Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari ohar egin dio Kultura-ondare Immateriala Babesteko Legeak Gernikako Estatutua urratzen duela

2015.eko uztailak 31
  • Araudiak gutxietsi egiten ditu Euskadik kultura-arloan, eta ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoari dagokionez dituen eskumen esklusiboak.
  • Legeak dioenez, Espainiako gobernuak Kultura Ondare Immaterial izenda dezake euskal kulturaren edozein adierazpen, alde bateko erabaki bidez eta baimenik gabe.
  • Gainera, beretzat hartzen du ondare mota hori nazioartean zabaltzeko eskumena; hala, betoa jarri dio Euskadik bere nazioarteko zabalkunde-jarduerak gauzatzeko aukerari.
  • Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa jarri aurretiko aldebiko negoziazio egitea eskatuko du; horrenbestez, 6 hilabeteko epea irekiko da, bi gobernuek akordio bat lor dezaten.

Sei hilabeteko negoziazio-epea irekitzeko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari, (*)Kultura Ondare Immateriala Babesteko maiatzaren 26ko 10/2015 Legearen 11, 12 eta 14 artikuluen inguruan akordio bat lortzeko. Negoziazio-epe horretan akordiorik lortu ezean, Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegian errekurtsoa jarriko die hiru artikulu horiei, kulturaren arloan, eta ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoari dagokionez Euskadik dituen eskumen esklusiboak urratzeagatik.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, Espainiako legeak hainbat eskumen esklusibo hartu ditu beretzat, bi gobernuek kultura-arloan izan beharreko elkarlan- eta lankidetza-harremanei begirunerik gorde gabe.  Adibidez, legeak barruan hartzen du Kultura Ondare Immaterialaren Agerpen Adierazgarrien Adierazpen bat; hau da, ondasun bat berezko Kultura Ondare Immaterial gisa izendatzeko eskudundutako autonomia-organoaren lekua hartzen du. Estatuak zernahi agerpen izenda lezake Kultura Ondare Immaterial gisa, aldebakarrez eta baimenik gabe.

Halaber, Espainiako gobernuak beretzat hartzen du ondarearen ondasunak nazioartean zabaltzeko eskumen esklusiboa; hala, betoa jartzen dio Euskadik Ondare Historiko-Artistikoa eta Kultura Ondare Immateriala nazioartean zabaltzeko jarduerak garatzeko aukerari.

Amaitzeko, Espainiako arauak kultura-ondare immaterialean erregistro-metodologia zehatz bat ezartzera behartzen ditu autonomia-erkidegoak. Inposizioaren alde egin du, elkarreragingarritasunaren arloan elkarrekin lan egitearen alde egin ordez.

Eusko Jaurlaritzak gogoratu nahi du Euskadik eskumen osoak dituela kultura-ondarea gordetzea eta zaintzea bermatzeko babesaren, sustapenaren eta hezkuntzaren arloko neurriak abiarazteko. Euskal kultura-ondareak barruan hartzen ditu kulturaren eta bizimoduen adierazpen-forma aipagarriei lotutako iraganeko lekuak, jarduerak, sortze-lanak, sinesmenak, tradizioak eta gertakariak. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, ezerk ez du galarazten berak Euskadiko kulturaren adierazpen nabarmengarri gisa aintzatetsitako zernahi gertakari ondare babesgarrian sartu ahal izatea. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau