Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Hizkuntza aniztasuna hizpide Koldo Mitxelenaren jaiotzaren mendeurrenean

2015.eko abuztuak 19

Eusko Jaurlaritzak eta Galiziako Xuntak mintegia antolatu dute EHUren Uda Ikastaroetan: “Euskararen eta gainerakoen tokia hizkunt za aniztasunean, Koldo Mit xelenaren eta Ramón Piñeiroren ekarpenen harira”

Abuztuaren 20an beteko da euskara batuaren oinarriak ezarri zituen hizkuntzalari handiaren jaiotzaren mendeurrena

Datorren irailaren 1ean eta 2an ospatuko da EHUren Uda Ikastaroen M3 mintegia. Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkueren eta Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangaren zuzendaritzapean, mintegi honek Koldo Mitxelena eta Ramón Piñeiro izango ditu protagonista. Antolatzaileak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, HABE, Galiziako Xunta, Consello Da Cultura Galega eta Ramón Piñeiro Zentroa dira. Mintegia bera Donostiako Miramar Jauregian ospatuko da eta matrikularen prezioa 68 eurokoa izango da.

Hizlarien artean, besteak beste, Ramon Villares Paz (Galiziako Kultura Kontseiluko Presidentea), Xesus Alonso Montero (Galiziako Akademiako Presidentea), Pedro Miguel Etxenike (Donostia International Physics Center), Miren Azkarate (Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Ibon Sarasola (Euskaltzaindia), Anjel Lertxundi (idazlea) eta Meirion Prys Jones (Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare europarra, NPLD) izango dira. Mintegia ixteko mahai inguru bat ere antolatuko da. Bertan, Nerea Azurmendi kazetariak moderatuta, Patxi Baztarrikak (Hizkuntza Politikarako sailburuordea), Ester Franquesak (Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia) eta Valentín García Gómez-ek (Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia) parte hartuko dute.

Koldo Mitxelenaren eta Ramón Piñeiroren jaiotzaren mendeurrena aurten betetzen dela gogoan hartuta, gaur egungo hizkuntza aniztasunaren testuinguruan euskarak eta beste hizkuntza gutxiagotu batzuek izan behar duten lekuari buruzko hausnarketa egin eta aukera onenak aztertzea da mintegiaren helburu nagusia.

Koldo Mitxelenaren hizkuntzalaritza esparruko lanak oso ezagunak eta goraipatuak dira Euskal Herrian eta baita harago ere. Soziolinguistikaren eta pentsamenduaren arloko haren lanak, ordea, ezkutuagoan geratu dira. Mintegia baliatuko da Mitxelenaren ekarpenok hobeto ezagutzeko, eta horien inguruan euskararen etorkizunerako baliagarriak izan daitezkeen ideiak gizartean zabaltzeko.

Europako eta bertako hizkuntza aniztasunaren testuinguruan euskarak izan behar duen lekuaren gainean ere hausnartu eta eztabaidatuko da. Hizkuntza gutxiagotuak direnez, galizierak eta euskarak elkar elikatzeko duten aukera eta modua aztertuko dira, egungo globalizazio aro hizkuntza aniztunean leku propioa izateko.

Atxikitako PDF dokumentuan, Koldo Mitxelena eta Ramón Piñeiroren biografiak irakur daitezke.

Mintegiaren inguruko informazio xeheagoa ezagutzeko, jo ondoko estekara:

http://bit.ly/1NjqR4c

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko