Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Cristina Uriartek Donostiako Zinemaldiko Zinemira saila aurkeztu du

2015.eko abuztuak 25

 

Zortzi film luze aurkeztuko dira Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Donostiako Zinemaldiko Zinemira atala aurkeztu du gaur goizean Donostian. Aurten ere Zinemaldian «euskal zinemagintzaren heldutasun maila, gure zinemak lortu duen maila artistiko eta tekniko bikaina begi bistan geldituko dira» sailburuak nabarmendu duenez. «Horren adierazle da, zalantzarik gabe, euskal sortzaileen lanek gero eta sail gehiagotan dutela presentzia –azaldu du Uriartek-. Guretzat hain garrantzitsua den Zinemira sailean bai, noski, baina baita Zabaltegi, Zuzendari Berriak eta Culinary Zinema sailetan ere, Sail Ofiziala ahaztu gabe».

Iaz “Loreak” filma bezalaxe, aurten Asier Altunaren “Amama” ere Sail Ofizialean lehiatuko dela nabarmendu du Cristina Uriartek. «Ez da kasualitatea. Ongi egindako lanaren emaitza baizik» argitu du sailburuak, euskaraz errodaturako bi filmak aipatzean.

Aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzak Euskal ekoizleentzat abian duen aholkularitza programa ere azaldu du Uriartek. “Plataforma paregabea da Donostiako Zinemaldia gure zinema munduan ezagutarazteko; gure sortzaileen lanei nazioarteko zabalkundea eta proiekzioa emateko. Baina aldi berean, mundu guztiko profesionalen eta industriaren bilgune ere izango da Donostia, eta argi daukagu aukera hori aprobetxatu beharra dagoela harreman profesionalak estutu eta nazioarteko eremuan gure industriaren presentzia sendotzeko”, argitu du. “Horregatik, aurten ere Eusko Jaurlaritzaren deialdiari esker, ikus-entzunezko 5 euskal ekoiztetxek aholkularitza pertsonalizatua jaso dute, euren proiektuek nazioarteko koprodukzioa bilatu dezaten laguntza. Nazioarteko ekoizle ospetsu batekin lan bilerak izan dituzte, eta euren proiektua garatzen lagundu die hark. Orain, Zinemaldiko Koprodukzio-foroaren baitan, euren proiektuentzat koprodukzioak lortzeko hitzordu garrantzitsuak izango dituzte ekoiztetxe horiek nazioarteko ekoizleekin. Jakin badakigu, garai zail hauetan, sektorearekin elkarlanean aritzea giltzarria dela. Eta aurrerantzean ere, urte guztian zehar, sektorearekin hurbileko lana egiten jarraitu nahi dugu”, ziurtatu du sailburuak.


Zortzi film luze aurkeztuko dira aurten Zinemira atalean, horietatik lau mundu mailako estreinaldiak. Lara Izagirreren “Un otoño sin Berlín”; Jorge Fernandez Mayoral, Pablo Tosco eta Pablo Irabururen “District zero”; Josu Martinezen “Gure sor lekuaren bila”; Gorka Bilbaoren “Jai Alai blues”; Carlos Rodriguezen “Jazzaldia50”; Sam Orti Martiren “ Pos eso”; Olivier Masset-Depasseren “Sactuaire/Sanctuary”; eta Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinaren “Walls (Harresiak)”.


Zinemaldiaren 63. edizio honetan, gainera, iaz abian jarri zen Zinema Euskaraz zikloak jarraipena izango du. Ziklo honetan, Zineuskadiren bidez euskarara itzultzen diren filmak proiektatuko dira, haurrentzat eta familia guztiarentzat egokiak.

Zinemira sailaren inguruko xehetasunak, eta Zinemaldian eskainiko diren euskal produkzioen inguruko informazioa atxikitako PDF dokumentuan ikus daitezke.   

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Luis Rebordinos (Zinemaldia); Ana Eceiza (Irizar), Joxe Portela (Ibaia); Carlos Júarez (APV/EPE)