Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Angel Toñak Bunuzen alokairuaren sustapena eta euskal ereduko etxebizitzen birgaitzea aldarrikatu du

2015.eko abuztuak 28
  • Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak Euskadin alokairuan dauden etxebizitzen parke publikoa 17.770etik gorakoa dela azpimarratu du, eta, Jaurlaritzak sustatutako programei esker, handitu egin dela.
  • 2014an, 13,4 milioi euro erabili ziren 11.632 etxebizitza birgaitzeko. Ondorioz, EAEko BPG 153 milioi eurotan handitu zen.

Supastera elkarteak Bunuzen (Nafarroa Beherea) urtero antolatzen dituen Inxauseta jardunaldien aurtengo edizioan, Angel Toñak azaldu du Eusko Jaurlaritzak gauzatzen duen etxebizitza politikaren lehentasuna etxebizitza-eskaerari erantzutea dela.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak duela gutxi onartu duten Euskadiko Etxebizitza Legeari buruz hitz egin du, eta arauak ezartzen dituen zenbait tresna berri azpimarratu ditu: etxebizitza bat izateko eskubide subjektiboa, bi urte baino gehiago bizilagunik gabe egon den etxebizitza oro etxebizitza huts gisa adieraztea eta hipoteka prozeduraren eraginez ohiko etxebizitza bat finantza-erakunde bati esleitzen zaionean edo maizterrek jabe pribatuei errenta pagatu ezin dionean, etxebizitzaren erabilera aldi batez desjabetzea. Azken horri esker, gizarte bazterkeria arriskuan egongo litzatekeen familiak etxebizitza gehienez beste hiru urtez erabiltzeko aukera izango luke. Horretarako, familiak gehienez bere sarrera haztatuen % 30 ordainduko luke errenta gisa, eta Eusko Jaurlaritzak, desjabetzagatiko balio justua.

Baina Angel Toñak gogorarazi du horietako kontu batzuk oraindik eztabaidatzeke daudela, eta hurrengo asteetan eztabaidatuko dituztela Estatuko Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, Madrilen uste dute etxebizitza hutsen adierazpena eta etxebizitzaren erabileraren aldi batera desjabetzea Espainiako Konstituzioaren kontrakoak direla. Horrenbestez, baliteke legea etenda geratzea, Konstituzio Auzitegian errekurtsoa aurkezten badute.

«Europa eta etxebizitza: Frantziaren ereduari eutsi behar zaio? Zer ekar dezake Europak?» jardunaldian, sailburuak etxebizitzaren arloko Euskadiko eredua nabarmendu du. Gainera, Eusko Jaurlaritzak gauzatzen duen etxebizitza-politikaren ildo estrategikoak behar dituzten pertsonei etxebizitzak eskuratzea errazteko alokairua sustatzea eta birgaitzea eta leheneratzea bultzatzea direla azpimarratu du.

Hala, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak alokairua bultzatzeko abiarazi dituen neurriak aipatu ditu. Horiei esker, alokairuan dauden etxeen Euskadiko parke publikoa 17.770etik gorakoa da. «Eusko Jaurlaritzak 11.691 etxebizitza kudeatzen ditu, eta haien batez besteko hileko errenta 281 eurokoa da», adierazi du. Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak Bizigune eta ASAP programak sortu dituela, eta horien bidez erabiltzen ez ziren 5.000 etxebizitza mobilizatzea lortu dutela.

Gainera, 2008an Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema indarrean jarri zenetik, etxebizitzen parke publikoaz gozatzen ez dutenek hilero 250 euroko diru-laguntza jaso dezakete, alokairua ordaindu ahal izateko. «2014.urtean, 76 milioi euro bideratu genituen helburu horrekin 29.000 familiari laguntzeko», esan du.

Gainera, azaldu du etxebizitza-politika EAEren eskumena izan arren, udalekin koordinatzea funtsezkoa dela.

Birgaitzea

Beste alde batetik, Angel Toñak azaldu du Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politikaren bigarren alderdi nagusia birgaitze-eredu berria bultzatzea dela, EAEko etxebizitzen ezaugarri nagusia haien antzinatasuna delako. «Birgaitzea ez da aukera bat, betebehar bat baizik. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak Renove Birgaitze Plana abiarazi du, kontserbazioa, irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko», esan du sailburuak.

Sailburuaren azalpenen arabera, 2014an 13,4 milioi euro bideratu zituzten 11.632 etxebizitza birgaitzeko. Diru-laguntza horiek 227 euroko zuzeneko inbertsioa sortu zuten, eta 220 milioi euroko zeharkako efektua (guztira, 446 milioi euroko eragina). Ekonomiaren efektu biderkatzaileari esker, inbertsio horrek 153 milioi eurotan (% 0,23) handitu zuen EAEko BPG.

Toñak jardunaldiaren «Zer ekar dezake Europak?» atalean hartu du parte. Atal berean izan dira hizlari Filippo Delle Piane (Italiako Eraikitzaileen Elkarte Nazionaleko lehendakariordea), Sébastien de Brouwer (Europako Banku Federazioko kidea), Paul Doe (SB taldeko zuzendari nagusia), Raymond Hencks (Europako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko sindikatuen ordezkaria), eta Alain Pirat-ek (Suitzako Enpresaburuen Elkartearen idazkari nagusia). Jardunaldia Sylvia Pinel Frantziako Etxebizitza eta Lurraldeen Berdintasun ministroak inauguratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Sylvia Pinel Frantziako Etxebizitza eta Lurraldeen Berdintasun ministroa