Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak amaitutzat jo du udako operazioa

2015.eko irailak 01
Iaz baino zirkulazio-dentsitate eta hildako gehiago izan dira Euskadin
 
Ekainaren amaieran, udako operazioa aurkeztu zuenean, Trafiko Zuzendaritzak egindako aurreikuspenak bete dira: Euskadin zirkulatu duten ibilgailuen kopurua handitu egin da eta, zirkulazio-dentsitate handia arintzeko ezarritako neurriei esker, ilarak ez dira handiagoak izan.
 

Ibilgailuen irteera eta itzulera datei dagokienez, nazioarteko zirkulazioa esperotakoa izan da. Horrenbestez, auto-ilarak ohiko egunetan eta lekuetan sortu dira, eta Gipuzkoak izan ditu arazo gehien.

Ezbeharrei dagokienez, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, 1.049 zirkulazio-istripu gertatu dira. Horietatik 353tan izan dira biktimak (9 hildako –sei gizon eta hiru emakume-, 59 zauritu larri eta 467 zauritu arin). Gainerako 696 istripuetan kalteak materialak izan dira soilik. Iaz, aldi berean, istripu kopurua handiagoa izan zen (1.231) baina biktima gutxiago egon ziren (4 hildako, 43 zauritu larri eta 436 zauritu arin).

Lurralde historikoen arabera, Bizkaian izan da zirkulazio arazo gutxien uda honetan. Azken urteetan, Eibar eta Gasteiz arteko AP-1eko zatia ireki zutenetik, Frantziatik datorren ibilbide luzeko zirkulazioa ez da Bizkaitik igarotzen. Auto-ilarak Kantabriako mugan sortu dira, Bilbo eta ondoko erkidegoko kostaldearen arteko zirkulazioagatik. Iazko egoerarekin alderatuta, joan-etorrien kopurua handiagoa izan da, ziurrenik eguraldia hobea izan delako. Ostiral arratsaldeetan sortu dira auto-ilarak. Nabarmentzekoak dira uztailaren 24koak, 14 kilometro arteko ilarak sortu baitziren. Guztira, 373 istripu gertatu dira (horietatik 152tan biktimak egon ziren), baina ez da egon hildakorik. Iaz, ordea, 420 istripu gertatu ziren (158tan biktimak egon ziren) eta hiru lagun zendu ziren.

Bestalde, Araban, irteera operazioko arazo nagusiak Gasteiz parean sortu ziren, AP-1 autopistaren eta N-622 errepidearen eta A-1 autobiaren arteko lotuneetan. Abuztuko lehen asteburuan auto-ilarak sortu ziren. Etxabarriko ordainlekuan 6 kilometro hartzera iritsi ziren, abuztuaren 1ean. Asteburu berean, ia 8 kilometroko auto-ilarak sortu ziren A-1 autobiatik AP-1 autobideko Armiñoneko ordainlekurako sarbidean, Madrilerako norabidean. Itzulera fasean, arazoak A-1 autobiaren eta N-622 errepidearen arteko lotunean sortu ohi dira, Gasteiz parean, Irunerako eta Bilborako norabideetan. Zirkulazio-dentsitatea handia izan da, abuztuko azken astean batez ere. 5 kilometro arteko auto-ilarak sortu ziren egunero, abuztuaren 27an izan ezik, 14 kilometro artekoak izan baitziren. Aurtengo udan 191 zirkulazio-istripu gertatu dira Araban (45en biktimak egon dira, horietako bat hil egin da). 2014ko udan, 232 istripu gertatu ziren (49tan biktimak egon ziren, baina ez zen hildakorik izan).

Gipuzkoari dagokionez, azpimarratu behar da 2009. urtean AP-1 autobideko Eibar eta Gasteiz arteko zatia ireki zutenetik, Euskadi zeharkatzen duten ibilgailu gehienek ibilbide hori erabiltzen dutela, N-1 eta AP-68 errepideak hautatu ordez. Arazo gehienak AP-8 autobideko Irungo ordainlekuan gertatu dira, Kantabriarako norabidean, Frantziatik iritsitako autoengatik. Abuztuko lehen asteburuan auto-ilarak sortu ziren. AP-8 eta AP-1 autobideen arteko Eibarko lotunean ere auto-ilarak sortu ziren, goizaldean Eskoriatzan, Madrilerako norabidean, gertatutako istripu batengatik. Errepidea itxita egon zen goizeko 7:00ak arte. Bestalde, Itziarko gasolindegia beteta egon zen une batzuetan ibilgailuen kopuru handiarengatik. Oporretako itzuleraren kasuan, auto-ilarak abuztuko bigarren hamabostaldian sortu dira. Egunik okerrena abuztuaren 27a, osteguna, izan zen. Auto-ilarak 12 kilometro artekoak ere izan ziren. Ezbehar kopuruari dagokionez, Gipuzkoan 485 istripu gertatu dira (156tan biktimak egon dira, eta horietako zortzi hil egin dira). Iazko udan, 579 istripu gertatu ziren (154tan biktimak egon ziren, eta bat hil egin zen).

«Zoritxarrez, aurtengo udan hildako biktimen kopurua iazkoa baino handiagoa izan da; hala ere, behin baino gehiagotan esan dugu, 2014. urtea berezia izan zelaadierazi du Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak-. Dena den, azken hamabost urteetan Euskadin gertatutako zirkulazio-istripuetako hildakoen kopurua gero eta txikiagoa izan da. 2005ean 22 lagun zendu ziren, eta 2000. urtean, 36».

«Kontuan izan behar da halako zifrekin hobetzeko marjina gero eta txikiagoa dela, baina lanean jarraituko dugu hildakoen kopurua txikitzeko –gehitu du sailburuordeak-. Hildakoak eragin dituzten ezbeharren kausak aztertzean, datu esanguratsu bat aurkitu dugu: zendutakoen % 20k segurtasun-uhala jantzi gabe zeukan. Alderdi hori gainditutzat jotzen genuen, baina berriz abiarazi beharko ditugu kontzientziazio-kanpainak, denok erne egon gaitezen. Segurtasun-uhalak bizitzak salbatzen ditu. Ezin dugu ahaztu».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau