Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Lasarte-Oriako haur eta lehen hezkuntzako ikasleek jantoki berriarekin hasiko dute datorren ikasturtea

2015.eko uztailak 29

Lasarte-Oriako Landaberri Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak Pablo Garaikoetxea eraikinean eskola-jantoki berria estreinatuz hasiko du 2015-2016 ikasturtea. Instalazio berriak 150 haurrentzat edukiera du eta iraila hasierarako amaituta egongo da. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak udalerri horretako hezkuntza-komunitate osoarekin lankidetza estuan egin du lan proiektua gauzatzeko, eta 295.369,53 euro bideratu dizkio (BEZa barne), obra egiteko.

Jantoki berria –2 eta 8 urte bitarteko ikasleei zuzendua– Pablo Garaikoetxea eraikinaren alboan ari dira eraikitzen. Zurezko instalazio modernoa eta erabilera anitzekoa izango da: solairu bakarreko bolumen bakar bat, kanpo-isolamenduz estalitako zur ijeztuko xaflen bitartez eraikia, eta zurezko listoiez estalia. Bi isurkiko teilatua izango du eta azalera eraiki osoak 260,52 m² hartuko ditu. Horietan, instalazio hauek jarriko dira:

-       159,6 m²-ko jantoki bat, 150 bazkaltiar ere sartzeko edukierarekin (baita 300 ere, bi txandatan)

-       Sukalondoa, janaritegiarekin eta hondakin gelarekin: 37m²

-       Ikasleentzako komunak

-       Sukaldeko langile eta laguntzaileentzako aldagelak eta komunak

Hamarkadetan udalak kudeatu ondoren Lasarte-Oriako eskola-jantokiko zerbitzuak, Landaberri Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak bere gain hartu zuen eskola-jantokia zuzenean kudeatzeko zeregina, 2012-2013 ikasturtean. Instalazioak, ordea, ikastetxeetatik aparte zeuden. Horregatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak –Gipuzkoako Ordezkaritzaren bitartez-, gurasoek eta ikastetxeko zuzendaritzak, aurreko udalbatzarekin lankidetzan, eskolan bertan kokatutako jantoki  bat eraikitzea lehenetsi zuten, eskaera guztiari erantzuteko adina espazio izango duena. Aurreko udalbatzak proiektua erredaktatzeko ardura hartu zuen, eta zimendua jartzeko lanak ere bere gain hartu zituen. Erakunde horiek guztiak lankidetza hertsian aritu dira eta proiektuaren jarraipen zehatza egin dute fase guztietan, jantokia ikasturte hasierarako prest egon dadin.

Arestian aipatutako eragileok adostu zituzten jantoki berriaren formatua eta kokapena ere (egurrezko instalazio bat, zabala, eta eskolako parkingean bertan eraikia, lehendik dauden espazioak ez betetzeko). Ondoren, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak lehentasun maximoa eman zion proiektua izapidetzeari, prest egon dadin irailerako, eta hala behar duten ikasle guztiei zerbitzu eman diezaien, joan-etorririk egin behar gabe. Horrela bada, Eusko Jaurlaritzak uztailaren 2an esleitu zizkion lanak Construcciones Moyua SL eraikuntza-enpresari, eta iragan uztailaren 21ean hasi dira lanok. Hortaz, 2015-2016 ikasturterako, amaituta egongo da jantoki berria.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskerrak eman nahi dizkie eragile horiei guztiei –gurasoak, zuzendaritza eta aurreko udalbatza–, irtenbide onena bilatzen eta Lasarte-Oriako udalerrian askok eskatutako zerbitzu hori ezartzen emandako laguntzarengatik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)