Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak ilusio handiz eta aukera moduan hartu du Ignazio Bidearen Jubileu Urtearen izendapena

2015.eko abuztuak 01

- Arantxa Tapiak adierazi du ospakizun honek, unibertsala izanik, Euskadiren presentzia indartuko duela munduan 

 

- Ignazio Bidea produktu turistiko bilakatuko da bertako erromesentzat, baita atzerriko turistentzat ere

 

Eusko Jaurlaritza San Ignazio Eguneko ekitaldi instituzionalean izan da, Azpeitiko Loiolako basilikan. Aurten, gainera, garrantzi berezia hartu du, Ignazio Bidearen lehen Jubileu Urtea dela eta.

Ekitaldian izan dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Arantxa Tapia, Ogasun eta Finantzetako sailburua, Ricardo Gatzagaetxebarria, eta Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburua, Ana Oregi. Urkullu ez da izan ekitaldi honetan, Boisen baita bidai ofizialean.

Ospakizun hau dela eta, Arantxa Tapiak adierazi du Ignazio Urtea aukera bikaina dela Euskadiren irudia mundu zabalean proiektatzeko, Loiolako San Ignazioren irudi unibertsala zabaltzeko eta Basque Country ezagutarazteko, Ignazio Bidea bisitatzeko toki erakargarri eta produktu turistiko egokia izanik.

 

 

Euskadiren proiekzioa Jubileu Urtea dela eta

San Ignazioren omenez izendatutako Jubileu Urtea kontuan izanda eta jakinik euskaldun unibertsalenetako bat dela, beste aukera bat ireki da 2015eko uztailaren 31tik 2016ko uztailaren 31ra bitartean Euskadi mundu zabaleko ospakizun eta oroitzapenetan agertzeko. 

Gipuzkoako eta Bizkaiko patroi bezala eta Arabako zati bat ere igarotzen duela, interes handiko gertakari baten aurrean gaude Euskadin.

Erlijio- eta kristau-balioetatik harago, eraldatzeko grinarekin, ikasteko ezinegonarekin eta bere komunitate eta inguruarekiko inplikazioarekin lotutako konnotazioak ditu San Ignaziok.  Eta ezaugarri horiek gure herrialde-irudia atzerrian indartzen lagun dezakete.

 

 

Euskal Herria eta euskaldunak nazioartekotzea

Ezin dugu ahaztu jesuitek beren komunitatea nazioartekotzen egin zuten jauzi handia, batez ere beren unibertsitatea, hala, beste unibertsitate, erakunde eta enpresa batzuetara irekitzeko bideari ekinez. 

Eusko Jaurlaritzak modu bereziki aktiboan eutsiko dio nazioartekotzeko estrategiari, atzerriarekin gero eta lotura handiagoa izango dituen ekonomia eta gizarte baten aldeko apustua eginez. Bide horretan, enpresak eta giza kapitala nazioartekotzea dira gure jardunbide nagusiak.

 

Ignazio Bidea, Basque Country marka sustatzeko produktu turistikoa

2015eko uztailaren 15ean, Ignazio Bidea inauguratuko dugu Euskadiko eta Kataluniako erakundeek. Bide hau Loiolan abiatu eta Manresa aldean amaituko da, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Aragoi eta Katalunia zeharkatuta. 

Ignazio Bidearen Jubileu Urteak ibilbide horretako erromesaldiari balioa eman nahi dio, eta ia urtebetez Eusko Jaurlaritzak, Basquetour Euskal Turismo Agentziaren bidez, Kataluniako Turismo Agentziarekin batera lanean jardun du, bidea egokitzeko eta promozionatzeko, bertako zein Euskaditik kanpoko turistentzat produktu turistiko erakargarria izan dadin.

Eusko Jaurlaritzak hainbat eragilerekin lan egin du: bideak zeharkatzen dituen udalerrietako udalak, Jesuitak, Deustuko eta Mondragon Unibertsitateak eta Ignazio Bidearen Adiskideen Elkartea, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)