Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Estrategiak itxaropenak gainditu ditu, eta ekintza berriak abiarazteko aukera eman du

2015.eko abuztuak 04
  • Lehentasunezko merkatuak azterturik eta bisitaturik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak (EGLS) Hego Afrika aztertzea ebaluatzen ari da, Euskadirako aukera posible gisa.
  • Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk 1.838 proiektu lagundu zituzten 2014an, proiektuok atzerrian duten posizionamendua hobetzeko.
  • Giza baliabideak prestatzea eta sektoreko enpresen arteko lankidetza: horra hor herrialde osoko nazioartekotzearen ildo nagusiak.
  • Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoak ekitaldi profesional handi bat antolatuko du 2016ko udaberrirako.

 

Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honen hasieran nazioartekotze-arloan ezarritako helburuak mantentzen ditu gaur egun; nolanahi ere, azken bi urteetan emandako urratsak funtsezkoak izan dira 2014-2016 aldiko Nazioartekotze Planean ezarritako jarduera-ildoei dagokienez.

Gobernuak bere jarduna mantentzen du, helburu hauekin: Euskadiko ekonomiaren irekitze-maila areagotzea (erakundeen eta enpresen parte hartzearekin eta profesionalak hobetuz), nazioarteko lankidetzako eta finantzaketako proiektuetan parte hartzea (sustapen publiko eta/edo pribatua), eta Euskadin atzerriko inbertsioa erakartzea eta sendotzea, «Invest in Basque Country» Programaren bitartez.

2015eko uztailean gaudela, Nazioartekotze Planean aurreikusitako ekimen ia guztiak aktibatu ditu Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, eta 2015ean modu esperimentalean eta berritzeko asmoz sortu diren programen emaitzak baloratu ahal izateko zain dago.

Arantxa Tapia sailburuak adierazi du «herrialde osoak munduan duen posizionamendua hobetu nahi duela nazioartekotze-estrategiak, eta, horretarako, beharrezko dela Euskadiko enpresa guztien eta bakoitzaren berariazko premiei erantzutea, enpresa bakoitzaren errealitate desberdinei erreparatuz, halako moldez, non bat bera ere ez den atzean geratuko».

Alde handiak daude Euskadiko enpresen nazioartekotze-mailan eta, hori dela-eta, premia desberdinak izaten ditu bakoitzak. Horiek horrela, EGLSk diru-laguntzen programa sorta bat zabaldu du (zein finkatuak, zein berriak) Euskadiko ETEen errealitate guztiei erantzuteko, bakoitzaren nazioartekotze-mailaren edo -fasearen arabera; baita giza-baliabideak prestatzeko programak ere, eta hala sektore bereko enpresen arteko lankidetza sustatzekoak nola sektore desberdinetako enpresak proiektu komunen inguruan lankidetzan aritzea sustatzekoak. Enpresek finantzaketa-iturri berrietan –esaterako, nazioarteko edo alboanitzeko erakundeen lizitazioetan– parte hartze handiagoa izateko premia gaineratzen zaie; hortaz, programa berri bat diseinatu da horretarako ere.

 

1.838 proiektu Euskadiko enpresen nazioartekotzea hobetzeko

2014an, 1.838 ekimen babestu ziren, hainbat jarduketa formularen bitartez: diru-laguntzak; merkataritzako-eginkizunetan helmuga herrialdeetara laguntzea, eta enpresen giza-baliabideei aholkularitza ematea, nazioartekotze politikak trebetasun gehiagorekin kudeatu ditzaten.

Global Lehian programan, enpresen nazioartekotzea fase guztietan (hasiera-finkatzea-ezartzea) sustatzekoan, 357 ekintza bete ziren. Hasiera-fasean, 74; finkatze-fasean, 269, eta ezarpen-fasean (merkataritza- nahiz ekoizpen-arloan), berriz, 15.

Nazioarteko Gauzatu programak ere atzerrian zazpi ekoizpen-ezarpen berri bultzatzen lagundu zituen.

Elkartzen programak Sektoreko Elkarteen eta Klusterren 400 ekimen lagundu zituen, euskal ondasun eta zerbitzuak atzerrian posizionatzeko, ekonomia-sektore desberdinetako enpresen esportazioak erraztuz (berria 2014an).

Profex programa ere 2014an hasi zen: baliabide nahiko ez dituzten enpresei esportazioko profesional bat jartzeko aukera ematen du; profesional hori beste bi enpresekin partekatzen dute, zeinekin sinergiak sor baitaitezke, hala merkatukoak nola sektorekoak. 39 enpresak (13 taldetan banatuta) baliatu zuten zerbitzu profesional hori.

Merkataritzako eginkizunak Merkataritza Ganberen bitartez. Era berean, 2014an zehar, 400 bat enpresak hartu zuen parte Merkataritzako Ganberek antolatutako eta EGLSk finantzatutako 20 bat merkataritza-eginkizunetan.

Azkenik, merkataritzako helmugak dibertsifikatzeko 125 diagnostiko eta plan aholkatu ziren, bai eta industria osagarri eta azpikontratistako 510 enpresa ere, nazioarteko merkatuetako negozio-aukerak eta -erakartzea aztertzen lagundu zitzaielarik.

