Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak 21 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu 1.000tik gora C Hepatitisdun gaixo artatzeko sendagai antibiral berriak erosten

2015.eko uztailak 26

«Antibiralen bidez, C hepatitisak eragindako hepatopatia kronikoa duten 1.053 lagun artatu ditugu Euskadin, eta astero hazten da Osakidetzan artatzen den jende kopurua. Pixkanaka, paziente guztiak artatzen jarraituko dugu, irizpide medikoak eta zuzentasun-irizpideak jarraituz soilik, oinarrizko bi printzipio horien gaineko kanpo-presioei erantzun gabe». Asteburuan, C hepatitisdun gaixoen elkarteen I. Nazioko Topaketa egin zen Valladoliden. Han egindako salaketei erantzuteko, C hepatitisaren aurkako Euskal Estrategiaren arduradunek balioa ekarri nahi izan diote euskal gizartea,Osakidetzaren bitartez, larrien dauden pertsonak lehenbailehen eta zorroztasun osoz artatzeko egiten ari den ahaleginari. Estrategiaren arduradunek berriz gogorarazi dute ezen, dagoeneko, «1.053 pertsona artatu direla eta Eusko Jaurlaritzak 21 milioi euro inbertitu dituela sendagai antibiralak erosten, Rodes irakasleak gidatutako aditu-taldeak datozen 3 urteetarako zehaztutako estrategiari jarraiki».

C hepatitisaren aurkako Euskal Estrategiako koordinatzaileak, Daniel Zulaica doktoreak, eta Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariak, Antonio Arraizak, honako hau gogoratu dute: «etengabe ari dira farmako berriak agertzen, eta paziente guztiak artatuko ditugu, mailaka, aintzat harturik zer larritasun-maila duten eta zer konplikazio ager daitezken,, eta, betiere, zehaztutako irizpide medikoetan oinarrituz». «Euskadin zorroztasunez, zuzentasunez eta modu antolatuan ari gara lanean» erantsi dute.

Halaber, gogoratu dute C hepatitisa artatzeko Estrategia Oso bat onartu berri duela Euskadik, Lurraldearteko Kontseiluan onartutakoarekin bat datorrena.

Euskadin C hepatitisa artatzeko Zuzendaritza Batzordearen Estrategiaren oinarrian, lau lan-ildo hauek daude: C hepatitisaren birusaren eta hepatitis kronikoaren egungo eragina zehaztea, prebentzio-neurriak abiaraztea C hepatitisaren birusa kutsatzea saihesteko, Laguntzako Ekintza Plan Terapeutiko eta Kliniko bat definitzea, eta komunikazioa sustatzea, herritarrekin, oro har, eta gaixotasunaren eraginpean daudenekin, batez ere.

Estrategian, helburu espezifikoak eta ekintza zehatzak aurreikusi dira. Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak abiarazi zuen, iragan otsailean sinatutako Agindu bidez, eta estrategian oinarriturik eman zaie, ordutik, erantzun egituratuagoa, koordinatuagoa eta eraginkorragoa C hepatitisak ekarritako erronkei.

Sailburuak hainbatetan gogorarazi du Osakidetzak C hepatitisdun guztiei bermatu diela tratamendua beti. Zuzendaritza Batzordeak gauzatutako estrategiak, nolanahi ere, antolakuntzako eta laguntzako jarduera-ildoak ezarri ditu, gaur egun osasun publikoko lehen mailako arazo bat denari ahalik eta erantzun onena emateko –hala ikuspuntu epidemiologikotik nola laguntzaren ikuspegitik– beharrezko diren ekintzak planifikatzeko, sustatzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko.

Estrategiak, besteak beste, irizpideak, jarduera-protokoloak, esku hartzeko prozedurak eta baliabideak ezartzen ditu. Horien koordinazioa, kontrola, ebaluaketa eta jarraipena Zulaika doktoreak koordinatutako antolamendu-egitura espezifiko baten bidez egingo da. Egituraren baitan, honako hauek sartzen dira: Zuzendaritza Batzorde bat; Laguntza Batzorde Kliniko bat eta Gizarteak Parte Hartzeko Batzorde bat. Zuzendaritza Batzordea osasun-ekintzak planifikatzeaz eta koordinatzeaz arduratuko da; horrez gain, aldian behin, C hepatitisak Euskadin duen egoera aztertuko du, eta gaitzak izandako bilakaerari buruzko analisi proiektiboak egingo ditu. Laguntza Batzorde Klinikoak laguntzari buruzko alderdiak hartzen ditu, besteak beste, bai eta alderdi klinikoak, diagnostikoak, terapeutikoak, antolakuntza arlokoak eta emaitzen azterketari dagozkionak ere. Amaitzeko, Gizarteak Parte Hartzeko Batzordearen zeregin nagusia C hepatitisaren birusa duten pertsonek nahiz horien ordezkariek aurkeztutako proposamenak edo ekarpenak jasotzea, eztabaidatzea eta aztertzea izango da.

Laguntzako Batzorde Klinikoko presidentea Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendaria, Antonio Arraiza, da. Batzordean, hainbat arlotako espezialistak daude: hala nola, digestio-aparatuaren gaixotasunetakoak, epidemiologiakoak eta familia-medikuntzakoak, bai eta, orobat, ospitaleetako farmazialariak ere. Bestalde, Daniel Zulaica doktoreak koordinatzen du estrategia. Horrez gain, Hiesaren eta STGen Euskadiko Planaren koordinatzailea da, bai eta C hepatitisari aurre egiteko Estatuko Planeko aditu-taldeko kidea eta Gizarteak Parte Hartzeko Batzordearen presidentea ere.

Vitoria-Gasteiz, 2015.eko uztailak 26

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @HUAospitalea
    2015.eko uztailak 29

    Comentario de Twitter:
    Osakidetzak 21 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu 1.000tik gora C Hepatitisdun gaixo artatzeko sendagai an... http://t.co/ajm0jl3VnT

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Daniel Zulaica, C hepatitisaren aurkako Euskal Estrategiako koordinatzailea