Berriak

Lehendakariak ziurtatu du Jaialdirako bidaiak Idaho eta Boiserekin harreman ekonomiko eta kulturaletan sakontzeko balio izan duela

2015.eko abuztuak 01

Boisen emango duen azken egunean, Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak Idahora egindako bidaiaren balorazioa egin du, Expo Idaho azokagunean Jaialdiaren barruan antolatutako ekitaldian.  Jaialdiaren zazpigarren edizio honek arlo instituzional, ekonomiko eta kulturalean lankidetzarako bidea zabaltzeko balio izan du, lehendakariak esan duenez. Gobernadore, alkate eta enpresa-buruekin harremanak sendotu dira.

Arlo ekonomikoari dagokionez, lehendakariak esan du lantalde bat sortuko dela gai amankomunak jorratzeko, besteak beste, nekazal sektorea, energia berriztagarriak eta teknologia berriak. “Boise berrikuntza teknologikoaren bidean dagoen hiria da”, adierazi du Urkulluk. Badaude gainera, lehendakariaren esanetan, Euskadirekin “harreman estrategikoa” izan ditzaketen enpresak ere. 

Kultura eta hezkuntza sailari dagokionez, lehendakariak Boise State Universityrekin berretsitako akordioaz mintzatu da, euskal ikasketak Idahon bermatuko dituena, alegia. Honez gain, euskal jatorria duten 10.000 familien datuak jasotzen dituen hiztegi biografikoa ere aipatu du. Bestalde, hasiera baten Idahora etorri ziren artzainen inguruko memoria proiektua ere abian jarriko dela aipatu du, “Artzainak Gogoan” izena duela. Azken honek Idahon hil ziren artzainen berri eman nahi die beren Euskadiko senideei. 

Honez gain, lehendakaria diasporako eragileekin harremana estutzeko ideiaren alde agetu da, North American Basque Organizations – NABO-n ordezkaritza dutenekin, alegia. Zentzu honetan, lehendakariak balioan jarri nahi izan du euskal komunitateak Jaialdia antolatzeko egindako lan boluntarioa. Jai honek interesa pizten du bertoko eta Euskadiko herritarren artean. Horietako asko Boisera doaz familiartekoekin topo egiteko edo folklore eta identitatearekin lotutako jaiaz gozatzeko.

Jaialdiaren erakusketa 

Idahon euskal herentzia gogorarazteko bost urtean behin egiten den jaialdiaren barruan antolatu dute ekitaldia, dimentsio handiko eta aire zabaleko gune batean. Ikusleek dozenaka euskal dantza-talderen emanaldiak ikusi ahal izan dituzte, eta, halaber, euskal kulturarekin lotutako janari-postuak, jantziak eta oroigarriak ere ugari zeuden. Era berean, sheepwagons izeneko gurdiak ere erakusgai zeuden (Idahoko euskal artzainek tradizionalki erabili izan dituzten gurdiak), baita Ameriketako euskal kulturarekin lotutako bestelako elementuak ere.

Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2015.eko abuztuak 20

    que guay me alegro mucho @iurkullu

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)