Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

ITSASOZ LEHEN BIDAIARIAK IRISTEN HASI DIRA DEBARA

2015.eko uztailak 29
  • Debako pantalanaren inaugurazioa
  • Azpiegitura berri honekin jarduera turistikoa suspertu nahi da bai Deban bai Debabarreneko eskualdean.
  • Gaur jarri dira abian Geoparkeko 2 itsas-irteera gidatu berri, Deban ontziratzeko edota lehorreratzeko aukera eskainiko dutenak.
  • Martxotik ekainera bitarte, 2.000 lagunek egin dute Geoparkeko bisita gidaturen bat; iazko epe bereko datuekin alderatuta % 60 baino gehiago egin du gora datu honek.

 Iritsi dira lehen bidaiariak itsasontziz Debara. 13:30ean lehorreratu dira Debako pantalan berrian. Bidaiariak Zumaian ontziratu dira 12:30ean eta ordubeteko zeharkaldia egin dute Debaraino itsasoz, Geoparkeko kostaldeko (Mutriku-Deba-Zumaia)  flyscharen edertasunaz gozatuz, gida baten azalpenek lagunduta. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburu Ana Oregik, Debako Alkate Pedro Bengoetxeak eta Debegesa Garapen Agentziako zuzendari Juan Angel Balbasek inauguratu dute gaur goizean Debako pantalan berria.

 

Geoparkeak gaur bertan abian jarri dituen 2 proposamenetako bat da hauxe. Hain zuzen ere, bi irteera gidatu berriek Zumaia eta Deba arteko ibilbidea egingo dute itsasoz, bi zentzuetan, eta Debako pantalana izango dute abiapuntu edota helmuga. Hain justu, gaur aurkeztu da Debako pantalan berria. Azpiegitura berri honekin jarduera turistikoa suspertu nahi da bai Deban bai Debabarreneko eskualdean. Hemendik aurrera, Euskal Kostaldeko Geoparkeko itsas-irteeretan parte hartzen duten bisitariek Deban ontziratzeko eta lehorreratzeko aukera izango dute.  

Inaugurazio ekitaldian izan dira Garraio Azpiegituren zuzendaria, Almudena Ruiz de Angulo, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria, Amaia Barredo, eta Gipuzkoako Portuen zerbitzuko arduraduna, Idoia Ortubia. Haiekin batera Mutriku eta Zumaiako alkateak ere egon dira (Debarekin  batera Geoparkea osatzen duten udalerriak), Jose Angel Lizardi eta Oier Korta, hurrenez hurren. Ekitaldian Debabarreneko turismo arloko hainbat enpresa ere izan dira. 

 Bai Oregi sailburuak baita Debako alkate Pedro Bengoetxeak ere poza agertu dute Debak jarduera turistikoa sustatzeko azpiegitura berri bat izango duelako aurrerantzean. 

 Zalantza gabe, flyscheko itsaslabarrak dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko erakargarritasunik handiena. Arrakasta gehien duten bisitak itsasontziz egiten direnak dira, Geoparkeko kostaldea deskubrituz (Mutriku-Deba-Zumaia). Datu bat, aurten martxotik ekainera bitarte, 2.000 lagunek egin dute Geoparkeko bisita gidaturen bat. Aurreko urteko datuekin alderatuz, epe berean, % 60 baino gehiago igo da kopuru hau. Bisitarien joan-etorria handia da Geoparkea osatzen duten hiru herrietan eta honen eragin ekonomikoa eta turistikoa oso handia da.

 Pantalan berriari esker Debarentzat aukera berriak irekiko dira, eta asmoa da itsasoz gero eta bisita  gehiago erakartzea  herrira. Azpiegitura berri hau Debako Udalaren eta Debegesa Debabarreneko garapen agentziaren ekimena izan da eta  Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak finantzatu du.

 

Bisita gidatu berriak, Debatik edota Debara

Euskal Kostaldeko Geoparkeak, besteak beste, geoturismoa bultzatu nahi du, eta zehazki, bertako ondare natural, kultural  eta geologikoa deskubritzera, dibulgatzera eta disfrutatzera bideratuta dauden esperientzia, jarduera eta bisita gidatuak sustatu nahi ditu.

 

Pantalan berria jarrita, gaurtik aurrera Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere eskaintza turistikoa osatzera datozen 2 itsas-irteera berri eskainiko ditu. Bisita gidatu berriek itsasoz egingo dute Deba eta Zumaia arteko ibilbidea, bi zentzuetan. Hain justu, “Deba-Zumaia itsasontzian” eta “Zumaia-Deba itsasontzian” dira aipatu bi irteera berriak. Abiapuntu eta helmuga desberdina duten bisita interpretatuak izango dira, aukera ezinhobea Geoparkeko bi herri hauek patxadaz ezagutu nahi dituzten bistarientzat.

 

Itzultzeko aukera bikaina dira, halaber, Zumaia eta Deba arteko GR Talaia kostaldeko trekkinga egin nahi dutenentzat.    Bisitak geoparkea.com webgunean erreserbatu daitezke dagoeneko edota Geoparkeko hiru turismo bulegoetan.

 

Diseinu zein soluzio onena aurkitzeko prozesu luzea

Pantalan berria kokatzeko prozesua gaur amaitu da, bi urte luzeren ondoren, Debako Udalaren eta Debegesa garapen agentziaren ekimenari esker, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen babesarekin. 2013an, Debegesa eskualdeko garapen agentziak egindako txostenarekin, Debako Udalak Eusko Jaurlaritzako   Garraio Azpiegitura Zuzendaritzari eskaera egin zion Deban pantalan berria jartzeko, herrian promozio turistikoaren sustapenerako bide berriak irekitzeko helburuarekin. Txosten honetan nabarmentzen zen Geoparkeko bisitak itsasontziz egiten dituzten bisitariak ontziratzeko eta lehorreratzeko puntu bat behar zuela Debak. Txosten berean, aipatzen zen baita ere pantalanak itsas-salbamendurako beharrei erantzuna eman behar ziela.

 Eskaera honetatik abiatuta, Garraio Azpiegitura Zuzendaritza azpiegitura berri hau Deban eraikitzeko soluzio egokienaren bila hasi zen. Izan ere, Deba ibaiak dituen ezaugarriek baldintzatu dute pantalan berriaren ezaugarriak eta kokapena. Ibaiak sakonera mugatua du eta barne-astintze handia du. Ezaugarri hauek direla medio, soluzioa oso ondo aztertu da. Pantalanaren instalazioa Amilibia enpresak egin du. 70.000 euroko kostua izan du (BEZ barne), pantalana, baranda eta atea barne. Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak egin du diseinua eta ordainketa osoa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pedro Bengoetxea, José Angel Lizardi, Oier Korta, Juan Angel Balbás, Edurne Egaña, Nacho López de Aguileta