Berriak Herrizaingoa
Eu

Trafiko Zuzendaritzak operatibo berezia aurkeztu du oporretako irteera eta itzulerarako

2010.eko uztailak 22

Amparo Lopez Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak eta Iñaki Eguiara Trafiko Zuzendaritzako teknikariak uda garaian EAEko errepideetako joan-etorrien arintasuna areagotuko duen operatibo berezia aurkeztu dute gaur goizean Bilbon, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan.

Joan-etorri kopuru handienak uztailaren 22tik 25era eta uztailaren 29tik abuztuaren 1era arteko asteburuetarako aurreikusi dituzte. Itzulerari dagokionez, abuztuko azken hiru asteburuetan espero dira trafiko-fluxu handienak.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, udan bi trafiko-fluxu ezberdin izan ohi dira EAEko errepideetan eta bion eraginak batu egiten dira. Alde batetik, Euskadi igarobide duen nazioarteko trafikoa dago eta, bestalde, EAEko biztanleen joan-etorriak. Biek sortu ohi dituzte eragozpenak, zenbait tokitan ibilgailuen kopuruak errepideak har dezakeen kopurua gainditzen  baitu.

2009ko ekaina eta iraila artean, 1.700.000 ibilgailuk zeharkatu zituzten EAEko errepideak.

Neurri bereziak

Gidarien segurtasuna eta errepide-sareko joan-etorrien arintasuna areagotzeko, Trafiko Unitateetako 455 agente egongo dira errepideetan, eta, gainera, polizia-etxeetako beste 3.000 agenteren laguntza izango dute. Amparo Lopezek gogorarazi duenez, oro har Ertzaintzaren batez besteko erantzun-denbora 8 minutu eta 18 segundokoa da.

Iaz bezala, aurten ere bideo-kamera duen helikoptero bat jarriko dute zirkulazioa zaintzen; hain zuzen, uztaileko azken asteburuan (uztailaren 29tik abuztuaren 1era, biak barne) eta abuztuko hirugarren eta laugarren asteburuetan (abuztuaren 19, 20 eta 21ean, eta 26, 27 eta 28an) egingo ditu hegaldiak.

Aurreko udetan legez, Ertzaintzak zaintza dispositibo eta alkoholemia kontrol bereziak egingo ditu udalerrietako jaietan. Kanpaina horren lehen fasea uztailaren 6tik 14ra bitartean burutu zuten, San Fermin jaietan, eta zaintza dispositibo berezia abuztuaren 2an jarriko dute berriz martxan, eta hilabete osoan egongo da indarrean.

Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak ohiko seinalizazio-estrategiak jarraituko ditu: paneletako mezuen bidez gidariei gertakarien edo pilaketen berri emango die; halaber,  panelotan ibilgailu astunen joan-etorrietarako murrizketak ere gogoraraziko ditu, aurretiko egunetan. Informazio hau www.euskadi.net/trafico webgunean ere eskuragarri dago. Trafikoaren Informaziorako Telefonoan (902 112 088) ere informazioa jasoko dute erabiltzaileek, euskaraz zein gazteleraz, eta baita interesgarri izan litezkeen beste hizkuntza batzuetan ere, beti ere bidaiarien nazionalitatearen arabera; portugesak eta marokoarrak izan ohi dira bereziki.

Eragozpen handieneko tokiak


Eragozpen handienak honako bost puntu hauetan egotea aurreikusi dute: A-8an Kantabriarako noranzkoan, Behobiako mugan, AP-8tik AP-1erako sarbidean, Armiñonen A-1etik AP-1erako sarbidean eta Gasteizen N-622tik A-1erako sarbidean. Egon litezkeen pilaketak arintzeko hainbat neurri hartuko dituzte, besteak beste, patruilak indartu, konoak erabili errei jakin batzuetan trafikoa zuzentzeko eta instituzioen arteko harremanak indartu.

Ezbehar kopuruari dagokionez, EAEn izandako hildakoen eta larri zauritutakoen kopuruek beheranzko joerari eutsi diote. 2010ean % 22 egin du behera hildakoen kopuruak eta larri zauritutakoak ere % 6 jaitsi dira.  2009ko  uztailean eta abuztuan, 1.465 istripu jazo ziren, aurreko urteko epe berean baino % 12 gutxiago. 5 lagun hil ziren eta beste 87 larri zauritu. 2008an, 16 pertsona hil eta 100 larri zauritu ziren.

Gomendioak

Trafiko zuzendariak zuhurtzia handitzeko eskatu die gidariei. Halaber, gidatzekotan geldialdiak egitea, atseden hartzea, edari alkoholdunik ez edatea eta, ahal izanez gero, joan-etorri handiko orduetan ez bidaiatzea gomendatu du.

Iruzkin bat
  • @Supergradha
    2012.eko urtarrilak 02

    Comentario de Twitter:
    Presentación "Operación Especial de Tráfico de Verano 2010" http://t.co/q9LlnfJz oh hoh ho

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Amparo Lopez, Trafiko Zuzendaria