Berriak
Eu

Lehendakariak Basque Block-a bisitatu du, Boiseko Euskal Kulturaren muina

2015.eko uztailak 30

Lehendakariak eta euskal ordezkaritzako gainerako kideak Basque Museum, euskal etxea, Anduiza pilotalekua eta Jacobs Uberuaga etxea bisitatu dituzte

 Lehendakariak, Boisera egindako bidaia ofizialeko bigarren egunean, ordezkaritzako gainerako kideak lagun dituela, Basque Block gunea bisitatu du. Bertan daude Idahoko hiriburuko euskal kulturako osagai nagusiak: euskal museoa, Anduiza pilotalekua, “Euzkaldunak” Euskal Etxea eta Jacobs Uberuaga etxea. 

Eusko Jaurlaritzak balioan jarri du Boiseko Euskal Museoak diasporaren historia hedatzeko egiten duen lana. Euskal Herritik kanpo dagoen euskal museo bakarra da eta urtero 15.000 eta 20.000 bat lagunen bisita jasotzen ditu, horietako asko Boise inguruko ikasleak. “Hau gure historia da, euskaldunena eta amerikarrena ere, adierazi du Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia den Marian Elorzak.  

Euskal ordezkaritza Patty Miller andreak gidatu du; 1993tik hona, Basque Museum & Cultural Centerreko zuzendaria da Miller. Museoaren helburua euskal kultura zaintzea eta sustatzea da, bisitariei gerturatzeko. Horretarako, euskaldunei eta Idaho estatuan izandako historiari buruzko erakusketa bat dago, baita euskara eskolak emateko ikasgela bat eta liburutegi bat ere.

Anduiza frontoia, bestalde, 1914an sortu zuten, eta 1993an berritu. Eraikinean ia mende erdiz ingeniaritza-enpresa bat egon zen, baina pilotalekuaren ingurua kontserbatu zuten. Boiseko euskal komunitatea arduratu da instalazio horietan pilotan eta palan jokatzen jarraitzeaz.

Euskal etxea

Euzkaldunak, Boiseko euskal etxea, 1949an sortu zen, eta dantza-taldeak, euskal musika-talde bat, karta-txapelketak, gastronomiarekin lotutako ekitaldiak eta bestelako ekitaldiak izaten dira bertan. Martxa handiko zentroa da, eta Idahoko euskal komunitatearen historian rol garrantzitsua izan du.

Azkenik, Cyrus-Jacobs Uberuaga etxea 1864an altxatu zen, eta Boisen adreiluz egindako eraikinik zaharrena da. Euskaldunek alokatu zuten 1910ean, eta artzainentzako ostatu gisa erabiltzen hasi ziren. Uberuaga sendiak erosi ostean, 1969ra arte izan zituzten maizterrak bertan. 1983. urtetik hona, euskal museoak kudeatzen du, eta bertan bisitaldi gidatuak egiten dituzte, euskal etorkinak hartzeko izan zuen garrantziari buruz. Haren parean, Gernikako arbolaren kimu bat dago, eta, sinbolismo moduan, euskal ordezkaritzak bertan argazki bat atera du.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2015.eko uztailak 31

    me alegro @iurkullu feliz verano

  • ana
    2015.eko uztailak 31

    me alegro mucho animo @iurkullu

  • @anamarti4
    2015.eko uztailak 31

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco visita el Basque Block, núcleo de la cultura vasca en Boise http://t.co/VH7hp9zcYr ME HA GUSTADO @iurkullu

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Patty Miller, directora del Museo Vasco de Boise