Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak ezezkoa eman dio 2011ean orduko Barne Sailak eta ERNE eta ESAN sindikatuk ertzaintzaren karrera profesionalari buruz sinatutako akordioari. (2015-07-27(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015-07-27

LABURPENA

Ezezkoak legezko euskarri falta du oinarri, nahiz eta Gobernua prest den sindikatuekin Legearekin bat etorriko den akordio bat negoziatzeko

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, aurkako iritzia eman du, eta uko egin dio 2011ean Gobernu sozialistaren Barne Sailak eta ERNE eta ESAN sindikatuek karrera profesionalari buruz adostutako akordioa berresteari. Gobernuaren ustez, akordio horrek ez du behar bezalako legezko euskarririk. Segurtasun Saila, dena den, Ertzaintzan karrera profesionaleko sistema bat garatzearen aldekoa da, bai eta haren edukia sindikatuekin negoziatzearen aldekoa ere.

Duela lau urte, 2011ko abuztuaren 12an, Gobernu sozialistaren Barne Sailak eta Ertzaintzako ERNE eta ESAN sindikatuek karrera profesionaleko sistema bat adostu zuten; hala, ordainsari osagarri bat sortzea adostu zuten, eta bost urtean 65 milioi euro kostatuko zituela kalkulatu zuten. Hala ere, Gobernu Kontseiluak ez zuen inoiz onartu akordio hori, ez baitzuen estaldura emango zion aginduzko lege-araurik.

Auzitegi Gorenaren 2015eko ekainaren 22ko epai batek akordio hori (2011ko abuztuaren 12koa) Gobernu Kontseilura jasotzera behartu zuen Segurtasuneko Saila, kontseiluak hari buruz hausnartu eta dagokiona ebazteko.

Gobernu Kontseiluak, gaur bilduta, eta aginduzko gogoeta egin ostean, kontrako iritzia eman du, eta uko egin dio Barne Sailak eta ERNE eta ESAN sindikatuek sinatutako karrera profesionalaren gaineko akordioa berresteari.

Euskadiko Gobernuaren erabakiaren oinarrian, arrazoi juridiko bat dago: karrera profesionaleko sistema bat eta garapen profesionaleko ordainsari osagarri bat sortzeko, lege-mailako arau batean bermatu behar da eta gaur egungo Euskadiko Poliziaren Legeak ez du aipatzen, ez karrera profesionalik, ez eta, ondorioz, hari lotutako ordainsaririk ere.

Segurtasun Saila, karrera profesionaleko sistema bat adostearen alde

Nolanahi ere, Ertzaintzaren baitako karrera profesionaleko sistema bat garatzearen alde agertzen da Segurtasun Saila. Horren erakusgarri da Euskadiko Poliziaren Legea bosgarrenez aldatzeko aurreproiektua (orain jendaurreko informazio-fasean), non xeheki arautzen baitira karrera profesionala eta hari dagokion ordainsari osagarria.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan