneko sailburuak gaur aurkeztu dituen aldaketak, eta 2015ean indarrean jarritako gainerakoak, Euskadiko txertaketen egutegia hobetzera eta hedatzera bideratuta daude. Esaterako, aurten, pneumokokoaren aurkako txertoa sartu da 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotakoen txertaketen egutegian. Halaber, aldaketak egin dira C meningokoko konjugatuaren aurkako txertoaren jarraibideetan, hala nola giza papilomaren birusaren aurkakoetan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, guztira, 8,1 milioi euroko inbertsioa egin du.                                               

                                                                       Bilbon, 2015eko irailaren 7an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Itziar Astigarraga, Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariko zuzendaria