Berriak

Giza Eskubideen zuzendaria Mendatako prospekzioetan izan da, Gerra zibilean hildako gudarien gorpuzkiak ateratzen

2015-08-26

Gaur egin dituzten indusketetan, Otxandioko batailoian aritu zen Pedro Uriguen gudariarenak izan daitezkeen aztarnak aurkitu dituzte. Bihar aterako dituzte lurpetik

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando Mendatako Marmiz auzora joan da gaur, Aranzadi Zientzia Elkartea inguru horretan egiten ari den prospekziora; Gerra Zibilean, burdinazko gerrikoa izenekoan, hildako gidarien gorpuzkiak lurretik ateratzeko egiten ari dira aipatutako prospekzioa. Arkeologoek pertsona baten aztarnak aurkitu dituzte. Baliteke Otxandioko batailoian aritu zen Zornotzako Pedro Uriguen Perearenak izatea.

Gaur goizeko lehen orduan abiarazi dituzten indusketa-lanetan hainbat hezur atera dituzte, hala nola garezur bat eta femur bat. Uriguenen senideen eta inguruko baserrietako bizilagunen testigantzen arabera, 1936an hildako gudari horrenak izan daitezke. Bihar aterako dituzte gorpuzkiak familiakoen aurrean. Hernando han egon da hezurrak aurkitu dituztenean. «Emozio handiko momentua da, inguru honetan eta beste batzuetan egiten ari diren lanen helburua familiei garai batean kendu zizkieten eskubideen zati bat itzultzea baita», esan du.  

Duela zenbait hilabetetik, Karraderan taldea eta Larrabetzuko Udala, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin elkarlanean, Gerra Zibilean desagertu ziren gudarien gorpuzkiak aurkitzeko lanetan ari da. Azken egunetan, hainbat hilobi aurkitu dituzte Burdinazko Gerrikoko defentsa-egiturekin lotuta.

Larrabetzu Burdinazko Gerrikoko defentsa-egitura horien balioa nabarmentzeko proiektua gauzatzen ari da, horiek garbitu eta bisitatzeko ibilbideak prestatuz. Lan horien ondorioz gerra zibileko gorpuzkiak dituzten bi ehorzketa-toki agerian utzi dituzte, eta laster aztertuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren protokoloari jarraiki horiek lurpetik atera ondoren.

Aipatutako proiektuak, halaber, ahozko lekukotzak bildu ez ezik, dokumentazio historikoa ere bilatuko du oroimen zabala osatu eta, horri esker, XX. mendeko historiaren zati garrantzitsua diren ondare-balioko egitura horiek nabarmendu ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)