Berriak
Eu

Donostia 2016k eta Eusko Jaurlaritzak bakegintza eta bizikidetzarekin lotutako programetan lankidetzan aritzeko esparrua finkatu dute

2015.eko abuztuak 31
  • Lehen lankidetza urrian gauzatuko da, autokritikaren balio etiko eta politikoei buruzko Zuzendu jardunaldietan
  • Memoriaren Plaza izeneko herritarren parte-hartze ekimenak berariazko isla izango du Donostia 2016ren programazioan
  • Biktimen errekonozimendurako hainbat arte-proiektutan arituko dira elkarlanean

Europako Kultur Hiribururako Donostiaren hautagaitzaren nortasun-ezaugarri nagusia bakea eta bizikidetza izan zen. Hiri eta gizarte baten ahalegin askotariko eta anitza; hiriak, indarkeriaren oldar larriak pairatuta ere, bizikidetza integratzaile eta sortzailea bere esperientzia munduarekin partekatzeko kultur bandera bihurtu nahi baitzuen.

Gogoeta hori da Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren eta Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren arteko lotura-puntu garrantzitsuena. Lankidetza-esparrua ezartzea erabaki dute bi erakundeok Bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko ekintza praktiko eta zehatzak garatzeko.

Horrela bada, bi oinarri izango ditu aipatutako lankidetzak: batetik, DSS2016EUk idazkaritzaren lankidetza, aholkularitza eta laguntza jasoko ditu hiriburutza, eta bereziki Bakearen itsasargia, bakegintzaren eta bizikidetzaren arloan jorratzen ari den hainbat proiektu eta gaitan; bestetik, Eusko Jaurlaritzak DSS2016EUren ekimenen barruan bere programazioaren espiritu eta filosofiarekin bat datozen proiektuak gehituko ditu.

Horrekin guztiarekin batera, lan-esparrua ere finkatu dute ekintza batzuen jarraipena eta ondarea bermatzearren. Lankidetza-esparru horren barruan honako lan-ildo hauek daude abian, besteak beste:

Memoria. Memoriaren plaza Donostia 2016n

Memoriaren plaza Eusko Jaurlaritzaren herritarren parte-hartze programa bat da. Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia, Gobernu Irekiaren Zuzendaritzarekin elkarlan estuan, programa hori garatzen ari da 2015eko ekainetik urrira bitartean, Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutua abian jartzearekin batera. Ekimen horren bidez herritarren memoriari buruzko lekukotzak, idatziak edo telefono mugikorrez grabatuak, biltzen ari dira. Memoria eraikitzea lan partekatua eta anitza da; guztiok dugu horretan parte hartzeko eskubidea, eta guztiok gaude bertan parte hartzera gonbidatuta. Pertsona oro da memoriaren zati.

DSS2016EUk bere programazioaren barruko hainbat ekimenen bitartez lekukotzak biltzen laguntzea erabaki du. Lehenik, 2016ko urtarriletik ekainera bitartean, Antzerki-foruma: eta hik zer? proiektuan parte hartzen duten pertsonei lekukotzak in situ uzteko aukera eskainiko die.

Bigarrenik, Memoriaren plazari lotutako espazioa prestatuko du Bakearen miliaren barruan; Urumea ibaiaren erriberan zeharreko 1,5 km-ko ibilbide horrek plano ezberdinetatik (iraganaren begirada, memoria eta erreparazioa, besteak beste) bakeari buruzko gogoeta egitera bultzatuko ditu ibiltariak.

Ibilbideak 2016ko ekainetik abendura arte iraungo du, eta hor Memoriaren plazari lotutako espazio bat prestatuko dute. Ibilbidea egiten dutenek ordura arte bildutako lekukotzak ezagutu eta ikusteko aukera izango dute espazio horretan, eta beren lekukotzak ere gehitu ahal izango dituzte.

Biktimak. Omenaldi artistikoa

Bakearen itsasargia arte-adierazpenen bidezko biktimen memoriari buruzko proiektua lantzen ari da, eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren lankidetza izan du horretarako. Proiektu hori aurki aurkeztuko dute; hain zuzen, 2016an egingo dituzten hiru arte-emanaldik osatuta dago aipatutako proiektua. Emanaldi horiek biktimak musikaren eta hitzaren bitartez gogorarazi eta aitortzea dute helburutzat, antzezpen artistiko eta sentsoriala baliatuz.

Gogoeta. Zinexit eta Zuzendu jardunaldiak

Urriaren 26tik 29ra bitartean Zinexit Elkarbizitzaranzko Zinema Erakusketa egingo da Bilbon. Urriaren 30 eta 31n «Zuzendu. Autokritikaren balioak» izeneko I. jardunaldiak izango dira. Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak bultzatzen ditu bi ekimenok. Urriaren 29an, osteguna, Zinexiten barruan, dokumental bat aldi berean estreinatuko dute Bilbon eta Donostian Globernance Institutuarekin batera antolatutako Zuzendu jardunaldien atari modura; San Telmo museoan egingo dira aipatutako jardunaldiak. DSS2016EUk dokumentalaren aldibereko estreinaldian, Donostian, zein Zuzendu izeneko lehen jardunaldietan parte hartuko du, bai eta 2016an egindakoetan ere.

Murgiltze artibista. Gizarte-premiei heltzeko artea

DSS2016EU Gernikako Bakearen Museoarekin eta Gernika Gogoratuz elkartearekin batera garatzen ari da proiektu hori. Ikerketa-, parte-hartze eta erakusketa-prozesu horren bitartez pertsonen, kulturen eta ekosistemen arteko harremanen arloko gizarte-premiei heltzeko orduan arteak zer eragin eta ekarpen dituen aztertzen ari dira. Nazioarteko gonbidatuen eta gure inguruko kultura- eta gizarte-eragileen arteko topaketen bidez garatuko dute prozesua; horiez gain, bilera horietan egindako lana oinarri hartuta, herritarren esku-hartzeak ere egongo dira.

Uneotan proiektu horiek jorratzen ari gara, besteak beste. Gaur egun, halere, bi erakundeontzat interesgarriak diren beste ekintza batzuk ere lantzen ari gara; hala nola, Baitara baitara (erlijioen arteko elkarrizketa) proiektuari lotutako ekintzak, memoria historikoari buruzko ekimenak, bake-programak edota Europako dimentsio edo proiekzioa duten jarduerak. Zehaztu ahala ezagutarazi egingo ditugu horiek. Interes bera dugu akuilu: esperientzia mingarri eta bidegabea errealitate kontzientziadun eta bakearen eta bizikidetzaren kulturarekin konprometitu bihurtzea. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Beste gonbidatu batzuk
  • Miren Azkarate, Concejala Delegada de San Sebastián 2016, Cultura, Euskera y Educacion;Pablo Berástegui, Director de San Sebastián 2016