Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Euskadik bi urtean berreskuratu du krisialdian galdutako enpleguaren laurdena

2015.eko irailak 02
  • Erregistratutako langabezia kopurura 1.869 pertsona gehitu dira hilabetean; % 1,23ko igoera uztailekoaren aldean. 155.769 langabe daude guztira
  • Duela urtebeteko kopuruarekin alderatuta 13.419 langabe gutxiago dira (% 7,93 gutxiago); Gizarte Segurantzak 15.119 afiliatu gehiago izan ditu EAEn, orobat
  • Hil honetan erregistratutako langabeen % 29,21 Hezkuntzaren sektorekoak dira, maiatzetik 2.136 langile galdu baititu

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak langabeziaren beheranzko joera dagoela nabarmendu du, abuztuko igoera puntuala gorabehera, eta horrek azkenaldian lan-merkatuaren susperraldia dagoela erakusten duela.

Horrela bada, hauxe ekarri du gogora sailburuak: «2008an, krisialdiaren hasieran, gure autonomia-erkidegoan 80.000 langabe zeuden, eta 180.000 ziren bost urte geroago. Horrek esan nahi du bost urtean 100.000 lanpostu inguru galdu zirela. Baina harrez geroztik 25.000 lanpostu berreskuratu ahal izan ditugu, laurdena; joera positiboa erakusten du horrek». Urteko zortzigarren hila amaitzerako, 155.769 langabe zeuden Euskadin.

Abuztuan langabeziak uztailean baino 1.869 pertsona gehiago erregistratu dituela ere nabarmendu du Ángel Toñak –% 1,23ko gehikuntza, alegia–. «2.000 pertsona inguru dira, eta horientzat aukerak bilatzeko egingo dugu lan», adierazi du. Duela urtebeteko egoeraren aldean, 13.419 langabe gutxiago dira, hau da, % 7,93ko jaitsiera. Urtetik urterako bigarren balantzerik onena da 2013ko abendutik, iragan hilabetearen atzetik, hain zuzen.

Langabezia abuztuan urtero handitzen dela azaldu du Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, jarduera ekonomikoaren jaitsiera handia dagoen urteko hil horretan behin-behineko kontratuak amaitzearen eraginez batez ere. Hori horrela, krisialdiaren aurreko urteetan langabeziak abuztuan izandako igoerak krisialdiko urteetan baino handiagoak ziren, azken hauetan, izan ere, langile kopurua doituago zegoenez, txikiagoa izan da abuztuko geldialdi ekonomikoaren ondorioz kaleratutako langile kopurua.

Aurtengo abuztuan, halaber, hezkuntzaren sektorearen eragina bereziki nabarmendu da; uda guztietan langabe ugari egoten dira sektore horretan baina udazkenean lana berriro topatzeko aukera izaten dute horiek. Abuztuan izandako langabeen ia heren bat hezkuntzari lotutako pertsonak dira; 1.869tik 546 (% 29,21). Sektore horren udako etenaldiaren ondorioz pertsona ugari gelditzen dira lanik gabe; hala, maiatzetik 2.136 langabe daude jarduera horri lotuta.

«Jaurlaritza hau kualitatiboagatik arduratuta eta kezkatuta» dagoela ere nabarmendu du Toñak. Hori dela eta, sinatutako kontratu mugagabeen kopurua oraindik «konpondu gabeko arazoa» dela esan du. Abuztuan, 54.272 kontratazio egin dira EAEn, eta horietatik 2.924, % 5,39 bakarrik, izan dira kontratu mugagabeak. Hil horren ezaugarri bereziak direla eta, kontratuen kopurua %35,1 jaitsi da pasa den hilabetearekiko, baina % 7,7 hazi da iazko abuztuan erregistratutako kontratazioarekiko.

Duela urtebeteko egoerarekin alderatuz gero, euskal ekonomiarentzat hain garrantzitsuak diren sektore hauetako langabe-zerrendetan izandako jaitsierak nabarmentzen dira: industrian (% 14,02); eraikuntzan (% 13,37) eta zerbitzuetan (% 7,22). Industriako sektoreak izandako susperraldia bereziki nabarmendu du sailburuak, «tradizioz enpleguaren kalitate handiagori lotutako» sektorea baita.

Afiliazioa

Abuztuan, 885.409 izan dira, batez beste, Gizarte Segurantzan Euskadin afiliatuak, aurreko hilean baino 9.819 gutxiago (% 1,10eko murrizketa uztailarekin alderatuta). Hala ere, urtetik urterako balantzean 15.119 afiliatu gehiago daude (% 1,74). Hileko jaitsiera hori azken bost urteetan izandakoaren ildotik doa, abuztuan 9.769 afiliatu gutxiago izaten baitira batez beste, oso antzeko kopurua, beraz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)