 

2014 eta 2015eko programa berriak

Esandako programak finkatzeaz gain, EGLSk programa berriak sustatu ditu, modu esperimentalean. Programok oso bereziak eta berritzaileak dira: Landhome eta Interlehian dute izena.

Landhome programaren kasuan, helburua da atzerrian dauden zuzendariak, Euskadira itzuli nahi dutenak, ekartzea, edo haien enpresara, edo haien esperientziarekin bat datorren beste enpresa batera. Une honetan, Jaurlaritzak 2015erako 3 profesionalen kasu ditu esku artean Euskadira itzultzeko. Kontutan hartu behar da ekimena ekainean indarrean jarri zela eta urriaren 31ean amaituko dela eskaera egiteko epea. aurreikusita dago, 2016 urtean programa sendotzen joango dela eta itzulera kasu gehiago kudeatuko ditugula.

Interlehian ekimenak, berriz, enpresak nahiz enpresa-partzuergoak laguntzen ditu, alboanitzeko erakundeek finantzatutako lehiaketa eta lizitazioetan parte har dezaten. Programa hori ekainean jarri zen martxan, eta Euskadiko enpresek nazioarteko lizitazioetarako 3 proposamen lantzan ari da. Kasu honetan, aurrekoan bezala, 2016 urtean ekimena sendotzen joatea da helburua.

 

1.450 bekadun atzerriko merkataritzarako eta nazioarteko mugikortasunerako

Aurrekontu-zailtasunak gorabehera, EGLSk Global Training atzerriko merkataritzan espezializatutako bekadun-programaren aldeko apustua sendotu du; horrenbestez, 1.450 euskal gaztek izan du bere prestakuntza atzerrian lan eginez osatzeko aukera, dela euskal enpresen, dela nazioarteko erakundeen eskutik.

Global Training programako 370 beken deialdiko eskaera-epea iragan uztailaren 27an amaitu zen: guztira, 1.409 pertsonak agertu du bost kontinenteetako herrialdetan 6tik 8ra hilabete bitarteko egonaldiak egiteko interesa.

 

Bulego berriak Munich eta Singapurren. Bulego-sarea 14 herrialdetan

SPRIren atzerriko bulego-sareak laguntza ematen die, bai herrialde horrekin harremanak ezarri nahi dituzten enpresei, bai helmuga horietan merkataritzako nahiz ekoizpeneko jarduera garatzen duten enpresei.

Legegintzaldi hasieran, bi bulego berri irekitzea ezarri zuten helburu gisa: bat Alemanian (Munich) eta bat Singapurren. Gaur egun, jardunean ari dira bulegook, eta bakoitzak bere ordezkariak ditu enpresa-erakundeekin harremanak ehuntzeko eta Euskadiko enpresentzat interesgarri gerta litezkeen esparruak arakatzeko.

SPRIren sareak herrialde hauetan ditu bulegoak: Alemania, Argentina, Brasil, Txina, Txile, Kolonbia, AEB, India, Mexiko, Polonia, Txekiako Errepublika, Errusia, Singapur eta Turkia.

 

Hego Afrika merkatu interesgarri posible gisa aztertzea 

Legegintzaldi hasieran lehentasunezkotzat jotako merkatuetako/herrialdeetako erakundeak bisitatu, eta haiekin lankidetza-ildoak ezarri ditu EGLSk.

Alemania, Txina, AEB, India eta Mexiko katalogatu dira lehentasun nagusi gisa eta horientzat jarduketa-plan bereziak diseinatu dira. Arantxa Tapia sailburuak helmuga horiek guztioriek bisitatu ditu; baita Iñigo Urkullu lehendakari berak ere, AEBren eta Mexikoren kasuan.

Suspertzen ari diren merkatuen artean, Afrikako merkatura hurbiltzeko hegoafrika-ko gunea aztertzea aurreikusten du Jaurlaritzak. Halaber, Europan motore diren herrialdeetan Euskadiren presentzia indartzen jarraitzen dugu, Erresuma Batuan eta Frantzian (inportazio eta esportazioetan lehen herrialdeak baitira, baita atzerriko inbertsioak erakartzeko gune nagusiak ere).

Hegoafrikan dagoeneko 20 euskal enpresa kokatuta daude  planta komertzialekin eta bertan Euskadiren negoziorako aukerak aurreikusten dira.

 

Enpresen nazioartekotze-ekitaldi profesionala, 2016an

Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoa eraturik –Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta hiru lurraldeetako Merkataritza Ganberek osatzen dute– 2016ko udaberrirako Euskadiko enpresei zuzendutako ekitaldi profesional bat diseinatzeko baterako zereginean ari dira.

Partzuergoa funtzionamenduan dago jada: bertan eratutako lantalde teknikoek programa desberdinetako jarduera koordinatuko ekimenak laguntzen dituzte, eta enpresei laguntza-zerbitzuak ematen dizkiete.

Bilbo, 2015eko abuztuak 4

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)