Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi´k eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateek, Pastor ministroarekin batera, euskal trenbide sare berria hiriburuetan nola sartu aztertuko dute

2015.eko abuztuak 05

 

VG 15/08/05

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, Bilboko alkateak, Juan María Aburtok, Donostiakoak, Eneko Goiak, eta Gasteizkoak, Gorka Urtaranek, baterako bilera urgente bat eskatu diote Sustapeneko ministro Ana Pastorri, euskal trenbide sare berria («Y») hiru hiriburuetan nola sartuko den xeheki aztertu, eta zehazteko.

 

Duela gutxi telefonoz izandako elkarrizketa batean, Ana Oregi sailburuak bilera egiteko proposamena luzatu zion Ana Pastor ministroari, «beharrezkoa baita garraio jasangarriko azpiegitura hori lehenbailehen amaitzea, hain premiatsua denez bai gure herrialderako, bai eta Europako hego-mendebalde osorako ere.

 

Ana Oregiren ustez, «abiadura handiko trena hiriburuetara iristeak aukera ona dakarkie gure hiriburuei guztiei. Gasteizen, adibidez, gaur egungo trenbideen traza beretik sartuko da, baina oraindik zehazteke dago nola gauzatuko den hiri-garraioarekin intermodalitatea; beste hainbeste egin beharko da Donostian eta Bilbon ere».

 

«Aintzat hartu beharreko berregituratze urbanistiko bat da; ez da-eta trenbide arazo hutsa. Udalek eta administrazioek batera egin behar dugu lan. Eusko Jaurlaritzak bere lankidetza eskaini dio Estatuko Gobernuari, eta kontu hau modu arin eta eraginkorrean kudea dezala nahi dugu» adierazi du Oregik, Gasteizko festetako goizeko ekintzen ostean.

 

Oregiren ustez, «beharrezkoa da, halaber, trenbide sare berriak Euskadiko portu, aireportu eta plataforma logistikoetara nola sartuko den eta haiekin nola lotuko den eguneratzea, garraioaren intermodalitatea hobetzeko eta aurrerabide handia egiteko Europan garraio jasangarri bat berregituratzen, non Euskadi erreferente izango baita Europako eta Bizkaiko golkoko hego-mendebaldean. Forondari dagokionez, guztiz operagarria egotea eskatzen dugu, Euskadiko garraio- eta logistika-multzo osoak modu jasangarri eta lehiakorrean funtzionatu dezan».

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Mari Aburto, Eneko Goia, Gorka Urtaran