Berriak Kultura
Eu

Kiroleko dopingaren aurkako programaren aurkezpena

2010.eko uztailak 22

 

Blanca Urgell, Kultura sailburua

 

"Substantzia eta metodo debekatuak erabiltzeak kirolarien osasunari kalte egiten dio eta kirolaren funtsaren aurkakoa da"

 

Eusko Jaurlaritzak eta kirol federazioek kiroleko dopinaren aurkako programa bat jarriko dute abian

 

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek, Kirol zuzendari Patxi Mutiloak eta Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidente Rafael Munillak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Kirol Zuzendaritzak, Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta euskal kirol federazioek abian jarriko duten dopinaren aurkako lankidetza-programa aurkeztu dute. 42 federazioren partaidetza duen programa horrek ebazpen judizialek planteatutako egoera konpontzeko aukera ematen du.

Eusko Jaurlaritzak, dopinaren aurka borrokatzeko bere konpromisoaren ildoan, azken urteetan hainbat jarduera egin ditu esparru horretan, hala nola, dopinaren aurkako kontrolak.

Aurkako emaitzen ondorioz, zehapen-prozedurak abiarazi ziren eta eragindakoek auzitegietan errekurritu zituzten. Auzitegiek hainbat epai eman zituzten, Eusko Jaurlaritzak dopinaren alorrean zehapenak ezartzeko duen ahalmena zalantzan jartzen dutenak. Epai horien arabera, zehatzeko ahala euskal federazioek soilik dute.

Testuinguru horretan, eta egoera hori gainditzeko, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Kirol Zuzendaritzak, Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta euskal kirol federazioek erabaki dute dopinaren aurkako lankidetza-programa bat abian jartzea. Jada 33 federaziok hartzen dute parte programa horretan eta beste 9 laster sartuko dira.

Programa horren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Kirol Zuzendaritzak eta euskal kirol federazioek dopin-kontrolak egingo dituzte, alegia, mediku eta osasun-langile gaituek, Eusko Jaurlaritzak, euskal kirol federazioek eta behar bezala homologatu eta baimendutako analisi-laborategi batek egindako jarduera materialak, dopina eragin dezakeen substantzia debekaturen bat edo arauzkoa ez den metodoren bat erabili den egiaztatzea helburu dutenak.

Horrez gain, informazioko, prestakuntzako, dibulgazioko eta sentsibilizazioko ekintzak egingo dira, bai eta osasunaren eta dopinaren arloko prebentzioko ekintzak ere. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Kirol Zuzendaritzak laguntza emango die euskal kirol federazioek eskatutakoan, programan ezarritakoa gauzatzeko helburuarekin.

Dopineko praktikak, betidanik, kirol-etikaren oinarrizko printzipioak urratzen dituzte. Egun, dopinak kirol-etikaren esparrua gainditu du eta osasun publikoko arazo bihurtu da. Blanca Urgell sailburuak adierazi duen moduan, "jakina da substantzia eta metodo debekatuak erabiltzeak kirolarien osasunari kalte egiten diola eta kirolaren funtsaren aurkakoa dela. Dopina historikoki kirolarekin erlazionatu diren printzipio eta balioen aurkakoa da", azpimarratu du.

Bestalde, adierazi behar da jada hasi direla Euskadin dopinaren aurka borrokatzeko legearen aurreproiektua izapidetzen. Lege horrek Euskadiri lege-esparru propioa emango dio, fenomeno horren aurka modu eraginkorrean borrokatzea ahalbidetuko diona.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell, Kultura sailburua