Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimeneko irabazleek jaso dute saria

2015.eko abuztuak 31
  • 20 irabazle gazteek literatura-egonaldia egiten ari dira Elgoibarko Aubixa baserrian, abuztuaren 31tik irailaren 4ra
  • Bigarren Hezkuntzako 118 ikaslek hartu dute parte literatura-ekimenean
  • Lan sarituekin liburua argitaratu du Eusko Jaurlaritzak, eta eskola guztietara banatuko da aurki

Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimenean saridun gertatu diren 20 gazteak euren saria gozatzen hasita daude dagoeneko: bost eguneko literatura-egonaldia Elgoibarko Aubixa baserrian. Hasi abuztuaren 31n eta irailaren 4ra arte, euren sormena lantzeko literatura-tailerrak izango dituzte gazteok, baina baita berriro eskolara itzuli aurretik elkarrekin egun gogoangarri batzuk pasatzeko aukera ere.

Baina 20 idazle gazteok Aubixa baserrira abiatu baino lehen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak harrera egin die gaur goizez Elgoibarko Kultur Etxean, bai saridunei eurei eta baita hauen senitartekoei ere. Harrera ekitaldian parte hartzaile izan dira, Begoña Garamendi, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, Ane Beitia, Elgoibarko alkatea, eta Jasone Osoro, Euskal Idazleen Elkarteko presidentea.

Literatura egonaldia Elgoibarko Aubixa baserrian

Elgoibarko kultur etxeko harrera ekitaldia bukatu bezain laster, aurtengo saritu guztiak autobusean sartu eta San Pedro auzoko Aubixa baserrira abiatu dira. Bertan egongo dira ostiralera arte (abuztuaren 31tik irailaren 4ra), eurentzat beren beregi antolaturiko literatura-egonaldian. Sormen lanketarako eta literatura zaletasuna pizteko aukera ederra gazteentzat.

Bost egunez, lagun izango dituzte Aubixako egonaldian Yolanda Arrieta, Maite Franko eta Jon Martin, besteak beste. Idazle, ipuinlari eta sortzaile hauekin gertuko eta zuzeneko harremana izango dute gazteek. Arrietaren eskutik, literatura tailerretan parte hartuko dute; Maite Frankorekin berriz, antzerki-jolasak eta gaubela literarioak izango dituzte; eta Jon Martinekin, azkenik, afalosteko musika emanaldiak. Baina aipaturiko horiez gain, eskulanak egiteko tartea ere hartuko dute, bai eta irteera ludikoak egitekoa ere, Hondarribira eta Hendaiako Abaddia gaztelua bisitatzera.

Urruzunotarrak, 30 urtez

Urte luzez indarrean izandako Urruzuno literatura lehiaketaren jarraipena da gaur egungo Urruzunotarrak Gehituz literatura ekimena. 30. ediziora iritsi da aurten lehiaketa. Ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea da ekimen honen helburua, hitz lauz edo olerkiz, euskarazko sormena belaunaldi gazte berrietan indartuz. Ez da asmo hutsa, azken hamarkadetako praktikak ondo frogatu duen gertakaria baizik: Urruzuno saria irabazi izan duten hainbat neska-mutil egungo euskal idazle ezagunenen artean daude.

Urruzunotarrak Gehituz literatura ekimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen du, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Adina kontuan harturik, bi kategoria bereizten dira: A kategorian, Batxilergoan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari diren gazteak; B kategorian berriz, DBHko 3. eta 4. mailetan ari direnak.

Epaimahaia

118 lan aurkeztu dira orotara aurten ekimenera, eta horietatik 20 aukeratu ditu epaimahaiak, 10 lan kategoria bakoitzean (5 prosan eta 5 poesian). Egungo euskal literaturan eta kultur munduan entzute handikoak diren izenek osatu du aurten ere, ohi den eran, Urruzunotarrak Gehituz ekimenaren epaimahaia: Castillo Suarez, Katixa Agirre, Leire Bilbao. Miren Agur Meabe eta Urtzi Urrutikoetxea izan dira epaimahaikide.

2015eko edizio honetan saritu gertatu diren lan guztiekin liburua argitaratu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Sagastiberri bilduman, eta laster banatuko da eskola guztietara.

 

Urruzunotarrako Gehituz, 2015. Sarituen zerrenda:

 

PROSA, A KATEGORIA

Peru Amorrortu Barrenetxea (Armentia ikastola, Gasteiz) “Beragatik”

Uxue Millet Oyarzabal (Urretxu-Zumarraga ikastola, Urretxu) “Benetako maitasuna”

Ane Iturriarte Basterretxea  (Gernika institutua, Gernika) “Ezezagunak”

Irati Ricon Santoyo (Beasain institutua, Beasain) “Bera”

Jon Larrabide Fuldain (Lauro ikastola, Loiu) “Gaberako aterpea”

Araitz Peña Mallona (Lauaxeta ikastola, Zornotza) “Urak eta haizeak dakartzaten gutunak”

PROSA, B KATEGORIA

Irantzu Zubeldia Olasagasti (Aita Larramendi ikastola, Andoain) “Doinu bat iluntasunean”

Ainhoa Gojenola Urrutia (Lekeitio institutua, Lekeitio) “Azken hatsa”

Karmele Garatea Zaballa (Lekeitio institututa) “Ordua da”

Irati Uribesalgo Muñoz (J.M. Iparragirre institutua, Urretxu) “2019ko otsailaren 23a”

Nagore Cuevas Trujillo (Saturnino de la Peña institutua, Sestao) “36 kilometro”

POESIA, A KATEGORIA

Iñigo Perez Mujica (Beasain institutua, Beasain) “Orro eta Ulu”

Lurdes Ondaro Mallea (Gernika institutua, Gernika) “Hegan”

Irati Ricon Santoyo (Beasain institutua, Beasain) “Requiescat in pace”

Imanol Duran Gabilondo (Zikloa)  (Urretxu-Zumarraga ikastola, Urretxu)

Alain Mendizabal Diaz (Koldo Mitxelena institutua) “Buruhauste onuragarriak”

POESIA, B KATEGORIA

Olatz Martiartu Ayestaran (Lekeitio institutua, Lekeitio) “Maite nau”

Oihane Lopez Lasa (La Salle-San Jose, Beasain) “Gaubelarena”

Maddi Puy Sorondo (Haurtzaro ikastola, Oiartzun) “Oroitzapenak”

Alaitz Estonba Loinaz (J.M. Iparragirre institutua, Urretxu) “Bizitzaren jokoa”

Oihan Astigarraga Arruabarrena (Haurtzaro ikastola, Oiartzun) “Zergatik?”

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ane Beitia, Elgoibarko alkatea; Jasone Osoro, Euskal Idazleen Elkarteko presidentea