Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Aiz´ek Le Boulou-ko tren-terminalean Europako garraiobide jasangarri berriak begiratu ditu

2015.eko abuztuak 04
  • Egunero, lau tren-zirkulaziok kamioiak eta trailerrak garraiatzen dituzte, 900 kilometrotan zehar, Luxenburgotik Perpignanera
  • Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordeak etorkizuneko Pas-de-Calais/Vitoria-Gasteiz tren-autobide atlantikoa aztertu du, Frantziako Viia emakidadunarekin batera

 

Le Boulou 15/08/04

Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordeak, Antonio Aizek, bisita egin dio Mediterraneoko tren-autobidearen (Luxenburgo/Perpignan) hegoaldeko terminalari, Frantziako Le Boulou udalerrian; izan ere, garraio-mota jasangarri bat eskaintzen du, 900 kilometrotan zehar, kamioiak, trailerrak eta salgaiak, oro har, garraiatzen dituzten tren berezientzat. Eusko Jaurlaritzak eta Garraioko arloko agintari frantsesek Atlantikoko tren-autobidea Pas-de-Calaistik Jundizeko plataforma logistikoraino luzatzeko aukera darabilte esku artean, eta Sustapen Ministerioak ere babesten du proiektu hori.

 

Le Boulou (El Voló, katalanez) Okzitanian dago, Tech ibaiaren bailaran, eta Roussillon, Vallespir eta Albères-en mugartean; Perthuseko igarobidetik hurbil, bai eta Kataluniarekin mugatik, A9 autobidetik, eta inguruko portu eta aireportuetatik hurbil ere; hori dela-eta, komunikazio-lotune garrantzitsua da.

 

Aiz sailburuordeak gaur ibili ditu hango instalazioak, Thierry Leguillouxekin, Frantziako Viia nazioarteko enpresaren presidentearekin, enpresa horixe baita, hain zuzen, Frantziako tren-autobide eta plataforma-logistiko garrantzitsuenen emakidaduna. Bileran parte hartu dute, halaber, Euskotreneko zuzendari Imanol Lezak eta Garraio Azpiegituren zuzendariek, Almudena Ruiz de Angulok eta Marko Boronatek.

 

Antonio Aiz sailburuordearen ustez: «Mediterraneoko tren-autobidearen hegoaldeko terminala Europar Batasunak garraio moderno eta jasangarria lortzeko prestatutako planaren adibideetako bat da; izan ere, ehunka kamioi handi –bai eta zama independenteak ere– garraiatzen dira tren handien zirkulazioan eta, horrenbestez, erregaia aurrezten da, kutsadura gutxitzen, eta kamioiaren arloko profesionalen lan-baldintzak hobetzen: behin terminaletara iristean, plataforma praktiko eta arin batzuetara jaisten dituzten haien kamioiak, haien helmugetarako bidean.

 

Le Boulouko terminalera trenean kamioiak eta trailerrak dakartzaten hiruzpalau tren-zirkulazio iristen dira, eta beste hainbeste abiatzen alderantziko norabidean. «Eusko Jaurlaritzak ere proposatu bezala –zehaztu du Antonio Aizek–, Frantziako Gobernuko Garraioetako estatu-idazkariak, Alain Vidaliesek, Atlantikoko tren-autobidea Europako lehentasunezko bide izan behar dela jo du; horregatik proposatu zuen Vitoria-Gasteizen bukatzea –Jundizeko plataforman, hain zuzen–. Bestalde, Sustapeneko Ministerioak ere bultzatzen du proiektu hori.

 

«Atlantikoko tren-autobidearen proiektuan, Jundizeko terminalera iritsi aurretik, Frantziako Landetan zenbait bazterbide egongo lirateke. Linea berriari esker, Biriatouko pilaketa arinduko litzateke. Baina, ezer egin aurretik, eta Vidaliesek aholkatu duen moduan, garrantzitsua da Euskadiko Y trenbide-egitasmoa lehenbailehen operatibo izatea» nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordeak.

 

Tren-autobidea Pas-de-Calaistik Gasteizeraino luzatzeak errealitate bihurtuko luke Europak merkantziak jasangarriki garraiatzeko lehenetsitako proiektuetako bat.

 

2015eko maiatzean, Lorry Rail taldea Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri zen, behin Euskadiko Y egitasmoa funtzionamenduan dagoenean Euskadin egitasmoa Jundizeraino luzatzearen bideragarritasuna berresteko. Sustapen Ministerioak oraingoz aurreikusi duenez, Euskadiko Y egitasmoa 2019 urtean hasiko da zerbitzu ematen. Euskadiko Y egitasmoak Europako sarearekin elkaroperagarria izateko baldintza guztiak betetzen ditu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Thierry Leguilloux