Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Mendatan atzo aurkitutako gudariaren gorpua atera dute, Giza eskubideetako zuzendaria aurrean dela

2015.eko abuztuak 27

Baliteke datorren asteetan gudari gehiagoren arrastoak topatzea Burdinazko Gerrikoan

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Mendatako Marmiz auzoan topatutako gudarien gorpua atera dute gaur. Ziurrenik, Otxandioko batailoiko Pedro Uriguen gudariarena izango da, Gerra Zibilean borrokatu baitzen. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetako zuzendari Monika Hernando, gudarien senitartekoekin batera. Guztiek ere, egindako lana eskertu dute.

Ikertzaileek azaldu dutenaren arabera, gudariaren gorpua buruz gora zegoen lurperatuta, eta, hezurrekin batera (garezurra, eskuineko besoa eta hankak paraleloan), beste objektu batzuk ere topatu dituzte, hala nola hiru botoi beltz, sardexka bat, koilara bat eta kartutxoak.  Giza Eskubideetako zuzendariak azaldu du aurkikuntza honekin «egia eta memoria zati bat» berreskuratu direla, eta berretsi du Eusko Jaurlaritzak lanok arduraz egingo dituela, guztia ere egia, berreskuratzea eta justizia eskubideak betetzeko. Era berean, inguru horretako bizilagunen lana ere eskertu du, haiek esan baitzieten senitartekoei bertan zegoela Pedro Uriguenen gorpua.

Baliteke datorren asteetan gudari gehiagoren arrastoak topatzea Burdinazko Gerrikoan; izan ere, duela zenbait hilabetetatik, Karraderan taldea eta Larrabetzuko Udala, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin elkarlanean, Gerra Zibilean desagertu ziren gudarien gorpuzkiak aurkitzeko lanetan ari da. Azken egunetan, hainbat hilobi aurkitu dituzte Burdinazko Gerrikoko defentsa-egiturekin lotuta.

Larrabetzu Burdinazko Gerrikoko defentsa-egitura horien balioa nabarmentzeko proiektua gauzatzen ari da, horiek garbitu eta bisitatzeko ibilbideak prestatuz. Lan horien ondorioz gerra zibileko gorpuzkiak dituzten bi ehorzketa-toki agerian utzi dituzte, eta laster aztertuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren protokoloari jarraiki horiek lurpetik atera ondoren.

Aipatutako proiektuak, halaber, ahozko lekukotzak bildu ez ezik, dokumentazio historikoa ere bilatuko du oroimen zabala osatu eta, horri esker, XX. mendeko historiaren zati garrantzitsua diren ondare-balioko egitura horiek nabarmendu ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Aitor Esteban, portavoz del PNV en el Congreso