Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Harrera bikaina izan du eLiburutegiak Donostian eta Bilbon

2015.eko abuztuak 21

Bilbo eta Donostiako irakurleek 1.500 liburu baino gehiago hartu dituzte maileguan Euskadiko Liburutegi Digitaletik, bi hiriotara iritsi zela hilabete betetzear denean 

Donostia eta Bilboko udal liburutegietako erabiltzaileek harrera aparta egin diote Euskadiko Liburutegi Digitalari, eLiburutegiari, beronen katalogo digitala bi hiriburu horietako irakurleentzat ireki zela hilabetea betetzeko egun batzuk falta direla. Joan zen uztailaren 23an iritsi zen Euskadiko Liburutegi Digitala Donostiara. Ordutik hona, Gipuzkoako hiriburuko irakurleek 553 liburu digital hartu dituzte maileguan. Hurrengo egunean ireki zuen eLiburutegiak bere katalogoa Bilboko udal liburutegietako bazkideentzat, eta hauek dagoeneko 998 mailegu egin dituzte. Donostiako udal liburutegiak 119.500 erabiltzaile inguru dituzte, eta Bilbokoetan aldiz, kopuru hori 184.000ra iristen da.

Liburu digitalak maileguan hartzeko zerbitzu hau abian jarri zenetik, iazko azaroaren 26tik, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkideek orotara 17.708 liburu digital hartu dituzte maileguan. Une honetan, Euskadiko Liburutegi Digitalak 2.892 mailegu aktibo ditu. Hau da, eLiburutegiaren erabiltzaileak 2.892 liburu ari dira irakurtzen egun hauetan, guztiak ere katalogo digitaletik maileguan hartuak.

eLiburutegiaren bederatzi hilabeteko ibilbidean gehien mailegatu diren liburuak, hauek dira:

  • Adulterio; Paulo Coelho                                               65etan mailegatua
  • Legado en los huesos; Dolores Redondo                    55etan mailegatua
  • El guardian invisible;  Dolores Redondo                      55etan mailegatua
  • El amor se me hace bola; Bárbara Alpuente               54tan mailegatua
  • Arotzaren eskuak;  Alberto Ladron Arana                    54tan mailegatua
  • A la sombra del templo;  Toti Martínez de Lezea         53tan mailegatua
  • Ahaztuen mendekua;  Alberto Ladron Arana               50etan mailegatua
  • Amaren eskuak;  Karmele Jaio                                    49tan mailegatua
  • La mirada de los ángeles;  Camilla Läckberg              48tan mailegatua
  • 20 minutos a la semana para estar en forma;

            Ricardo Cánovas                                                          47tan mailegatua

 

 7.400 liburutik gorako katalogoa

Euskadiko Liburutegi Digitalaren katalogoak 7.400 liburutik gora eskaintzen ditu egun, ia ehun argitaletxerenak: 6.855 liburu gaztelaniaz dira, 524 euskaraz, 21 frantsesez, 18 ingelesez, 14 portugesez eta 5 katalanez. Euskarazko liburuak argitaletxeek titulu horiek formatu digitalean argitaratu ahala gehituko dira katalogora.  Aipatzekoa da Euskadiko argitaletxeen % 60k ez dutela, gaur egun bere katalogo osoa formatu digitalean eskaintzen (ePub). Eusko Jaurlaritzak ePub formatu digitalean eskura daitekeen euskal argitaletxeen ekoizpen guztia hartu du, bai gazteleraz bai euskaraz. Gutxi gorabehera, 1.300 izenburu dira: 757 ebook gaztelaniaz eta 500 euskaraz.

Astez aste haziz doa katalogo digitaleko eskaintza, titulu berriak sartu ahala. Datozen hilotan katalogoa zabaltzea da eLiburutegiaren asmoa, 10.000 izenburu hartzeraino, eta 2016an 15.000 izenbururaino iristea. Horretarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 350.000 euro bideratu dizkio proiektuari aurten.

 

eLiburutegia   www.euskadi.eus/eliburutegia

Euskadiko Liburutegi Digitala, eLiburutegia, liburu digitalak mailegatzeko online zerbitzu bat da. Eusko Jaurlaritzak abiarazi zuen.

Nork har dezake eLiburutegiko mailegu bat? Nola?

Udal-liburutegietako bazkideek zerbitzua erabili nahi badute, liburutegira joan behar dute eta eLiburutegirako erabiltzaile-izena eta pasahitza eskatu. Behin gakoak dituela, eLiburutegia plataformara sartu daiteke irakurlea, eta mailegatutako liburuak irakurtzen hasi. Hauek dira mailegu-zerbitzuaren arauak:

  Maileguen iraupena 21 egunekoa izango da.

  Erabiltzaile bakoitzak hiru liburu har ditzake gehienez maileguan aldi berean. Mailegua iraungitzeko bost egun falta direnean, mezu elektroniko bat jasoko du, oroigarri gisa.

  Horrez gainera, erabiltzaileek hiru liburu gordetzeko eskaera egin dezakete, gehienez, hiru maileguekin aldi berean.

  Mailegua irauten dituen 21 egunotan, sei gailutan eta sei ordenagailutan eskura dezake mailegatutako liburua.

Eguneko 24 orduetan mailegatu daitezke liburuak, urteko egun guztietan, bi modalitate hauetan: liburuak jaitsiz edo streaming bidez.

 

eLiburutegia ereduaren ezaugarri nagusiak

 Liburuzainen oinarrizko zereginak: eLiburutegiarako izenburu berriak urtean hirutan erosten dira. Erosiko diren izenburuak erabakitzeko batzordean, parte hartzen dute Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi-arduradunek. Liburutegiko arduradunen eta erabiltzaileen arteko gertutasuna dela eta, erabiltzaileen gustu eta eskaeretatik hurbilago dauden izenburuak aukeratzen dira katalogoa osatzeko. Horrez gainera, eLiburutegiako katalogoan berritasunak sartzearen aldeko apustua egin da.

 Berezko plataforma, berezko kultura-eredua: Plataforma eraikitzeko, berezko teknologia garatu da. Hala bermatuko baita zerbitzuak behar beste autonomia izatea, erabileran sumatutako hobekuntzak nahiz premiazkoak sartzeko, eta liburuzainen, argitaratzaileen nahiz irakurleen eskaerei erantzuteko. Horrez gain, «teknologia kontrolatzen duenak kultura-eredua kontrolatzen du» esaeraren arabera jokatzeko aukera ematen du ezaugarri horrek ere. Interneten gisako inguru moldakor batean, gako da teknologia zuzenean kudeatzea kultura kudeatzeko eredu berezko bat zehazteko.

 Pirateriaren ordezko hautabidea: eLiburutegiak legezko hautabide bat eskaintzen du; hain zuzen, liburu digitalak maileguz hartzea, legez kanpoko kopiak egin ordez. Plataformaren bidez, erabiltzaileek doan mailegatu ditzakete liburuak, egile eta argitaratzaileei beren eskubideak ordainduko zaizkien bermearekin. Halaber, legezko deskarga eta irakurketarako ohitura sortu nahi du ekimenak.

 Sektoreari babesa: Euskadiko Liburutegi Digitala proiektua Eusko Jaurlaritzaren, argitaratzaileen eta liburutegien arteko adostasunetik sortu da: batetik, argitaratzaileei babesa ematen die ingurune digital berrian; bestetik, formatu digitalean irakurri nahi duten herritarren eskaerari erantzuten die. Ekimena aitzindaria da estatu-mailan, eta ingurune digitalean irakurketa sustatu nahi du herritar guztien artean; bereziki, gazteenen artea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)