Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

2015-2016 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroek 175 errefortzu-irakasle izango dituzte

2015.eko abuztuak 06

Era berean, Curriculum Aniztasuneko programen bitartez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko 169 talde izango dira

Euskadiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) zentroek 175 errefortzu-irakasle izango dituzte datorren 2015-2016 ikasturtean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Hezkuntzan Berariaz Sendotzeko Programei esker. Irakasle horiek DBHko lehenengo eta bigarren mailako ikasleekin egingo dute lan, eta hala ikastetxe publikoen (100 irakasle) nola itunpekoen (75 irakasle) artean banatuko dira. Iazko ikasturtetik hona ez da aldatu irakasle kopuru hori (175).

Era berean, datorren ikasturte honetan, Eusko Jaurlaritzak DBHko 3. eta 4. mailako ikasleen artean Curriculum Aniztasuneko 169 talde sortzeko bidea emango du. Zehazki, 2015-2016 ikasturtean, Curriculum-aniztasuneko 117 talde eratuko dira 77 ikastetxe publikotan, eta beste 52 talde, itunpeko 42 ikastetxetan; hau da, joan den ikasturtekoaren antzeko kopurua, bi-bietan.

Hezkuntzan Berariaz Sendotzeko Programek errefortzu-irakaslez hornitzen dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroak, ikasle guztien osoko prestakuntzan eragingo duten hezkuntza-jardunbideak antolatzeko aukera izan dezaten. Bereziki, gizarte-egoera kaltetuekin lotuta beren curriculum-erreferentziarekiko atzerapena agertzen duten edota eskola-girora egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleei zuzentzen zaie programa. Hau da, DBHko lehenengo eta bigarren mailakoak izanik, Lehen Mailako Hezkuntzako curriculum-erreferentzia agertzen duten ikasleei zuzentzen zaie. Programaren xede diren ikasleek ikasgela arruntean ikasiko dute, beren ikaskideen irakaste-ordutegi berean.

Bestalde, Curriculum Aniztasunaren bitartez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak DBHko hirugarren nahiz laugarren mailako ikasleei zuzentzen zaizkie, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako diplomadun-titulua lortzera bideratzen dira. Hain zuzen, DBHn matrikulatutako ikasle guztiek titulua lortzea bilatzen du; hartara, ikasketekin modu normalduan jarraitu ahal izan dezaten. Horretarako, 8-15 ikasle arteko taldeak eratuko dira institutuetan, eta curriculum-arloen bitartez irakatsiko dira ikasgaiak horietan: batetik, hizkuntzen eta gizartearen arloa; bestetik, zientzia eta teknologiarena. Arlo bakoitzean, erreferentziako irakasle bat ezarriko da eta hark antolatuko ditu esparru horretako ikasgaiak, modu globalagoan antolatu ere, arloko ikuspegi batetik. Hala, ikasleek bizitzan aurrera egiteko beharrezko gaitasunak bereganatuko dituzte arlo bakoitzean, eta ez dute horrenbeste jardungo ikasgaien eduki oso espezifikoei lotutakoetan.

Programon bitartez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikasgela bakoitzeko profesional gehiago eskaini nahi ditu, bai eta curriculum-edukiez bestelako berrantolaketa bat ere, irakaskuntza gero eta pertsonalizatuago bat lortzeko, non ikasle bakoitzak bere ikaskideekin elkarreraginez ikas baitezakeen. Ikasle guztien ikaskuntza-aukerak zabaltzeko bitarteko eta baliabideak ahalbidetzen dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak