Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

TV Euskadi euskal turismoaren Internet bidezko telebista berria abuztuan hasiko da emititzen

2010.eko uztailak 21

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, aurten, 964.000 euro eman dizkio EITBri hainbat proiektu gauzatzeko

Bernabé Unda sailburuak eta Alberto Suriok akordio bat sinatu dute, aurten elkarrekin garatu dituzten ekimen guztiak biltzen dituena: Turismoaren web-orria eguneratzea eta berritzea, Teknopolis programa, eta abar.

Euskal turismoak Internet bidezko bere telebista-kanala izango du laster. Hainbat eduki izango ditu hizkuntza desberdinetan eta abuztuan hasiko da emititzen. Proiektu horrek Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak eta Alberto Surio Euskal Irrati Telebistaren (EITB) zuzendari nagusiak gaur sinatu duten akordioa osatzen du.

Sail honek eta EITBk beren harremana sendotu eta hainbat gairen inguruan (industria-, merkataritza-, turismo- eta berrikuntza-alorrean Euskadin gauzatzen den jardueraren hedapena, esaterako) hartutako konpromisoa zigilatu nahi izan dute akordio horrekin.

Sail honen eta EITBren arteko konpromisoek honako jarduera hauek biltzen dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Turismoaren web-orria eguneratzea eta berritzea, Euskadi TV berria abian jartzea aurten, diru-laguntza bat zabalkunde zientifikoko eta teknologikoko Teknopolis programa ekoizteko, eta abar. Oro har, ekintza horiek guztiak direla medio, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 964.000 euroko ekarpena egin du.

Euskadi TV, ekimen berritzailea

Eusko Jaurlaritzak eta EITBk Euskadiren irudia eta turismo-marka kanpora transmititzeko formulak bilatzeko betebeharra ezarri diote beren buruari. Esparru horretan, proiektu berri bat garatu da. TV Euskadi deritzo eta ekimen berritzailea da, Sail hau, beste gauza batzuen artean, turismoa sustatzeko erabiltzen ari den teknologia berriak bultzatzearekin hertsiki lotuta dagoena.

Kanal berri horretan euskal turismoarekin lotutako bideoak emango dira, hainbat hizkuntzatan argitaratuak. Ikus-entzunezkoen bitartez, bisitarien eskura dauden produktuen berri emango du (gastronomia eta enologia, ibilbideak, bilera-turismoa, hiri-ihesaldiak, eta abar) eta eguraldiari eta agenda kulturalari buruzko edukiak eta sustatzeko bideoak emango ditu, baita turismo-intereseko jarduerei buruzko erreportajeak eta gaurkotasunari buruzko informazioa ere. Lehenengo emanaldietako bat abuztuan egingo da, Euskadiko hiru hiriburuetako jaien emankizuna, eta kanal horri esker, irudi horiek munduko edozein lekutatik ikusi ahal izango dira.

Ildo horretatik, Sail hau eta EITB gogor ari dira lanean Euskadiko Turismoaren web-orria berritzeko eta modernizatzeko. Eduki berriak sartuko dira, eta eduki horien bitartez lortu nahi da web-orri hori erakargarriagoa izatea Euskadi bisitatzera etortzen diren turistentzat. Lortu nahi da, halaber, ataria berritzaileagoa eta nabigagarriagoa izatea, baita telebista-kanal berriaren osagarri izatea ere.

Teknopolis: hedapenerako leihoa

Sail honek eta EITBk hartu duten beste konpromiso bat Euskadiko jarduera zientifikoa eta berritzailea hedatzea da. Horren haritik, Eusko Jaurlaritzak Teknopolis programa babesten jarraituko du. Programa hori Elhuyar Fundazioak ekoizten du eta 36 programaren bitartez, teknologiarekin lotutako gaiei buruz gizarteari kezka sortzeko ahalegina egiten du urtero. 12 urte daramatza emititzen, eta Estatuan eta nazioartean ospe handia duten sei sari lortu ditu hedapenaren alorrean egiten duen lanarengatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabe Unda