Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Bilboko eta Donostiako itsas hondoen doitasun handiko kartografiaren aurkezpena

2010.eko uztailak 22

AZTI-Tecnaliak Donostia eta Bilbo aurreko itsas hondoen kartografia aurkeztu du gaur. Kalitate eta doitasun handiko material hori oso lagungarria izango da zenbait arrantza eta aisialdi jardueratarako, besteak beste, arrantzarako, urpekaritzarako edo surferako. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailak finantzatu du proiektua. Bilboko Itsas Museoan egin den aurkezpen ekitaldian, Nieves Teran Ingurumen sailburuordeak eta Adolfo Uriarte AZTI-Tecnaliako Itsas Ikerketa Unitateko zuzendariak parte hartu dute.

Gaur aurkeztutako materiala euskal kostaren aurreko plataforma kontinental osoa kartografiatzeko proiektu bati dagokio. Proiektu horretan xehatzen dira puntu azpimarragarrienak, hala nola harkaitzen azaleratze eremuak, itsaspeko arroilak edo pezioak. Lan hori AZTI-Tecnaliako Itsas Dinamika eta Ozeanografia Operazionaleko sailak burutu du. Aurki, plataformako beste puntu batzuei dagozkien mapa kartografikoak ere argitaratuko dira. Mapa guztiak http://tienda.azti.es/ webgunean erosi daitezke.

Bilboko eremu geografikoko kartografiak Kobaron eta Barrika arteko barne plataforma kontinentala hartzen du; Donostia ingurukoak, aldiz, Donostiaren aurreko itsas hondoa.

Ikerlan honetan lortutako informazioa oso baliagarria da itsas hondoak sedimentuen arabera sailkatzeko, hartxintxarrak, harea, lokatzak eta tarteko ñabarduren arteko bereizketa eginda. Era berean, artisau-arrantzari dagozkion eremuen eta arrantza mota hori egiten den itsas hondoen xehaketa geografikoa egin da.

Itsas hondoen ezaugarriak jakitea oinarrizkoa da habitaten banaketa ezagutu eta aurreikusteko, baita klima-aldaketak habitatean eta gure estuario eta hareatzen prozesu geomorfologikoetan izango duen inpaktua ondorioztatzeko ere bai. Bestalde, indarrean dagoen legeari jarraiki, ezinbestekoa da itsas hondoen eta habitaten karakterizazio morfologikoa egitea, haiek babestu eta kudeatzeko beharrezko neurriak hartu ahal izateko.

Erabilera eta sektore onuradunak

AZTI-Tecnaliak egindako lanari esker, SASEMARek (Itsasoko salbamendu eta segurtasunerako elkartea), Ertzaintzak, Larrialdiei Aurregiteko Zerbitzuek, Gurutze Gorriak eta beste zenbait erakundek itsas hondoetako plano hobeak eta xehatuagoak izango dituzte eskura, itsas istripuetako biktimen bilatze eta erreskate lanak optimizatzeko. Horrela, erreskate lanen bilaketa denbora eta gastuak murriztuko dira.

Artisau-arrantzaren sektorearentzat, bereziki itsaski-bilketa, tretza eta maila-sareen lanetarako oso erabilgarria izan daiteke informazio hori, gehiago arrantzatzeko aukera ematen baitie. Halaber, portuetan ere oso baliagarria izango da informazioa, sakonera eta dragatze lanak zehazteko.

Informazio kartografiko hori itsas inguruari buruzko ikerketa mota guztiak (biologikoak, geologikoak eta hidrodinamikoak) egiteko erabili dezakete EHUk, AZTI-Tecnaliak edo inguru horri buruzko interesa duen beste edozein erakundek.

Itsas aisialdiko jardueretarako ere onuragarria izango da azterketa hau. Surflarientzat oso interesgarria da kostatik hurbil dauden itsas hondoak ongi ezagutzea. Hondoen kokapena zehazki ezagutzeak eta olatu baldintzak ongi aurreikusteak kirol hori egiteko tokirik eta momenturik egokienak aurkitzen lagunduko du. Era berean, informazio hori oso baliagarria izango da olgetarako nautikarako eta kirol arrantzarako.

Nautika eskolek, bestalde, nabigazio simulagailuetan sar dezakete informazio hori. Horrela, EAEko portuetara sartzeko maniobra birtualak hobeto egokituko dira errealitatera, eta horrek etorkizuneko kapitain eta ontziburuen prestakuntza hobetuko du.

Urpekaritza elkarte eta eskolek ere etekina atera diezaiokete informazio horri, murgilketak birtualki prestatzeko eta bisitatu nahi diren lekuak zehatz-mehatz eta segurtasun handiagoz planifikatzeko. Garraio publikoko itsasontziek, ingurumen hezkuntzarako zentroek, itsas museoek, akuarioek, interpretaziorako guneek eta abarrek ere erabil dezakete informazioa. Halaber, itsasoko kirol ekitaldiak eta nautika eta arraun elkarteak ere material horretaz profita daitezke.

Sorta aniztuneko zunda


AZTI-Tecnaliako ikerlariek sorta aniztuneko ekozunda bat erabili dute ikerketarako. Teknologia horrekin, pultsu akustiko anitzeko sorta baten bidez, hondoetako topografia erreproduzitu daiteke, zehaztasun handiz eta ikerketa eremu zabal batean. Zehatza izateaz gain, azkarra ere bada. Horren ondorioz, laginketa lanak nabarmen murrizten ditu. Kanpoko lanetarako ontzia erraz maniobratzen da, eta sakonera txikia du. Bestalde, oso egokia da laginketa lanak itsasertzetik hurbil eta portu eta estuarioetan egiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Nieves Teran