Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Confebask-ek (Adegi, Cebek eta SEA) elkarrekin lan egingo dute 2010-2013 aldiko lehiakortasun-politika berria garatzeko

2010.eko uztailak 22

 

 Bi alderdiek euskal ekonomiaren lehiakortasun eta berrikuntza potentziala hobetzeko eta krisia gainditzeko hitzarmena sinatu dute gaur Gasteizen

 

Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko garapen ekonomikoa eta enpresa-arloko garapena gauza dadin eta horren lehiakortasuna hobetu dadin laguntzea, eta bestetik, krisiaren eraginari aurre egiten laguntzea eta 2010-2013 aldiko Enpresa Lehiakortasuneko politika berriaren helburuak lortzeko bidea errazagoa izan dadin laguntzea dira Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren, Euskal Enpresaburuen Konfederazioaren (Confebask) eta horren kide diren erakundeen (Adegi, Cebek eta SEA) goreneko arduradunek Gasteizen gaur sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren helburu nagusiak.

Lankidetza publiko/pribatuaren erakusgarri den hitzarmen horren bitartez, Confebaskek eta bere erakundeek Eusko Jaurlaritzarekin batera parte hartuko dute berrikuntzaren, naziortekotzearen, informazio-gizartearen, energiaren, garapen teknologikoaren, ingurumen-kudeaketaren, familia-enpresaren, enpresa-dimentsioaren, esperientziak trukatzearen eta jakintzak transmititzearen eta abarren alorreko jardunak aztertzeko, garatzeko eta gauzatzeko lanetan.

Hitzarmen hori bi jardun-mailatan antolatuta dago. Alde batetik, Confebask-ek gauzatuko dituen jarduerei dagokiona, eta, bestetik, Adegik, Cebek-ek eta SEAk beren lurralde-eremuetan gauzatuko dituztenei dagokiena. Urtebeteko indarraldia izango du, luzatu ahal izango da, eta 785.782 euroko ekarpena izango du orokorrean.

Confebask: lehiakortasuna lortzeko bidean

Confebasken jardunen eremuan, hitzarmenean azaltzen diren koordinazio- eta zuzendaritza-lanez gain, lehentasunezko bi ildo hartuko dira kontuan bereziki: krisi ekonomikoari jarraipena egiteko eta aurre egiteko jarduerak eta 2010-2013 aldiko Enpresa Lehiakortasuneko Politikarekin (Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ekimen horretan dihardu lanean eta Confebask-ek hura diseinatzen lagundu du ekarpenak eginez) lotutako jarduerak.

Lehenengo kasuan, Confebask-ek egoera eta ikuspegi ekonomikoak etengabe zainduko ditu eta horiei buruzko diagnostikoa egingo du; hortaz, krisia gainditzeko egon litezkeen neurriak proposatuko ditu eta dagoeneko onartuta dauden ekimenek jarduera ekonomikoaren gainean, orokorrean, eta enpresa-jardueraren gainean, bereziki, duten eraginkortasuna aztertuko du. Horretarako, hainbat tresna tekniko edukiko ditu, tresna horien artean datu-base bat aipatu behar da, baita enpresaburu eta aditu ospetsuek osatzen duten lantalde baten ekarpena ere.

Confebask-ek Ikuspegi Globalerako Mahaian eta lan-arloko beste bilera batzuetan hartu du parte azken hilabete hauetan, datorren asteko Gobernu Kontseiluan onartuko den Enpresa Lehiakortasuneko Planaren helburuak eta jardun-ardatzak ezartzeko. Ildo horretatik, Confebask-ek elkarlanean jardungo du Jaurlaritzarekin 2010-2013 aldiko Enpresa Lehiakortasuneko Politika berria hedatzeko eta garatzeko lanetan, euskal industria-sarearen iraunkortasuna, susperraldia eta lehiakortasun-hobekuntza faboratuko duten neurriak bultzatuz. Zehazki, laguntza-politikaren, berrikuntzaren, teknologiaren, nazioartekotzearen, enpresa-dimentsioaren, energia-kostuen eta informazio-gizartearen eremuetan gauzatuko dira jardunak.

Aurreikusitako ekimenen artean, azken urte hauetan Jaurlaritzak industria-sektoreari eta loturiko zerbitzuei emandako laguntza-politikaren azterketa hartzen da aintzat, horien irismena eta ondorioak egiaztatzeko.

Halaber, lehentasuna emango zaio berrikuntzarako eta teknologiarako eta 2007-2010 aldiko Zientzia Teknologia eta Berrikuntza Planerako emandako laguntzak aztertzeari, laguntza horien emaitzak egiaztatzeko eta 2015eko Planerako proposamenak egiteko. Era berean, zentro teknologikoak gehiago hurbildu ahal izateko eta Estatuko programa zientifikoen eta teknologikoen eta Euskadin aurreikusitako programen arteko koordinazioa handiagoa izan dadin ahalbidetzeko jardunak sustatuko dira. Lehentasunezko beste lan-ildo bat berritzeko dagoen premiari buruz gizartea sentsibilizatzea da.

