Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, La Naval enpresak Texelstroom itsasoratzea mugarri garrantzitsua da Euskadiko itsas sektorearentzat

2015.eko uztailak 30
  • Arantxa Tapiak dio ontziolek etorkizunean jarrita dituztela begiak eta apustu argia egin dutela teknologiaren alde.
  • Tapiari txalogarri zaio La Naval enpresak egin duen ahalegina bere kudeaketa eredua merkatuko eskakizunetara egokitzeko.

Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, esan du La Naval ontziolak “Texelstroom” ontzia itsasoratzea “mugarri garrantzitsua dela ontziolarentzat eta Euskadiko itsas sektorearentzat oro har, frogatzen duelako sektoreko enpresa guztiak etorkizunera begira daudela, teknologikoki gero eta aurreratuagoak diren produktuak eta ontziak eskainiz”.

“Texelstroom” ontziaren itsasoratze ekitaldira azaldu ziren orobat Josu Erkoreka, Justizia eta Administrazio Publikoko sailburua eta bozeramailea; Javier Zarraonaindia, Industria sailburuordea eta Alejandro López Cárcamo, Industriaren Garapen zuzendaria.

Mugarria La Naval enpresarentzat eta sektore osoarentzat

Gaurko eguna mugarri bikoitza da zeren, sektoreak azkenaldian izan dituen zailtasun nabarmenen ostean --duela bi urteko taxlease kasuak larriagotuak--, une honetan euskal ontziola guztiek, salbuespenik gabe, ontzi bat edo gehiago itsasoratu baitituzte, “finantza arloko hasierako ziurgabetasunari, lehiakideen erasokortasunari eta merkatuetako zailtasunei aurre egin ondoren”. Ontziolak eta industria laguntzaileak, esan du Tapiak, sektore gisa ari dira lanean, ontziola edo ontzi konpainia bakoitzaren interesez harago, eta langintza horretan paper garrantzitsua jokatzen ari da Itsas Foroa.

Ontzi mota berria, teknologiaz gaindia

Era berean, “Texelstroom” ontziaren itsasoratzeak bigarren mugarri bat ere markatu du, La Naval enpresak egun duen apustuaren eta onartu duen arriskuaren ikuspegitik. Ontzi mota berritzaile bat egin baitu, orain arte Euskadin egin izan direnengandik desberdina.

La Naval eta Euskadiko gainerako ontziolak behartuta daude konponbide eguneratu, lehiakor eta eraginkorrak eskaintzera, merkatua nazioarte mailan jokatzen delako eta bertan lehia handia dagoelako. “Euskal ontziolak onenekin lehiatzen dira, onenen artean”.

La Naval gauza da gas konprimitua kontsumitzen duten azken belaunaldiko gas-motor dualak ezartzeko, energia bateriak eta eguzki xaflak instalatzeko, eta hori guztia, 5000tik gora seinale kontrolatzen dituzten automatizazio-sistema sofistikatuek kudeatutako ontzietan. Badituzte 4.000na kw-tik gorako kontsumitzaileak kontrolatzen dituzten potentzia-elektronikako osagaiak,  eta posizionamendu dinamikoko sistema sofistikatuenak.

“Labur esanda, ontziek lanerako ahalmen handiagoa dute matxuraren bat gertatuz gero, eta tripulatzaileen instalazioetan erosotasun maila handiena eskaintzen dute zarata eta dardarei dagokienez”.

“Baloratzen dugu ontziolak egiten ari diren ahalegina, baina bai guk eta bai eurek ere ongi dakigu ezin dugula atsedenik hartu, eta sektore-herrialde gisa aurrera jarraitu behar dugula beste batzuek eman ezin dituzten konponbideak eskaintzeko”.

Kudeaketa eredu modernoagoa eta merkatura egokitua

Azkenik, eta oraintsu pribatizatutako ontziola bat denez, Eusko Jaurlaritzak txalotu egiten du La Naval egiten ari den ahalegina kudeaketa hobetzeko eta lehiakortasuna etengabe bilatzeko.

Kudeaketa eredu horren ondorioz, bestalde, lehen baino exijenteagoa da bere hornitzaileen lehiakortasunarekin. Kudeaketa modernoagoa eta arinagoa, alegia, aukera ematen diona behar dituen osagaiak eta zerbitzuak industria lagungarriko enpresa gero eta espezializatuagoetatik jasotzeko.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)