Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

EHUn titulu unibertsitarioa lortu duten pertsonen laneratzeari buruzko ikerlanaren aurkezpena

2010.eko uztailak 21

Ikasketak bukatu eta hiru urtera, tituludunen % 80,4k lana lortu dute beren prestakuntzarekin zerikusia duten lanpostuetan

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaiak gaur aurkeztu dituzte, Bilbon, euskal unibertsitate publikoko 2005-2006ko promozioaren laneratzeari buruzko datuak. Promozio horretako ikasleak titulua eskuratu eta hiru urte eta erdira elkarrizketatu zituzten, 2009ko urte amaieran eta 2010eko urte hasieran.

2006ko promozioari dagokion Laneratzearen Azterketa egiteko, 78 tituluetako 7.729 gradudunei eskatu zitzaien iritzia. Haietatik %62,3 emakumeak ziren eta %37,7 gizonak. Azterketa hori bederatzigarrenez egin da, eta Egailan Elkarte Publikoaren Lan Merkatuaren Behategiak zuzendu du. Hauek dira datu esanguratsuenetako batzuk:

  • Enplegu-tasa %80,4koa da, iazkoa baino 7,4 puntu baxuagoa. 2005eko promozioaren txostenean ikusi genuenez, joera-aldaketa bat izan zen aurreko promozioekin alderatuta; oraingoan joera hori berretsi egin da, eta krisi ekonomiko orokorrak Euskadin ere eragin duela argi geratu da. Arloka, enplegu-tasa Osasun ikasketen %92ren eta Humanitateen %72ren artean dabil.
  • Langabezia-tasa %12,1ekoa da, beraz, 4,9 puntu hazi da aurreko promoziotik. Aipatu behar da datu hori ezin dela Euskadiko langabezia-tasa orokorrarekin (%9,1) konparatu. Langabezia-tasa orokorra unibertsitarioen langabezia-tasa orokorrarekin (%5,2) konparatu behar da. Beraz, unibertsitate-ikasketek lan merkatuari baldintza hobeagoetan aurre egitea ahalbidetzen dutela egiaztatzen da.
  • %7,5era igo da ikasten jarraitzen dutenen edo lanekoa ez den jardueraren bat egiten dutenen kopurua. Ia 3 puntuko aldeak argi erakusten digu krisiak enplegu-bilaketa atzeratzea ekarri duela, eta gero eta tituludun gehiagok erabaki dutela ikasten jarraitzea.
  • Ahokatutako enpleguaren kopuruak gora egin du eta %89koa da, 2005eko promozioaren kasuan baino hiru puntu handiagoa eta 2001eko lehen datua baino hamazazpi puntu handiagoa. Aurreko promozioarekin alderatuta, enplegu ahokatua gehiago hazi da Humanitateen arloan (6 puntu) eta Zientzia Ekonomiko-Juridikoen arloan (5 puntu); %100era iritsi da Osasun Zientzien arloan eta %97ra Irakaskuntza Teknikoen arloan.
  • Batez besteko soldatak hazi egin dira, eta lanaldi osoko soldatak 1.619€-koak dira gizonentzat eta 1.488€-koak emakumeentzat.
  • Enplegua lortzeko bideei dagokienez, gehienek harreman sozialen eta profesionalen bidez (%21), curriculumak bidaliz (%18), Internet bidez (%16) eta unibertsitateak kudeatutako praktiken bidez (%13) lortu dute enplegua.
  • 2006ko promozioak unibertsitateari buruz egindako balorazioa aurrekoena baino hobea izan da, alderdi hauei dagokienez: hizkuntz politika, enpresetako praktikak eta tresneria nahiz zerbitzuak, informatika-gelak, liburutegiak eta praktika-gelak, besteak beste.

Sailburuak nabarmendu zuenez, euskal unibertsitarioen laneratze maila altuak eta prestakuntza mailari egokitutako gero eta enplegu gehiago egoteak berretsi egiten dute honako hau: "prestakuntza gehien eskatzen duen enpleguak hobeto egiten die aurre krisiaren eraginei".

Bestalde, UPV/EHUko errektoreak beste alderdi garrantzitsu bat nabarmendu zuen: "Laneratzearen Azterketak euskal unibertsitate-sistema osoa hartzen du kontuan, eta UPV/EHUren datuak azterketa horrek emandakoak baino zertxobait hobeak dira. Beraz, gure promozioaren emaitzak batez bestekoak baino hobeak dira, krisiak eragindako egoera konplexu honetan ere".

Hala bada, 2006an hiru euskal unibertsitateetan titulua eskuratu zuten ikasleen %80,2 ari dira lanean; eta titulua UPV/EHUn lortu zutenen kasuan, kopurua %80,4koa da. Era berean, langabezia-tasa orokorra %12,2koa da, eta UPV/EHUkoa, berriz, %12,1ekoa. Gainera, ikasten jarraitzen duten edo lanekoak ez diren jarduerak egiten dituztenen tasa %7,6koa da txosten orokorrean eta %7,5ekoa UPV/EHUri buruzkoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta