Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Oregiren ustez, «berri ona da Frantziako eta Espainiako gobernuek tren-autobidea Pas-de-Calaistik Gasteizera luzatzeko aukera aztertzea»

2015.eko uztailak 29
  • «Errealitate bihurtuko luke Europak, merkantziak modu jasangarrian garraiatzeko, lehenetsitako proiektuetako bat».
  • Atseginez hartu du Jundizko poligonoa Atlantikoko tren-autobideko erreferentzia-puntu bihurtzeko Eusko Jaurlaritzaren proposamenari Sustapeneko Ministerioak emandako babesa
  • Datorren astean, Antonio Aiz Garraioetako sailburuordeak Mediterraneoko tren-autobidea bisitatuko du

 

 

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, «berri ona da Frantzia eta Espainiako gobernuek tren-autobidea Pas-de-Calaistik Gasteizera luzatzeko aukera aztertzea, errealitate bilakatuko lukeelako Europak, merkantziak modu jasangarrian garraiatzeko, lehenetsitako proiektuetako bat».

 

Oregik atseginez hartu du Sustapeneko Ministerioak Eusko Jaurlaritzaren proposamenari emandako babesa. Hain zuzen, zera proposatu zuen: Jundizko poligonoa Atlantikoko tren-autobideko erreferentzia-puntu bihurtzea, tren berezitan garraiatutako salerosgai, kamioi eta trailerren alorrean (hainbat herrialdetan egin bezala)–.

 

Ana Pastor Sustapeneko ministroa Frantziako Garraio, Itsaso eta Arrantzako estatu-idazkari Alain Vidaliesekin bildu da gaur, eta tren-autobideak bultzatzeko lantalde bat sortzea adostu dute. Datorren urrian bilduko da lehen aldiz.  Vidaliesek adierazi duenez, «Europaren ikuspegi ederra» emango lukeela Gasteizen plataforma komun bat jartzea, eta Frantziako gobernuak tren-autobide hori eraikitzeko lanean parte hartu nahi duela berretsi du.

 

Iragan apirilaren 30ean –Frantziako Garraioetako estatu-idazkariak, Alain Vidaliesek, Baionara eta Landetara egindako bisitaren ondoren– Eusko Jaurlaritzak Atlantikoko tren-autobidea Jundizen eraikitzeko aukera eskaini zuen. Hasiera batean, Frantziako gobernuak Calais/Tarnosen (Baiona) nahi zuen eraiki tren-autobidea, baina Tarnosen sartzeko zailtasunak ikusirik, berriz finkatu zuten proiektua, merkantziak garraiatzeko sarea benetan Europakoa izan dadin, elkarrekin lotuz Normandia eta Euskadi eta Atlantikoko korridore osoari emanez zerbitzua, Europako Batzordeak gomendatzen duenari jarraiki.

 

Eusko Jaurlaritzak askotan eskatu du tren-autobidea Gasteizeraino luzatzea eta mugaz haraindikoa izatea; horrenbestez, «proiektuak aurrera egiten badu, onuragarria izango da Europako hego-mendebalde osoaren eta, bereziki, Euskadiren ekonomia garatzeko».

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak