Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Boiseko Unibertsitateak Idahon euskal ikasketak egiteko hitzarmena berritu dute

2015.eko uztailak 31
  • Lehendakari eta sailburua Boiseko Estatu Unibertsitateko presidentearekin elkartu dira
  • Hitzarmenaren bitartez, euskal hizkuntza eta kultura ikasketak indartuko dituzte unibertsitatean, irakurlegoa baliatuta
  • Aldez aurretik, lehendakaria North American Basque Organization (NABO) elkartearen batzarreko buru izan da

Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez, eta Boiseko Estatu Unibertsitateak (BSU) lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Idahon euskal hizkuntza eta kultura ikasten jarraitu ahal izateko. Hitzarmen hau 2001ean sinatu zen lehendabizikoz, eta gaur indartu egin da. Izan ere, Euskal Ikasketen Programari eusteaz gain, euskararen eta euskal kulturaren unibertsitate-ikaskuntza indartu nahi du, bi esparru horiek sendotuko dituen irakasle-plaza berri bat sortuta. 

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek bilera egin dute gaur BSUko presidente Bob Kustra eta errektore Martin Schimpf jaunekin, eta hitzarmenaren xehetasunak zehaztu dituzte. Ondoren, Uriarte sailburua, Etxepare Institutuko presidente exekutibo den aldetik, hitzarmenaren sinadura-ekitaldiaren buru izan da: erakundearen zuzendari Aizpea Goenagak eta BSUko errektore Martin Schimpf-ek sinatu dute hitzarmena. 

Uriartek hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du, bere esanetan, Euskadiren aurkezpen-gutuna baita AEBetan. «Idahon euskaldunak ez gara arrotzak, euskarak bizirik jarraitzen du ehunka etxetan eta Euskadin bezalaxe sentitzen gara», nabarmendu du. 

Hitzarmenaren xehetasunak

Orain artean, 450 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte, urtean, hitzarmen honen baitako euskal hizkuntza eta kultura ikastaroetan.  Programa honek euskal gaiei buruzko mintegiak eta konferentziak antolatzen ditu, haien inguruko materiala prestatzen eta argitaratzen du, eta laguntza eskaintzen die euskara eta euskal kultura sustatzera bideratutako inguruko erakundeei. 

Etxepare Institutuaren eta Boiseko Estatu Unibertsitatearen arteko hitzarmena berrituta, programaren irakaskuntza indartu nahi da BSUn irakurlegoaren bitartez, euskal kulturaren presentzia akademikoa sendotuko duen irakasle-plaza berri bat sortuz, euskal diasporarentzat hain garrantzitsua den Boiseren gisako nukleo batean 

NABO-REN BATZARRA

Aurretik, Iñigo Urkullu lehendakariak NABOren (North American Basque Organizations) batzarra abiarazi du, eta elkarte honek 1973an sortu zenetik egindako lana errekonozitu du, estatubatuarrak eta kanadarrak kultura eta hizkuntza baten inguruan lotzen jakin baitu. 

Urkulluk, halaber, Udaleku programa nabarmendu du, «programa guztien izarra». Urtean 100 neska-mutil eta gazte biltzen ditu, eta dantza, musika, txistua edota kantua erakusten diete, eta hari esker izan da posible erakundearen belaunaldi-erreleboa. Bestalde, lehendakariak NABOren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, eta gaineratu du hasieratik elkarrekin hazten ari garela eta hala jarraituko dugula. Horrekin loturik, eta eginbehar gisa, lehendakariak nabarmendu du Euskadin ikusgarriago egin behar dela erakundeak egiten duen lana; izan ere, «guztiek ez dute merezi bezala errekonozitzen zer-nolako lana egiten duten». 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PetraZabalgana
    2015.eko uztailak 31

    Comentario de Twitter:
    The Basque Government and Boise State University bolster their agreement to run basque studies in Idaho: The L... http://t.co/7ftVVjt35i

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)