Nazioartekotzeari dagokionez, emandako laguntzak eta indarreko planek duten eraginkortasuna aztertzeaz gain, aurreikusten da erakunde-arloko topaketa eta bidaia kopurua igo egingo dela ekonomia- eta enpresa-arloko Euskadiko errealitatea kanpora eramateko eta atzerriko inbertsoreei Euskadik eskaintzen dizkien aukerak erakusteko. Era berean, Euskadiko enpresa-kolektiboaren ikuspegia eta premiak azaltzerakoan eta nazioartekotze-kultura sustatzerakoan Confebaskek Nazioartekotze Kontseiluan dagoeneko garatzen dituen zereginekin ere jarraituko da. 

Energia-kostuei dagokienez, Confebask-ek aurreikusten du 2020ko Euskadiko Energia Estrategia berria egiten lagunduko duela. Informazioaren eremuan, halaber, IKTak lehiakortasun-elementu gisa sartzeari eta erabiltzeari dagokionez Euskadiko enpresek aurrera egin dezaten sustatzeko lanarekin jarraituko du, eta Sail honekin elkarlanean jardungo du Euskadi Informazioaren Gizartean Plan berriaren (EIGP) berrikuntzak abian jartzeko lanetan.

  

Adegi Top handitzea

Confebask-en kide diren erakundeei dagokienez, Adegik Adegi Top Topaketen programa sustatzen jarraituko du, programa horretan, orain arte, 10.500 enpresaburuk eta zuzendari taldek eta 625 enpresak baino gehiagok hartu dute parte, eta ahalbidetu du jakintza eta esperientziak transmititzea, baita lankidetza- eta elkartruke-sareak sortzea ere. 2010ean, topaketen jardun-eremuak handitu egingo dira, bai parte hartzen duten enpresa kopuruari dagokionez, bai gaiei dagokienez, etorkizuneko sektoreak sartuko direlako, hala nola teknologia berriak, biozientziak eta mugikortasuna, betiere gure ekonomiako sektore estrategikoak, berriz asmatzeko prozesuan daudenak, ahaztu gabe.

Orobat, enpresa-arloan interes handia duten alderdiei buruz adituek informazioa emateko, sentsibilizatzeko eta orientatzeko jardunaldiak antolatuko dira, eta enpresa-tailerrak bultzatuko dira, enpresek egunero-egunero izaten dituzten arazoak batera jartzeko, esperientziak trukatzeko eta praktika hoberenak bilatzeko.

Prestakuntza aurreratuaren esparruan, 2002an hasi zen 'e-gerenteak' lehiakortasun-garapeneko programarekin eta 2008an hasitako 'e-Direktiboak' programarekin ere jarraituko da.

Cebek: berrikuntzaren bultzada.

Cebek-ek garatuko dituen ekimenen barruan Bizkaiko erakundeetan berrikuntza bultzatzea hartzen da kontuan, prozesuei, ikuspegiei, pertsonei eta estrategiei dagokienez. Ildo horretatik, hainbat enpresa-topaketa, energia-alorrean enpresen portaera hobetzera bideratutako jardunak, topaketak, foroak eta lan-tailerrak antolatuko dira enpresen araudia erregularizatzeko eta egokitzeko, baita informazio teknologikoak zeharkako jakintza-arloetan erabiltzera bideratutako jardunak ere.

Beste lan-ildo bat IKTak ezartzen laguntzea da, enpresak sentsibilizatzeko, informatzeko eta prestatzeko eta zuzeneko laguntza emateko ekintzen bitartez, baita teknologia-gidak eginez ere.

Cebek-ek arreta berezia eskainiko dio, halaber, berrikuntza sustatzeari eta berritzeko ahalmenari, informatzeko eta sentsibilizatzeko, prestatzeko, trebatzeko eta ezartzen laguntzeko proiektuen bitartez.

Halaber, honako hauek ere garrantzitsuak izango dira: Bizkaiko enpresak nazioartekotu daitezen bultzatzeko ahaleginak, familia-enpresari emandako laguntza, enpresen arteko lankidetzaren sustapena, Lehiakortasun Planean azaltzen diren Euskadi Ikasten ekimenekin lotutako ekintzak, eta aukera-berdintasuna sustatzeko laguntza eta Erantzukizun Sozial Korporatiboa (ESK), besteak beste.

SEA: enpresa- eta sektore-arloko aholkularitza

Arabako enpresetarako aurreikusitako jardunei dagokienez, SEAk lehiakortasun-politika berria garatzeko eta hedatzeko lanetan jardungo du, politika berri hori ezartzeko enpresei informazioa, aholkularitza eta laguntza emanez.

Era berean, enpresa- eta sektore-aholkularitzari ere eskainiko dizkio bere ahaleginak hainbat ekimenen bitartez, hala nola Giza Kapitala Kudeatzeko Foroa, Lan Harremanen Gela Iraunkorra edo ingurumen-arloko problematikei laguntzeko jarduera sektorialak, Eusko Jaurlaritzaren programen edo araudien inguruko berrikuntzen hedapena.

ETEak kudeatzeko jardunaldiak ere egingo dira kalitatearen, hainbat alorren inguruan, hala nola ingurumen-izapideak, zorren erreklamazioak, administratzaileen erantzukizuna, REACH Europako Erkidegoko Arautegia, Datuak Babesteko Lege Organikoa eta abar.

Halaber, hainbat jardun egingo dira ingurumen-kudeaketa babesteko, baita familia-enpresa, lehiakortasuna, berrikuntza eta enpresa-arloko erantzukizun soziala edo informazioaren gizartea ere babesteko, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan