Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak bi hilabetean Bermeoko Portuzarra konpontzeko proiektu bat izango du

2015.eko irailak 03
  • Oregik Mundakako kaia ere bisitatu du
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari harrera egin dio Saltillo eskola-ontziko tripulazioak

 

Bermeo, 2015/09/03

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Bermeon gaur esan du, bere saila Portuzarra kaia konpontzeko proiektua idazteko eskaintzak aztertzen ari dela. Fase hau bi hilabetean amaituko da eta, ondoren, zortzi hilabete iraungo duten eta 3 milioi euro kostako diren obrak hasiko dira. Sailburua kaiko instalazioetan izan da eta EHUren «Saltillo» eskola-ontzia ere bisitatu du. Ontzi hau udako prestakuntza egiteko ohiko «kostera» egiten ari da, Bizkaiko Golkoko portu askotara joanez.

 

«Denboraleen ondoren egindako lanak azkarrak eta efikazak izan dira eta etorkizunerako aurreikuspenak eginez jardun dugu», adierazi du Ana Oregik egin duen bisitan. Horrez gain, nabarmendu du, aurten, iragate-pantalan bat instalatu dela eta Bizkaiko Golko osoko belaontzi eta aisialdirako ontzi asko jaso dituela.

 

Oregi sailburuak plan bereziaren aldaketa puntualarekiko interesa adierazi du. Plan honen zirriborroaren arabera, kontsignatarioen biltegiratze-gaitasuna handitu nahi da eta beharrezko altuerak jarri nahi dira, dike uhin-hauslean kapitaintza-eraikin bat eraikitzeko. Bermeoko lonja handitzeari dagokionez, irailean jarduketarako zirriborroa jasoko da. Zirriborro horretan, hauek guztiak egitea aurreikusi da: kaxak eta tinak garbitzeko instalazioa jartzea, horiek biltegiratzeko leku estalia ezartzea, izotz-fabrika bat egitea dartsenan eta fabrikaren ekoizpena egungo eskarira egokitzea eta bertako efizientzia energetikoa hobetzea.

Proiektuaren kostua 120.000 eurokoa da eta obra 2,5 milioi eurokoa izango da.

 

Kapitaintzako eraikin berri bat idazteko proiektua, lizitatzeko pleguaren zain dago. «Portuzarrak Urdaibaiko kirol-portua izateko aukera soilik garatuko da, kapitaintzako eraikin bat eraiki daitekeenean; horrela, bertan bezeroak jaso ahal izango dira eta haiei arreta eskaini ahal izango zaie eta arraun-kluba zein Gurutze Gorriaren postua ere bertan egongo dira, beste erabilera nautiko batzuen artean. Horretarako, beharrezkoa da egungo izotz-fabrika lekuz aldatzea. Eraikin hori 5,5 milioi euro kostako litzateke», adierazi die Oregiri eta Aiz sailburuordeari Azpiegituren zuzendari Almudenak Ruiz de Angulok.

 

Dike uhin-hauslea indartzeko proiektua, orain, azpiegitura honek azken denboraleetako uhinen altueraren eta energiaren aurrean duen segurtasuna aztertzeko fasean dago. Proiektua uztailean TYPSA enpresari esleitu zitzaion eta obraren kostu balioetsia 10 milioi eurokoa izango da.

 

«Txibitxiaga eraikinari dagokionez, arraun-kluba eta Gurutze Gorriaren eraikina gaur egun dauden lekutik Portuzarra dike uhin-hauslera aldatzen direnean, dartsenan arrantzaleen lonja berriak eraikitzeko beharrezkoa den lekua lortuko da. Frantxuako lonjak, berriki konpondu direnak, antolamendutik kanpo daude; hain zuzen, plan bereziak eraikin mailakatu bati esleitu dion lekuan daude. Eraikin horretako gune estalia oinezkoentzat izango da eta porturako bide berrirako sarrera egongo da. 6 milioi euro kostako litzateke», nabarmendu du Ruiz de Angulok.

 

Bermeoko portuan hauek guztiak daude: 359 pantalanerako kirol-amarraleku (EKPk kudeatuak), baxurako 40 arrantzontzi, 24 atunketari izoztaile eta arrain-lonja bat.       

           

 

Mundaka

Oregi sailburua Mundakako portuan izan denean; batetik, portura sartzeko bidea asfaltatzeko proiektuarekiko interesa adierazi du (obra hau bainatzeko denboraldia amaitzen denean egingo da). Bestetik, ainguratzeak hobetzeko azterketarekiko interesa ere adierazi du; izan ere, ainguratze horiek mantentzeko, urtero finkatzeak berritu behar dira eta urtero dragatu behar da. 

 

Mundakan hauek guztiak daude: buiarako 123 barneko kirol-amarraleku, 68 amarraleku sasoiko barne-buian, baxurako 8 arrantzontzi; eta orain arte arrantza-jarduera igo den portu bakarra da. Portuak hondartza-garaian Mundaka, Portuondo, Sukarrieta eta Laidako hondartzara joan nahi duten bainularientzat garraio-zerbitzua jartzeko balio du. Ibaian Portuondoko ainguratzaileak daude. Horiek Portuondoko, Herrerako eta Kanalako aisialdirako ontzien elkarteak kudeatzen ditu.

 

Mundakako portuko arrantza-jarduera ontzi txikientzat bideratuta dago eta ontzi horiek kanpoko dartsenan amarratzen eta ainguratzen dira. Atalayako kaia arrantzaleek arrainak deskargatzeko, arrantza-tresnak kargatzeko eta deskargatzeko eta ontzien hornidurarako erabiltzen dute.

.

                       

Saltillo bisitatzea

Oregik «Saltillo» ontziko tripulazioa agurtu du. Ontzi horren kapitaina Mikel Lejarza da eta EHUk zein Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dute. Uda honetan Galiziako 2015eko XII. Encontro de embarcacións tradicionais topaketan parte hartu du, baita Donibane Lohizuneko Fête de la Mer jaian ere. Laster jai hauetan egongo da: Arroxelako Le Grans Pavois de La Rochelle eta Kontxako banderan zein Donostia Zinemaldian.

 

12          Santurtzi – Donostia (Kontxako bandera)

13-14     Donostia

15-16  Donostia – Arroxela (Le Grand Pavois)

17–19 Arroxela

20–21 Arroxela – Donostia (Zinemaldia)

22          Donostia

23          Donostia - Santurtzi

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Edurne Egaña, Mikel Lejarza, Idurre Bideguren, Ainhoa Corcuera,