Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Cristina Uriartek Donibane Lohitzuneko Udalak UPV/EHUren El Saltillo eskola-ontziari egin dion harreran parte hartu du

2015-08-21

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Donibane Lohitzuneko Udalak El Saltillo eskola-ontziari egin dion harreran parte hartu du gaur arratsaldez.  Lapurdiko kostaldeko hiri honetako auzapez Peyuco Duhartekin batera, hitza hartu du sailburuak. Uriartek eskerrak eman dizkio El Saltillo ontziko eskifaiari bela mundua gizarteari ezagutarazteko egiten duen lanagatik.

Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko El Saltillo ontzia Santurtziko kaitik abiatu zen joan zen asteazkenean, abuztuaren 19an, urtero egin ohi duen udako itsasaldiari hasiera emanez horrela.  Lekeition lehen geldialdia egin oondoren, gaur arratsaldez iritsi da ontzia Donibane Lohitzunera. Kai honetan bisitariei ateak irekiko dizkie El Saltillo ontziak, asteburuan zehar. Ondorengo egunetan berriz, eskola-ontziak Getaria, Donostia, Hondarribia, Mutriku eta Bermeoko kaiak ere bisitatuko ditu, irailaren 4an berriro Santurtzira iristeko azkenik.  

El Saltillo antzinako belaontziaren eskifaia Mikel Lejarza kapitainak eta Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko 12 ikaslek osatzen dute. Itsasaldi honetan, ikasleek nabigazio praktikak egiteaz gain, bela mundua gizarteari hurbilduko diote. Horretarako, belaontziaren ateak irekiko dizkiote bisitatu nahi duen orori, bisitatuko duten portu bakoitzean

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)