Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregik «arduraz jardutea eta plangintza komun bat izatea gomendatzen du, minutu bat bera ere ez galtzeko abiadura handiko trenbidearen garapenean»

2015.eko irailak 02

 

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik uste du «oso estua» dela Euskal Y-a 2019an amaitzeko Sustapen Ministerioak iragarritako epea. Horrez gain, sailburuaren ustez beharrezkoa da «arduraz» jardutea eta plangintza komun bat izatea, minutu bat bera ere ez galtzeko abiadura handiko trenbidearen garapenean, eta uste du beharrezkoa dela, halaber, proiekturako inbertsioa zein obraren kudeaketa arintzea eta euskal hiriburuetarako sarbidea zehaztea.

 

Oregik elkarrizketa bana eskaini dizkie Euskadi Irratiko Oihane Yustos eta Radio Euskadiko Daniel Álvarez kazetariei, eta elkarrizketa horietan Oregik adierazi du ez duela «datei buruzko gerra» batean hasi nahi Sustapen Ministerioarekin eta, berriz ere adierazi du, Euskadin abiadura handiko trenaren obrak amaitzeko Ana Pastorrek jarritako epea, 2019. urtea, «izugarri estua» dela.

 

«Arduraz» jardun behar dugu, plangintza komun hori lortzeko lan egin behar dugu eta ez dugu minutu bat bera ere galdu behar. Amaitzeko epea 2019. urtea edo 2020 izango ote den, pixkanaka ikusiko dugu. Gu adi gaude», adierazi du sailburuak. Era berean, onartu du: «Eusko Jaurlaritzan pentsatzen genuen 2020. urtea izango zela amaitzeko urtea, 2019. urtea izan ordez.»

 

Halaber, bere ustez, gobernu zentralak abiadura handirako diseinatu dituen aurrekontuak «urte arrunt baterako ondo egon daitezkeela», baina AHTren kasuan, «aurreko ikasturteetan konpondu gabeko gaiak daude.»

 

«Gauza asko ez dira egin oraindik. Azken urteetako erritmoa oso baxua izan da eta, beraz, erritmoa berreskuratu nahi badugu eta ministroak obrak bisitatu zituenean iragarri zuen 2019. urtean amaitu nahi badugu, arindu egin behar dugu guztia», adierazi du. Nolanahi ere, zehaztu du kontua ez dela «diru gehiago jartzea» bakarrik, «obra kudeatu behar delako eta egin gabekoak zehaztu behar direlako.»

 

Bere ustez, Bergarako korapiloko zatiak lizitatu ondoren, «hurrengo froga-harria hiriburuetarako sarrera izango da», oraindik sarrerak «zehaztu» gabe baitaude. Ildo horretan, azaldu du oraindik ez dela «data jakin» bat jarri Eusko Jaurlaritzak eta hiru euskal hiriburuetako alkateek Sustapen ministroarekin bilera bat egiteko, baina «irailean egiteko» «konpromisoa» dago.

 

Oregik adierazi du «trenbide-garraioari dagokionez, orain, uharte bat garela, kontuan izanik ez daukagula trenbide-ibilbiderako Europako zabalera estandarrik eta errepideetan auto-pilaketak ditugula, korridore atlantiko guztian bezala.»

 

COP 21 Paris

EiTB taldeko irratietan gaur goizean eman dituzten elkarrizketetan, Oregik nabarmendu du klima-aldaketaren aurka aritzeko hiriek eta eskualdeek garrantzia handia dutela eta, horregatik, klima-aldaketari buruz Parisen abenduan egingo den gailurrean egongo da Euskadi.

 

Oregi itxaropentsu azaldu da, Obama presidentea buru dela, AEBk orain duen jarrera berriarekin; hori da, hain justu, «Europan aspaldian egiten duguna.»

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Oihane Yustos, Dani Álvarez