
Eusko Jaurlaritzak 2015. urtean I+G indartzeko konpromisoa bete duela baieztatu du Arantxa Tapiak
Mondragon Unibertsitatera egin duen bisitan, sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela unibertsitateen, zentro teknologikoen eta enpresen arteko lankidetza handiagoa
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburu Arantxa Tapiak Mondragon Unibertsitatearen Arrasateko Goi Eskola Politeknikoa bisitatu du gaur goizean. Bertan, Vicente Atxa errektorearekin bilera bat izan du eta eskola honetako laborategietan garatzen ari diren eta industriarekin zerikusia duten proiektuak ezagutu ditu.
Bisita honetan, sailburuak iragarri du, laster oraindik ere deitu gabe dagoen I+Gko azken programa aterako dela, hots, 30 milioi eurotik gorako Emaitek programa.
Hala, sailburuak hau esan du: «2015erako jarritako helburuak eta konpromisoak bete ditugu, bai Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea berrantolatzeari dagokionez bai aurrekontuari dagokionez, zeren aurten I+Grako 133,6 milioi euro emango ditugu, iaz baino % 7 gehiago.»
Sailburuak bisita Estibaliz Hernáez sailburuordearekin eta Aitor Urzelai zuzendariarekin batera egin du. Bisita hau Goi Eskola Politeknikoko zuzendariak egindako gonbidapenagatik egin da; sailburuak eskola honetako funtzionamendua eta misioa ezagutzeko eta bertako laborategietan garatzen diren proiektu tekniko batzuk in situ ikusteko helburuarekin.
Unibertsitatearen eta enpresen arteko harremana estutzea
Unibertsitateak egiten duen lanari buruz, sailburuak nabarmendu du, Euskadin ekonomia lehiakor bat izateko unibertsitateen, zentro teknologikoen eta enpresen arteko triangelua are gehiago estutu behar dela.
Euskal unibertsitateak ezagutza-belaunaldiaren zati oso aktiboa direnez, ezagutza hori industriara eta enpresa-sarera eramaten laguntzen dute.
Euskal industriak, batez ere ETEek, ikerlarien gero eta behar handiagoa dute eta, ondorioz, ikerketa-modu berriak ari dira sortzen; eta horixe egiten du MUk elkarlaneko ikerketaren bidez.
Merkatura hurbiltzea eta espezializazioa
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea berrantolatzeko dekretua onartuta, sare honetako eragileek badakite lehentasunezko bi irizpide daudela: bata, merkatura hurbiltzea eta, bestea, espezializazioa. Azken horrek Euskadiko espezializazio adimentsuaren estrategiarekin bat egiten du, gainera.
Sareko eragilea izateak edo Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak diruz lagundutako programetan parte hartzeak esan nahi du 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Planean ere jasota dauden irizpide horiek barneratzea.
-
2015-09-02
Comentario de Twitter:
Gobierno Vasco ha cumplido con compromiso de reforzar la I+D en 2015 confirma @arantxa_tapia #innovacion vía @irekia http://t.co/ag8cgGjgLs