Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Hizkuntza aniztasunarekin hitzordua, EHUren Udako Ikastaroetan

2015.eko irailak 02

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Iñaki Goirizelaiak, EHUko errektoreak, Valentín García Gomezek, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiak, eta Ester Franquesak, Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak, prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Donostiako Miramar Jauregian. Prentsaurrekoa, EHUko Uda Ikastaroen M3 mintegiaren baitan egin da (mintegia atzo hasi eta gaur bukatuko da).

Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkueren eta Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangaren zuzendaritzapean, M3 mintegiak Koldo Mitxelena eta Ramón Piñeiro izan ditu protagonista. Koldo Mitxelenaren eta Ramón Piñeiroren jaiotzaren mendeurrena aurten betetzen dela gogoan hartuta, gaur egungo hizkuntza aniztasunaren testuinguruan euskarak eta beste hizkuntza gutxiagotuek izan behar duten lekuari buruzko hausnarketa egin eta aukera onenak aztertzea izan da mintegiaren helburu nagusia.

Mintegiaren antolatzaileak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, HABE, Galiziako Xunta, Consello Da Cultura Galega eta Ramón Piñeiro Zentroa izan dira.

Hizlarien artean, besteak beste, Ramon Villares Paz (Galiziako Kultura Kontseiluko Presidentea), Xesus Alonso Montero (Galiziako Akademiako Presidentea), Pedro Miguel Etxenike (Donostia International Physics Center), Miren Azkarate (Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Ibon Sarasola (Euskaltzaindia), Anjel Lertxundi (idazlea) eta Meirion Prys Jones (Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare europarra, NPLD) izango dira. Mintegia ixteko mahai inguru bat ere antolatuko da. Bertan, Nerea Azurmendi kazetariak moderatuta, Patxi Baztarrikak (Hizkuntza Politikarako sailburuordea), Ester Franquesak (Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia) eta Valentín García Gómez-ek (Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia) parte hartu dute.

Prentsa ohar honi audio artxiboak gehitu zaizkio gaur goizeko prentsaurrekoan esan direnekin, bai eta Patxi Baztarrika sailburuordearen hitzak ere, PDF formatuan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko Errektorea; Ester Franquesa i Bonet, Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia Kataluniako Generalitatean; Valentín García Gómez, Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia, Galiziako Xuntan.