Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Agustín Azkarate: «XVI. mendeko euskal historiaren zati eder bat Kanadako kostaldean eta lurretan topa daiteke»

2015.eko uztailak 31
  • EHUren Natur paisaiak eta Ondarea Unesco katedra datu itxaropentsuak ari da lortzen, Kanadako kostaldean XVI. mendean izandako euskal presentziaren inguruan

 

  • Sergio Escribano-Ruiz ikerleak euskal baleazaleek izan zuten kolonizazio bereziari buruzko azterlan bati ekin dio

 

 

«XVI. mendeko Euskal Herriko historiaren zati eder bat Quebeceko itsasaldeko lurretan topa daiteke, bai eta Labrador eta Ternuakoetan ere; bakailaoa eta baleak arrantzatzera joan ziren euskaldunek izan zuten kolonizazio bitxiaren ondoren», adierazi du Agustín Azkaratek, EHUren Natur paisaiak eta Ondarea Unesco katedraren zuzendariak. Ikerketa-lan horien berri Sergio Escribano-Ruiz irakasleak eman du, Kanadako Red Bay udalerrian azken asteetan egindako lan-jardunaldietan, Kanadako Parkeen zuzendari Cindy Gibbons andrearekin eta Labrador eta Ternuako Arkeologia Departamentuko arduradun Lisa Rankin eta Amanda Crompton andreekin batera. Red Bay Labrador eta Ternua probintziako kostaldean dagoen garai bateko euskal baleazaleen estazioa da.

 

Kanadako kosta atlantikoan emandako denboran, Sergio Escribano-Ruiz ikerleak hainbat azterlan egin ditu gune irekietan: zeramikak eta arrantzako elementuak, edota XVI. eta XVII. mendeetako pertsona haien egunerako bizimoduko bestelako erremintak, museoetan eta zentro tematikoetan daudenak. Era berean, Kanadako Parkeetako profesionalekin ere izan du hartu-emanik, eta euskaldunek eta inuitek XVI. mendetik izandako harremanak jorratu ditu. Halaber, kostalde horretan Euskal Herritik ekarritako zeramikak behatu ditu, teila eta azuleju formakoak. «Denborarekin, datu bikainak emango dizkigu horrek guztiak errespetuzko kolonizazio gizatiar hura nola gertatu zen ikusteko; izan ere, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko arrantzaleek egindako kolonizazio hura oso bestelakoa izan zen planetako beste herri eta gizarte batzuekin gertatu zenaren aldean», adierazi du.

 

«Bitxiena zera da, arrantzaleek eramandako zeramika hura hainbat tokitan egindakoa zela, Buradon Gatzagan, Lautadan edota Bilbon, baina baita Kantabrian, Portugalen, Saintongen edota Aunisen ere (Frantziako kostalde atlantikoan azken bi horiek)», nabarmendu du Escribano-Ruiz irakasleak Lurralde Politikako sailburuorde Izaskun Uriarterekin egindako informazio-bilera batean.

 

Pidgina

Azkarateren aburuz, 1970eko hamarkadan Selma Huxley Barkhan irakasleak abiatutako lanak «sekulako aukera dauka parez pare, Ipar Ameriketara joaten ziren euskaldunak zer-nolakoak ziren jakiteko, eta aztertzeko nola jardun zuen errespetuz eta adiskidetasunez han bizi ziren herriekin. Horren erakusle da herri bakoitzaren ama-hizkuntza baliatuta sortu zuten pidgina».

 

«Garai hartako lekukotza arkeologiko eta dokumental ugari daude, eta orain Ottawako Gobernua haiek aztertzen ari da Kanadako Parkeak erakundearen bidez. Baina orain Euskadik ate bat dauka irekita bere historiaren berri izateko; izan ere, Red Bay, Chateau Bay, Pleasure Harbour eta tankera horretako leku ezagunetan ez ezik, Quebeceko eta San Lorenzo ibaiko beste inguru batzuetan ere gure historiaren aztarna ugari ageri da, guztiak ere ezagutu eta mantendu beharrekoak», azaldu du Agustín Azkarate maisuak. Azkaratek, José Fernández Verarekin batera, hainbat indusketatan parte hartu zuen 1980ko hamarkadan.

 

EHUren Natur paisaiak eta Ondarea Unesco katedrak Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldean du oinarria, Agustín Azkaratek zuzenduta eta Gasteizko Letren Fakultateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailaren mende. 2013an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eta EHUren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez, eta 2014an UNESCO katedra gisa errekonozitu zuten.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Agustín Azkarate, Sergio Escribano-Ruiz