Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Euskadik iaz baino 13.520 eta urtarrilean baino 11.898 langabe gutxiago ditu

2015.eko abuztuak 04
  • Uztailean, % 8,08 beheratu da langabezia: hau da, 2013ko abendutik –joera beherakorra izaten hasi zenetik– izandako urte-arteko beherakada handiena jaso da. Hogei hilabete izan dira etengabeko beherakadan
  • Hala eta guztiz ere, EAEn % 14,5 da langabezia-tasa; izan ere, 153.873 langabe daude guztira, ekainean baino 3.032 gutxiago
  • Ángel Toña sailburuaren arabera, gizarte-segurantzan alta emandako afiliatu kopuruaren saldoa negatiboa izateak «lan-merkatuaren zailtasunak amaitu gabe daudela adierazten du» 

Azken urtean ekonomiaren sektore guztietan –baina oso bereziki, industriagintzan– izandako hobekuntza Euskadiko lan-merkatuan islatzen hasi da. Lanbidek eta gizarte-segurantzak, erregistratutako langabeen eta afiliazioen zerrendan oinarriturik, eman dituzten datuen arabera, langabe kopuruaren jaitsiera iazko uztailean (–371) baino zortzi aldiz handiagoa izan da aurtengoan (–3.032).

Lanbideko eskatzaile langabeen erregistroak beherakada nabarmena agertu du uztailean berriz ere. Hilabete batean, 3.032 langabe gutxiago daude; urtetik urterako beherakadak, berriz, 13.520 langabe gutxiago eman ditu. Ekaineko datuen aldean, % 1,93 jaitsi da langabezia; urtebetean, ordea, % 8,08. Azken hamar urteak harturik erreferentzia gisa, bigarren beherakada handiena izan da uztail honetakoa, 2011 urtean jasotakoaren atzetik. Horrez gainera, EAEn, Estatuan baino 0,14 puntu gehiago jaitsi da erregistratutako langabezia. Nolanahi ere, Lanbidek 153.873 langabe ditu bere zerrendetan lan-eskatzaile gisa izen emanda: hau da, % 14,5eko tasa.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bereziki nabarmendu du erregistroan lau hilabetez jarraian egin duela behera langabe kopuruak. Uztailean ere, urteko bigarren hiruhilekoko joerak jarraitu du. Izan ere, lau hilabeteko aldi horretan, % 10,23 beheratu da langabezia. Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñaren ustez, datuok adierazten dute enplegua berroneratzeko prozesua finkatzen ari dela, alde kuantitatiboan behinik behin. 2015eko lehen zazpi hilabeteetan, 11.898 pertsonatan gutxitu da langabezia; hau da, % 7,18. 

Orobat, hiru lurralde historikoetan nahiko homogeneoa izan da langabeziaren beherakada; bereziki nabarmentzen da Ezkerraldean –hain zuzen, zigortuenetakoa den eta langabezia-tasa altuenetakoa (% 18,2) duen eskualde batean– erregistratutako jaitsiera (587 langabe gutxiago hilabete batean). Hiriburuen artean, berriz, Gasteizen jaitsi da langabezia gehien: 441 langabe gutxiago ditu, Bilboren (–333) eta Donostiaren (–226) atzetik.

Beherakada nahiko orokortua izan da, halaber, sektore ekonomikoei dagokienez; nolanahi ere, aipagarria da krisialdiak bereziki zigortutako bi jarduera-sektore hauek agertutako suspertzea: industriak eta eraikuntzak, alegia. Zerbitzuek ere bilakaera ona agertu dute.

Ángel Toñak zuzendutako Sailak berri ontzat jo du industria hasi izana lan-merkatua mugitzen. Hilabete batean, industriako langabe kopuruak % 3,37 egin du behera; eraikuntzakoak, berriz, % 2,85. Zerbitzuen sektoreari lotutakoak % 1,83 jaitsi dira, eta lehen sektorekoak % 1,19. Urtetik urterako tasan ere ikus daiteke joera hori. Urte betean, % 14,74 beheratu da industriari lotutako langabe-zerrenda, eta % 14,05 eraikuntzari lotutakoena. Zerbitzuen sektorean, % 7,26koa izan da jaitsiera. 

Kontratuen erregistroak ere jokabide bikaina agertu du: nabarmenki hazi da, hala hileko erreferentziari nola urtekoari dagokionez, bai eta urte beteko kopuru metatuari dagokionez ere. Izan ere, uztailean, EAEko hiru lurralde historikoetako kontratazio kopurua 83.610 izan da; horietatik, 4.764 (% 5,7, hain zuzen) kontratu mugagabeak izan dira. Kontratu kopurua % 0,8 jaitsi da joan den hilabetearen aldean, eta % 14,8 hazi, iazko uztailean erregistratutako kontratazioen aldean. Urte osoan zehar, 488.786 kontratu egin dira: hau da, 2014ko hil berean baino % 15,84 gehiago. Horrez gainera, kontratu mugagabeen kopuru metatua 34.959 izan da: hau da, iaz baino % 18,01 handiagoa. 

Afiliazioa

Hala ere, Toña sailburuaren ustez, gizarte-segurantzan laneko altan dauden afiliatuen kopuruak saldo negatiboa emateak zera adierazten du: «oraindik ez direla amaitu lan-merkatuaren zailtasunak». Atzerakada hautemanezina da ia (–% 0,04, ekainekoaren aldean), baina krisialdiaren aurreko urteetan, afiliazioak gora egitea izan ohi zen ohikoena uztailean. Udaldiak mesedetu ohi dituen sektoreetan (osasungintza eta merkataritza, kasu) afiliazioak izandako beherakadak ezin izan du orekatu hezkuntzaren, ostalaritzaren eta lehen sektorearen gisakoek sasoi honetan izan ohi duten beherakada. Hil honetan behera egin badu ere afiliatuen kopuruak, urteko saldoak hazkunderako edo aurreko urteko kopuruei eusteko joera agertzen du jarduera-sektore ia guztietan. Horregatik, nahiz eta berroneratze-prozesua finkatuta dagoela dirudien, badira zenbait gorabehera, prozesuaren ahultasuna erakusten dutenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Beste gonbidatu batzuk
  • Gotzone Sagardui, Lanbideko Lan Aktibaziorako zuzendaria